09 SEPT. 2019 ZIRIKAZAN Atzoko garaipenak Josebe EGIA Hondarribiarrek, joandako asteburuan, izan dute nahikoa motibo artega ibiltzeko: jaiak, Alardea eta Kontxako Bandera. Gutxiago-gehiago, jaiek beti eragiten dute irrika, zer ekarriko diguten, eguraldia nola portatuko den…; Alardeak, tamalez, elkar ikusi ezin duten iritziak eragiten ditu oraindik ere, poliziaren presentzia, plastiko beltzezko poltsak, txistuak… hogeitaka urteren ondoren, sinetsezina bada ere; Kontxako Bandera herrira eraman ala ez, festak, Alardea eta igandea denak batera izorra dakizkioke pertsona askori. Bada, aurtengoan, hondarribiarrek izan dute nahikoa motibo ospakizunez ospakizun ibiltzeko, urduritasuna besarkadatan, dantzatan, irribarretan eta xanpainetan desegiteko: festek herritar bakoitzari zer eman dioten eta zer ez alde batera utzita, Alardea istilurik gabe gauzatu dute, gai izan da herria iazko maila negargarrira ez iristeko, eta, egun berean, Kontxako Bandera mitiko eta desiratua etxera eraman dute, gizonezko arraunlariek (emakumeena, berriz, Orioko traineruko neskek, zorionak!). Pentsatzekoa da bigarren balentria horregatik hondarribiar guztiak, salbuespenik gabe, izango zirela harro eta pozarren, denek batera ospatuko zutela Ama Guadalupekoaren garaipena… elkarren artean nahasirik ere. Gizon zein emakume denak nahasirik dakartzan Alardearen martxa ona ez bezala. Atzo, “umiliatuak” sentitu ziren hondarribiar batzuk, “teknikoki manifestazio hutsa besterik ez” dena ikusi behar izateagatik “herriaren” Alardea igaro aurretik. Izan ere, Jaizkibel konpainia mistoak inoizko babesik handiena izan zuen herriko Kale Nagusian zehar, eta inoizko partaide-kopururik handiena konpainian bertan; badirudi, gainera, erakundeak eta politikariak ere hasiak zaizkigula norabide beretik egiten, gehixeago bat egiten berdintasunaren eta eskubideekiko errespetuaren aldekook, gizon zein emakume, ozenki diogunarekin: herri gipuzkoarren ospakizun horretan urtero jokatzen dena ez da hondarribiarrei soilik dagokien kontu bat, ez da tradizioa versus “tradizioa leherrarazi nahi duten andreen” arteko talka, ezta nor nagusitu gehiago, borroka horretan, “herriaren borondatea” ala “injerentzia arrotzak”. Hondarribikoa mundu zabalean emakumeokin gertatzen denaren adibidea da, bizitzako esparru guztietan gizonen pare parte hartzeko gure eskubidearen zapalkuntza etengabearena, eta han zein hemen horren kontra egiteari umiliagarri deritzonak, dela manifestazioetan, dela ospakizunetan, ez du bere herria maite, herritarren erdiak maite ez eta mespretxatu egiten dituenez gero.