30 AOûT 2019 JOPUNTUA Jaiak geureak dira Maria del Rio Zuzenbidean doktorea Pixkanaka-pixkanaka herriko jaiak bukatzen doaz. Gehienetan, balorazio positiboak egin izan dira, bai udalen partetik, baita herri mugimenduetatik ere. Tamalez, ohikoa bilakatu da sexu erasoak salatu behar izatea. Erasorik gabeko jaiguneak eraikitzeko lana aitortzeko modukoa izan arren, gure segurtasuna eta askatasuna ez ditugu oraindik ere bermatuta. Badira erantzun-protokoloak, gero eta mobilizazio jendetsuagoak, elkar-zaintza eta autodefentsa kontzeptuak gero eta ezagunagoak zaizkigu, eta erasotzaileak ongietorriak ez direla aspertu arte aldarrikatu dugu. Halere, gure herriko jaiak errespetuan eta parekidetasunean gozatzeko arazoak izaten jarraitzen dugu: gure jaiguneak ez dira eremu guztiz askeak. Ez dut ezer berririk azaltzen arazo honen guztiaren muina askatasun falta dela esaten dudanean; sexu askatasun falta, hain zuzen ere. Bistakoa izan arren, zalantzan nago ideia hori benetan gurea egin dugun, guztiz barneratuta dugun. Egungo Zigor Kodean «sexu askatasunaren aurkako delituak» direla zehazten bada ere, hurbil samar geratzen zaizkigu askatasunaren ordez, «emakume zintzoaren ondra» babesten zituzten kodeak. 1989an lehengo aldaketak eman ziren, baina 1995eko kodea indarrean sartu arte ez zen ikuspuntu berria egonkortu. Dena dela, legeak aldatzea baino zailagoa da gure ideiak eta estereotipoak aldatzea; oraindik ere, irudi zaharkituen arrastoak aurkitu ahal ditugu bai jurisprudentzian, baita gizartean orokorrean ere. «Emakume zintzoaren» irudiak bizirik jarraitzen du. Sexu erasoren bat gertatzen denean «zintzotasun» hori zalantzan jartzeko joera izaten da oraindik ere. Ohikoa da modu argian, edo sotilean, biktimaren ohiturak eta bizimodua arakatzea, edo erasoan izandako jarreran arreta jartzea. Zer ikusirik dauka horrek guztiak biktimak pairatu duen autonomiaren urraketekin? Sexualitatea garapen pertsonal askearen adierazpen positiboa dela onartzen badugu, nori inporta zaio biktimak ligatzeko aplikazio bat erabili duen? Eta are okerrago, zertan zaizkigu lagungarriak gure askatasuna gehiago mugatzera datozen erakunde publikoen gomendioak? «Emakume zintzoaren» irudiak bizirik jarraitzen du. Sexu erasoren bat gertatzen denean «zintzotasun» hori zalantzan jartzeko joera izaten da oraindik ere