04 NOV. 2019 JOPUNTUA Alfonbra azpian Arantxa Manterola Kazetaria Gertaera bitxi bezain ezohikoa jazo da Estatu frantsesean. 14 kazetarik, –batzuk entzutetsuak, sona handikoak– Robert Boulin-en inguruko artxiboak desklasifikatu ditzala eskatu diote Emmanuel Macron presidenteari. Boulin duela 40 urte aurkitu zuten hilda Rambouillet basoko zingiratxo batean. 59 urte zituen eta Valery Giscard d’Estaing presidentearen Lan ministroa zen. Aurrez De Gaulleren eta Pompidouren agintaldietan ere zenbait ministerioren ardura izan zuen erresistentzian engaiamendu handia izandakoak. Ofizialki suizidioa izan zen, baina familiak ez du inoiz bertsio hori sinistu. Ezta ikertzen aritu diren kazetari eta aditu askok ere. Izan ere, gauza harrigarriak daude afera honetan: gorpua nola agertu zen, presaz egindako autopsia partzialak (50 cm-ko sakontasuneko zingiran ito omen zen eta ez zizkioten birikak analizatu ere), fitegi emandako bertsioa ofiziala… Familiak egia jakiteko hasieratik daraman borrokari esker, arrapaladan itxitako afera zenbaitetan ireki da. Tarte horietan egindako ikerketek, autopsia berriek, jaso ahal izan diren lekukotasunek konbentzimendu batera eraman ditu senide eta ikerlari zenbait: Boulin erail egin zuten. Ministroak zenbait informazio labain omen zituen eta horregatik «garbitu» zutela uste dute. 2015az geroztik auzia berriro zabalik dago epaitegietan, baina argia egiteko oztopoak ez dira desagertu. Horiek horrela, estatu-erailketa bat izan zela gero eta nabariago, «gure herriko bizitza politiko eta zibikoa ohoregabetzen duen» afera behingoz argitzeko, dokumentuak desklasifikatu ditzala eskatu diote kazetariok Macroni. Are, Donald Trumpi ere eskaera bera egin diezaiola. Izan ere, CIAk ere zerikusia izan omen zuen “Boulin aferan”. Kazetari hauek egindakoa ohiz kanpokoa da kazetagintza hain prostituitua dagoen garaiotan. Arraroagoa izango litzateke, ordea, Emmanuel Macronek eskaera aintzat hartzea. Sei presidente pasatu dira eta artxibategiko sarrailek itxita segitzen dute. «Demokraziak» izanagatik, denok dakigu estatu-interesen aitzakiapean alfonbra azpian hamaika desmasia dauzkatela estatuek. Dokumentuak desklasifikatu ditzala eskatu diote kazetariok Macroni. Are, Donald Trumpi ere eskaera bera egin diezaiola. Izan ere, CIAk ere