GARA Euskal Herriko egunkaria

Donald Sutherlanden ibilbidea sarituko dute Zinemaldian

Mende erdiko ibilbidean zehar 200 ekoizpen ingurutan parte hartzeko astia izan du Donald Sutherland aktore kanadarrak. Pertsonaia oso desberdinen eta gogoangarrien azaletan jarri da, zinemarako zein telebistarako film eta telesailetan. Oraingoan, Donostiara Giuseppe Capotondiren «The Burnt Orange Heresy» aurkeztera datorrela aprobetxatuz, bere ibilbidea txalotzen duen Donostia Saria eskainiko diote irailaren 26an.


Donald Sutherland aktore kanadarrak 50 urte eman ditu lanean, eta hasi zenetik ia urtero gutxienez film batean izan du paper bat, eta guztira 200 ekoizpen ingurutan hartu du parte. Halako ibilbide batek saria merezi duela erabaki du Zinemaldiak, eta horregatik Donostia Saria emango diola iragarri du. Aurtengo edizioko hirugarrena izango da hau.

Donald McNichol Sutherland 1935ean jaio zen, Saint Johnen (New Brunswick, Kanada). Ingeniari izateko asmotan zegoen, baina azkenean antzezpenaren alde egin zuen, eta telesail ugaritan parte hartuz hasi zen lanean. Pantaila handian, “Il castello dei morti vivi” (Warren Kiefer, 1964) Italiako izu-filmean egin zuen debuta, Christopher Leerekin batera. Lehenengo arrakasta Robert Aldrichen “The Dirty Dozen” (Urkamendiko hamabiak, 1967) gerra-ekoizpen klasikoarekin lortu zuen, Lee Marvin, Charles Bronson eta Telly Savalas aktoreen alboan.

Hurrengo hamarkadan ere film luze nabarmengarriak egin zituen: “Ordinary People”-n (1980) senide baten heriotzak jotako familia baten burua antzeztu zuen; eta “Eye of the Needle”-n (1981), berriz, nazi espioi bat. Ondoren egin zituen lanetan izar handiak izan zituen alboan: besteak beste, Al Pacino (“Revolution”, Hugh Hudson, 1985), Sylvester Stallone (“Lock Up”, John Flynn, 1989) eta Marlon Brando eta Susan Sarandon (“A Dry White Season”, Euzhan Palcy, 1989).

“JFK” (Oliver Stone, 1991) filmeko antzeztalde apartan aritu zen, Mr. X hezurmamituz; piromano ohia izan zen “Backdraft”-en (Ron Howard, 1991); Kristy Swansonen mentorea “Buffy the Vampire Slayer” filmean (Fran Rubel Kuzui, 1992) eta Demi Mooreren babeslea “Disclosure”-n (Barry Levinson, 1994). Garai hartan zinemagile gailenen esanetara aritu zen: Wolfgang Petersen (“Outbreak”), Joel Schumacher (“A Time to Kill”) eta John Turteltaub (“Instinct”).

“Space Cowboys” (2000) filmean, jantzi espaziala soinean jarri eta astronauta beterano batzuei buruzko istorio batean protagonista izan zen Tommy Lee Jones, James Garner eta filmaren zuzendari Clint Eastwoodekin batera. Hamarkada horretan egin zituen ere “The Italian Job” filmaren remakea, “Cold Mountain” eta “Pride & Prejudice” eleberriaren egokitzapen berria.

Azken urteetan

Azkenaldian bete duen rol ezagunenetako bat Snow presidentearena da, “The Hunger Games” sagan. “La migliore offerta”-n (Giuseppe Tornatore, 2013) Geoffrey Rush izan zuen antzezkide eta “Forsaken” (Jon Cassar, 2015) westernean bere benetako semea den Kiefer Sutherlanden aitarena egin zuen.

Duela bi urte, Sutherland eta Helen Mirren protagonista dituen “The Leisure Seeker” (Paolo Virzi, 2017) filmaren emanaldia hartu zuen Zinemaldiko Perlak sailak eta, aste honetan bertan, James Gray zuzendariak Veneziako zinema-jaialdian aurkeztuko du “Ad Astra”, kanadar antzezlearen azken lanetako bat.

Donostiara “The Burnt Orange Heresy” ekarriko du, Giuseppe Capotondik zuzendua. Pelikula hori proiektatuko dute Kursaalean irailaren 26an Donostia Saria banatzeko galaren ostean. Bertaratzeko sarrerak jada salgai daude Zinemaldiko webgunean.