GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Simon Messnerrek esplorazioaren norabideari eutsi dio

Martin Sieberer austriarrarekin batera, tiroldarrak Muztagh Dorrearen ondoan dagoen Black Tooth-en (6.718 m) lehen igoera sinatu du. Bakarka, berriz, Geshot mendiaren (6.200 m) lehena sinatu du. Bi gailur horiek Nanga Parbateko eremuan kokatzen dira.


Inguruko lagun askok galdetu didate ea Simon Messner Reinhold Messner mendizale historikoaren semea ote den. Baiezko erantzuna eman diet. “Txutxu-mutxu” gehiago nahi zutenez, gehitu dut aitaren legatua alde batera utzi behar dela, eta semea berak egiten dituen jarduera alpinistikoengatik aztertu eta neurtu behar dela. Eta hori guztia aipatzen nien kasu honetan Reinholden “itzala” zama bihurtu daitekeelako Simonentzat.

Kontua da, joan den udan, Simon Messnerrek hedabide espezializatuetara egin zuela jauzi. Bueno, orokorretara ere bai. Eta salto horrek badu oinarri bat. Talde txiki batekin (tartean aita zegoen) Nanga Parbaten inguruan dauden mendietara esplorazioa egitera abiatu zen. Eta espedizio horretatik uzta oparoa ekarri zuen etxera. Lehenik eta behin, iragan ekainaren 29an Geshot mendiaren (6.200 m) lehen igoera egin zuen; bakarka, gainera. Esan daiteke jarduera hori beroketa lanerako erabili zuela; izan ere, uztailaren 26an, Martin Sieberer austriarrarekin batera Muztagh Dorrearen alboan dagoen Black Tooth mendiaren (6.718 m) lehena patrikara eraman zuen.

Nahiz eta aitaren istorio alpinistiko azpimarragarriak behin eta berriro entzun zituen, 29 urteko alpinista tiroldarrak mendian eginiko lehen urratsak “berandu” iritsi ziren: «16 urterekin hasi nintzen. Hermann Buhl Nanga Parbaten, Doug Scott Ogron, Walter Bonatti Freneyn... Horien guztien pasarteak aitaren aldetik entzun ditut. Liluratuta nengoen, eta denboraren poderioz eskalada eta alpinismoa ezagutzera irten nintzen. Biologia molekularrean titulua dut, eta eremu zientifiko oso interesgarria bada ere, argi dut laborategia ez dela nire mundua. Ezin dut hamar ordu hor itxita igaro, jakinda kanpoan eguraldi ona egiten duela. Ikasketak bukatu bezain laster, nire helburua zen ahal nuen lan gutxiena egin eta mendian denbora gehiago pasa. Horretan nengoela, egun batean aitak esan zidan mendiko filmak elkarrekin egin behar genituela. Hasieran ez neukan oso argi, baina proposamena ondo aztertu ondoren, aurrera egitea erabaki nuen».

Antza denez, apustu horrek mendiarekin lotura zuzena eman zion, eta bere kabuz jarduera alpinistiko teknikoak egiten hasi zen. Joan den udan egin zuen bi hilabeteko espedizioaren inguruan, alpinista tiroldarrak adierazi du Ghesot mendia igotzeko xedea aitaren aldetik iritsi zitzaiola: «1970. urtean Nanga Parbatera joan eta Rupal isuritik lehen igoera sinatu zuenean, mendi hori ikusi zuen. Bunar haranean, Nanga Parbatetik 18 kilometrora. Esan zidan elkarrekin eskalatu behar genuela. Teknikoki erraza zirudien. Baina joan den ekainean elur asko bota zuen, eta mendia beste denboraldi ‘normal’ batzuetan baino askoz ere arriskutsuagoa zegoen. Elur-jausien mamua hor zegoen. Bakarka probatzera abiatu nintzen, era arin eta azkarrean eskalatzean arrisku hori hobeto kudeatu daitekeelako. Erabakia ondo irten zen».

Bai, mendiaren baldintza arriskutsuak ondo neurtu ondoren, Messnerrek bakarka jardun zuen; kanpaleku nagusian, berriz, aita zen. Oro har, eskalada ez zen batere erosoa izan, elur-jausien arriskuari eguraldi kaskarra gehitu behar baitzaio: «Geshot mendia ederra da oso, baina hura lehen aldiz igotzeko egin nuen lana gogorra izan zen. Elurra belaunera iristen zitzaidan, makina bat serac ditu... 4.600 metrora zegoen oinarrizko kanpaleku aurreratutik hasi nintzen. Bost ordu eta erdi behar izan nuen gailurra lortzeko; hamarrak baino lehen han nengoen. Jaitsiera, berriz, oso arriskutsua izan zen. Elur-jausi guztiak saihestu eta kanpaleku nagusira onik iritsi nintzen».

