24 SEPT. 2019 Gerra zikinak hildako Tomas Alba zinegotzia omenduko dute Donostian Batallon Vasco-Español talde parapolizialak Tomas Alba HBko zinegotzia hil zuenetik 40 urte betetzen dira aurten. Hori gogora ekartzeko, omenaldia egingo diote Donostiako udaletxean datorren larunbatean. GARA DONOSTIA Larunbatean beteko dira 40 urte Batallon Vasco-Español (BVE) delakoak Tomas Alba HBko Donostiako zinegotzia hil zuenetik. EH Bilduk hala eskatuta, Donostiako Udalak omenduko du. Hurrengo larunbatean izango da, urtemugarekin batera, alegia. Tomas Alba Batallon Vasco-Español talde parapolizialak akabatu zuen 1979ko irailaren 28an, Astigarragan. HBko zinegotzia zen Donostian, bai eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kidea ere. Larunbatean omenduko du Udalak, 40. urtemuga dela eta. Hala erabaki du Giza Eskubideen Batzordeak, EH Bilduk aurkeztutako ekimenari oniritzia emanez. EH Bilduk jakinarazi du erabakia. Azken urteotan beste bi aldiz behintzat egin dio aitortza Donostiako Udalak Albari: 2005. urtean bere omenezko plaka bat jarri zuen udaletxe barruan eta 2014az geroztik Tomas Alba izeneko plaza dago Saguesen, Nestor Basterretxearen “Bakearen usoa” eskultura dagoen inguruan. «Tomas Alba gatazkaren biktima da eta, beste biktima guztiek bezala, egia, justizia eta erreparazio eskubidea du. Alba Donostiako zinegotzia zenez, Udalak ardura berezia du Albaren aitortzan eta heriotzaren testuingurua ezagutarazteko lanean», azaldu zuen EH Bilduk proposamena aurkezteko arrazoien berri ematean. Talde honek adierazi zuenez, «indarkeria zikloa atzean geratzen ari den arren, ezin dugu ukatu bizikidetza demokratiko baterako bide luzea geratzen dela. Zoritxarrez, oraindik ez dira bermatzen biktima guztien justizia, egia eta erreparazio eskubideak. Horregatik, egia osoa ezagutze aldera, garrantzitsua da maila instituzionalean indarkeria polizialaren, gerra zikinaren eta eskuin-muturraren biktimak aitortzeko aurrerapausoak ematea». Honakoa ere erantsi du EH Bilduk: «Ezin dugu iragana aldatu, baina bai etorkizun hobe baten alde lan egin. Gertuko beste leku batzuetan sentsibilitate politiko eta sozial guztiak bildu dituzten akordioak egiteko gai izan dira, eta Donostia ezin da atzean geratu». 1937ko martxoan jaio zen Tomas Alba Irazusta eta Astigarraga berriro udalerria izateko borrokan parte hartu zuen. Kako tabernan afaldu eta gero autora itzultzen ari zenean, BVEko kideek tiro egin eta heriotza eragin zioten. ASTIGARRAGAAstigarraga berriz udalerria izateko borrokan parte hartu zuen Albak. Bide horretan, Donostiako zinegotzi hautatu zuten HBren zerrendetan. Kargu hori zuenean hil zuten BVEko kideek.