GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Dave MacLeod berriro itzuli da trad estiloaren lehen lerrora

41 urteko eskalatzaile eskoziarrak Binnein Shuasen zabaldutako «Mind Riot» bideari puntu gorria jarri dio. E10 7a zailtasunaproposatu du; hots, gure eskalan 8c inguruan dabil, baina arrisku handia du. Haren ustetan, orain arte eskalatu duen zailenetarikoa da.


Dave MacLeod trad estiloan jarduten dutenen artean espezialista sasoikoenetarikoa da. Adibidez, duela hamahiru urte gai izan zen eskalada tradizionalean “Rhapsody” bezalako marra bat (E11 7a) zabaldu eta kateatzeko. Gradu bera duen “Echo Wall” ere kateatu du. Hots, estilo horretan dauden bi bide zailenak.

Baina irakurleak ondo daki bide horietan zailtasunak (gure eskalan 8c dira) arriskuarekin lekua partekatzen duela. E11 graduak adierazten du eroriko batek zauri oso-oso larriak eragin ditzakeela. Beraz, espezialistek kasu askotan zailtasunari baino garrantzi gehiago ematen diotebide horiek duten arriskuari.

Hain zuzen ere, jardun horietan eskalatzaile eskoziarrak istripu bat baino gehiago izan du, eta, horien guztien ondorioz, azken urteotan ezin izan du bere maila eman. Alabaina, egun guztiz osatu eta Binnein Shuasen dagoen “Mind Riot”-ekin lehen lerrora itzuli da.

Duela gutxi kateatu du, eta harentzat E10 7a zailtasuna proposatu du. 30°-ko eroria duen bi murru lotzen ditu, eta amaieran gure eskalan 8a+ gradua duen sabai bat du.

MacLeodek berak onartu du xede horren atzetik denbora luzea egin duela. Paraboltak debekatuta daudenez, 41 urteko eskalatzaile honek kontu handiz jardun du. Bidea amaitzea bitan erdietsi zuen, baina arrisku handia duenez, puntu gorria beranduago iritsi da. Soilik gogoratu behar dugu bidearen giltza friendekin edo fisureroekin ezin dela babestu, eta eroriko batek erlaitz batera eramaten duela.

Egoera hori ondo baino hobeto kudeatu ondoren, eskoziarra pronto zegoen behin betiko saioei ekiteko. Eta horiek urrian iritsi dira: «Udazkenarekin batera, eguraldiak okerrera egin eta proiektu hau atzeratzeko arriskua zegoen. Oso motibatua nengoen, eta oso sentsazio onak nituen. Nahiz eta iragarpenetan ez azaldu, etxetik atera nintzenean euria egin zigun. Hala ere, ‘Mind Riot’ ez zegoen bustia. Lehen saioari ekin nionean, ezustekoa izan nuen. Bidearen sekzio gogorrenean irrist egin nuen. Pixka bat gorago erori izan banintz, beheko erlaitza zain nuen. Zorionez, neure burua babesteko jarritako tresneria ez zen atera. Bueno, friend bat ia-ia atera zen. Horrek, nolabait, lasaitzeko aukera eman zidan».

Zailenetarikoa

Bigarren ekinaldia zeharo desberdina izan zen. Bidearen lehen giltza erraztasun handiz gainditu zuen, eta bigarrenak ere ez zion buruhausterik eragin. Beste era batera esanda, MacLeodek saio biribila egin zuen.

“Mind Riot” patrikan zuen, eta aurreratu dugun bezala, lesioak atzean utzi, sasoia berreskuratu eta trad estiloko bideen jardunetan lehen lerrora itzuli da. Bidetik jaitsi bezain laster, eskalatzaile honek zalantzak izan ditu “Mind Riot”-en zailtasunaren inguruan proposamena egiteko: «Eskalada tradizionalean egin dudan ia zailena izan da. Gogorrenak kateatu nituela urte asko igaro dira. Uste dut ‘Echo Wall’ zailagoa izan daitekeela; izan ere, babesteko lekuak askoz ere urriagoak dira. ‘Rhapsody’-rekin, berriz, antz handiago du; hain zuzen ere, giltzak diren bi sekzioetan».

Hori zailtasunari dagokionez; arriskuaren inguruan, bestalde, gogoratu behar da “Mind Riot”-ek balizko eroriko larriagoak dituela, eta, errepidearen ondoan egon ordez, mendian dagoela: «E10 jarri diot, eta ‘Rhapsody’-ri E11 jarri nion. Zergatik hori? Bada, ez dut batere argi. Agian, egun kontserbadoreagoa naiz. ‘Rhapsody’ eskalatu nuela denbora igaro da, eta horregatik ez dut gogoratzen zein zaila zen».

MacLeodek argi du zalantza horiek ez dutela bere azken jarduera azpimarragarria ilunduko: «Ez dut uste une honetan gai hori garrantzitsuena denik. Errepikatzaileek ‘Mind Riot’-en zailtasuna sendotuko dute. Nik argi dudana da ‘Echo Wall’-en ostean, azken hau dela egin dudan zailena».