Black Tooth

Mendi hori, bestalde, ez zegoen bere aitaren asmoen artean. Philipp Brugger eta Martin Siebererrekin batera partekatu zuen. Hain zuzen ere, duela hiru urte Felix Berg eta Mathias Kroenigek egin zuten saioaren ondoren jaio zen: «Hasieran, lagun horiek probatu zuten bidea eskalatu nahi genuen. Baina ondo aztertu ondoren, ohartu ginen marra hori ez zela batere segurua. Horren ondorioz, estrategia aldatu eta hego hormatik igotzeko erabakia hartu genuen».

Black Tooth mendia oso ezaguna den Muztagh Dorre estetikoaren ondoan dago, Baltoroko eskualdean (Pakistan). Hego isuriari ekiteko, frantziarrek 1956. urtean Muztagh Dorrearen bigarren igoera lortu zutenean erabilitako glaziarretik irten ziren. Izotz beltz gogorrarekin egin zuten topo. Sekzio horrek (WI5+) soilik 20 metro zituen. Soka finkoa jarri eta kanpaleku nagusira jaitsi ziren.

Nahiz eta girora egokitzeko fasea amaitu gabe zuten, alpinistok lehen ekinaldian buru-belarri sartu ziren; izan ere, eguraldi iragarpenak onak ziren. Lehen saio hori uztailaren 21ean hasi zuten: «Izotz mehearekin eta elur hezearekin egin genuen topo. Horrek guztiak, jakina, gure progresioa mantsotu zuen. Bero egiten zuenez, eguerdian atseden hartu genuen. Tenperaturek behera ez zutenez egin, ekinaldi horretatik erretiratzea erabaki genuen».

Kanpaleku nagusian zirela, beste eguraldi iragarpen bat iritsi zitzaien: lau eguneko leiho on bat gainean zuten. Hori entzun bezain pronto, berriro martxan jarri ziren: «Philipp ondoezik zegoen; hots, girora ez zen ondo egokitu. Martin eta biok uztailaren 24an Black Tooth lehen aldiz igotzera abiatu ginen. Ez zen batere ondo hasi; izan ere, sukaldaria ez zen esnatu eta hala moduz gosaldu behar izan genuen. Hori gutxi ez, eta glaziarra zeharkatzen ari ginenean, Martinek izotz zubi bat puskatu eta erabat busti zen. Alabaina, aurreko saioan antolatutako bibakera goizeko zortzietan heldu ginen».

1.200 metroko goranzko desnibela egin eta gero, bi protagonistok bibak horretan aterpe hartzea erabaki zuten; izan ere, oso nekatuta iritsi ziren. Biharamunean, goizeko lauretan, berriro eskalatzen hasi ziren. Ensamblean igotzea erabaki zuten, besteak beste, denbora aurrezteko.

Egunsentiarekin batera, mendiaren goialdean dagoen izotzezko sekzio gogor batera heldu ziren: «Madarikazioa! Espero genuen baino tenteagoa zen: 55°-60° (250 m). Izotz beltza eta elur geruza ezegonkorra. Geure buruak babesteko komeriak izan genituen. Tarte hori eta goiko ertza gainditu ostean, erlaitz txiki batean bibaka egin genuen. Azken eskalada eguna goizeko lauretan hasi zen. Aurrean genuena oso tentea zen. Arrokazko dorre bat (M5) gainditu eta oso ikuspen gutxirekin arratsaldeko ordu batean gailurrera heldu ginen. Jaitsiera oso arriskutsua izan zen. Sei rappel egin ondoren, lainoa altxatu zen. Bide egokian geunden. Baina leher eginda geunden, eta gure urratsak zeharo mantsotu ziren. Gainera rappelatzeko soilik iltze batekin geratu ginen. Arrokan sartu baina ez nintzen ohartu ondo jarrita zegoen. Martin rappelatzen hasi zenean iltze hori ia irten zen. Susto batean geratu zen! Zorionez, paretaren oinarrira iritsi eta gaua han igaro genuen».