27 AOûT 2019 «G7aren porrota eta kontragailurraren arrakasta» azalarazi dute Biarritzen Biarrizko Ozeanoaren Hiritik erdialdera abiatu ziren G7 Ez! eta Alternative G7! plataformetako kideak, Irun eta Hendaia artean egin zuten kontragailurreko manifestua Emmanuel Macroni helarazteko. Polizia frantsesak bidea itxi zien arren, beren mezua zabaldu zuten. Haritz LARRAÑAGA BIARRITZ Protesta ekintza «lasai eta indarkeriarik gabea, baina era berean, irmoa» iragarri zuten G7 EZ! eta Alternative G7! plataformetako ordezkariek Biarrizko Ozeanoaren Hirian eskaini zuten prentsaurrekoan, eta horrela izan zen. Lehenik, kontragailurrean adostu zituzten zazpi alternatibak aurkeztu zituzten Eñaut Aramendi, Aurelie Trouve eta Itziar Fernandezek, euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz. Horren ostean, Biarrizko erdialdera abiatu ziren manifestazioan. Miladyko biribilgunean pasabidea galarazi zieten poliziek eta zazpi minutuko eserialdia egin zuten, «aldarri bakoitzeko minutu bat» argitu zuen Aramendik. Amaitzeko, manifestuaren laburpen bat egin zuten komunikabideentzat eta “Ez, ez, ez, G7 ez! Bai, bai, bai, alternatibak bai!” leloa oihukatuz eman zioten amaiera manifestazioari. Poliziaz inguratuta prentsari egin zizkioten adierazpenetan, honakoa nabarmendu zuten: «Macronek esan zuen G7ak ez zuela akordioak adosteko balioko, eta horrela izan da, ez dute deus lortu, haien gailurra porrot bat izan da. Aldiz, guk askoren artean egin dugu kontragailurra eta gauza asko lortu ditugu, gurea arrakastatsua izan da». G7ko ordezkariei zuzenean alternatiba horien berri emateko aukera ukatu zieten arren, Macronek manifestuaren berri izango zuela jakinarazi zuten. Zazpi auzi, zazpi alternatiba Manifestuak, laburbilduta, zazpi arazo eta zazpi alternatiba proposatzen ditu. Honakoak dira zazpi puntuetako goiburuak: Bat, «larrialdi klimatikoaren aitzinean». Bi, «merkataritza askearen kalteei aurre egin». Hiru, nazioarteko erregulazio demokratikoaren beharra». Lau, «dominazio patriarkalaren txostenaren aitzinean». Bost, «multinazionalen hegemoniaren aitzinean». Sei, «Dumping eta zerga ihesari aurre egitea». Eta zazpi, «gerren biderketa». SETIO EGOERA«Legitimoa ez den G7ak, setio egoera ezarri eta manifestazio eskubidea urratzen» duela nabarmendu zuen Eñaut Aramendik, G7 EZ! plataformako ordezkariak, eta manifestazioetan izandako atxiloketak eta bortxa salatu zituen.