GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Ortografia, izutze-saioak, feminismoa eta barregura


Izango da deformazio profesionalagatik, baina zeharo jasangaitza zait karteletan, iragarki idatzietan, pintadetan-eta ortografia-akatsak ikustea; euskaraz, bereziki. Ez da normala, behin egitea erabakita, ez kezkatzea zuzen egiteaz, behintzat; pentsatu ohi dut asko dioela xehetasun horrek egileaz.

Bada, euskarazko desastreak alde batera utzita, gaztelaniazko idazki batzuek ni ez ezik Bilbo Zaharra ere asaldatu zuten joan den astean. Pikara Magazineko neskei eta, zehazki, Irantzu Varela kazetari eta ekintzaile feministari eskainitakoez ari naiz, bai, izen-abizen eta guzti: «Irantzu Varela sopláme la vela» (parentesi artean, normalean itzulpena idatziko nuke, baina ez du merezi zaborra zabaltzea). Aiii amaaa!!!, esanahiak berak eragiten dituen goragale eta amorru bizia gutxi balira bezala, hori begietako mina, hori dezepzioa, hori arrangura gazteen hizkuntza-gaitasunak nola dabiltzan ikusita: aditz, artikulu eta substantibo banaz osaturiko perpaus ziztrin bat, xinple-xinplea, behar bezala idazteko ezgai totalak. Zelako kontraesana, hain zuzen beste ezeren gainetik itxura txukun, dotore, beren gurasoenaren ahalik eta parekoena, ortodoxoetan ortodoxoena, maite duten gazte horiena, ultraeskuineko jendearen eta alderdien kumeena. Nola dabiltzan, beren arbasoen legez ilea harrotu ere egin barik, jakina, izua zabaldu nahian, arriskutsutzat jotzen duten guztiari erasoz; eta ez dago haien munduaren ikuskerarako gauza arriskutsuagorik feminismoa eta feministak, eta genero- eta sexu-askatasuna, baino. Izan ere, pertsonon arteko berdintasunak, benetako eta betierekoak, helduagoak direnean oinordetzan jasotzea espero duten txiringitoa desmuntatuko lieke, pribilegiorik eta domeinurik gabe utziko lituzke, edozein txakurtxirularen antzera (Jainkoak gorde gaitzala!), berezkoa duten harrotasun nazionalista, faxista, sexista eta supremazista hori elikatzeko baliabiderik gabe. Ondotxo dakite.

Ez dakite, ordea, izua baino barrea eragi(te)n digutela, jabetu ezinik dabiltzalako, azentu-markaren kokalekuari dagokionez bezala, beren izate hutsak are gehiago ahizpatzen gaituela; Irantzu Varela sekula isiltzen ez den bezala, andreok feminismoan bat eginda bide horretatik goazela mundu osoan, lehengora itzultzeko inongo asmorik gabe, besteak beste heteropatriarkatuaren eta iraunarazi nahi dutenen zigorgabetasun historikoarekin bukatzeko.