GARA Euskal Herriko egunkaria

Erorien Haranean senideak dituzten sei euskal familiak bilera izan dute Madrilen


Sei euskal familia eta Valentziako beste bat Madrilen izan ziren atzo espainiar Gobernuko Presidentetza Ministerioaren baitan memoria historikoaren ardura duen Espainiako Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak deituta. Erorien Haranaren egoera tekniko-arkitektonikoaren berri eman zieten bilkuran. Senideak sentipen «gazi-gozoarekin» atera ziran bileratik eta erakunde guztien «ardura» eskatu zuten.

Francoren gorpuzkiak Erorien Haranetik atera dituzten honetan, 1.000 euskal herritarren gorpuzkiak bertan daude oraindik. Familia ugari ari dira etxera ekartzeko borrokan. Ekhiñe Atorrasagastik bertan du Lucas Ugarte senidea eta, NAIZ IRRATIAri azaldu zionez, ez dute argi zergatik egin zaien deialdia soilik familia batzuei.

Atzokoak bilera informatiboak izan ziren. 48 ordu lehenago jaso zuten Madrilera joateko abisua eta, bertan, Erorien Haranaren egoera tekniko-arkitektonikoaren berri eman zieten, baita «diskrezioa» eskatu ere, beste senide batzuek ez zutelako gonbidapena jaso. Astelehenean igorriko diete txostena ofizialki eta txosten horren gainean aztertuko dute indarrean dauden desobiratze eskaerak bideragarriak diren edo ez.

Sentipen «gazi-gozoa» utzi zion bilerak Atorrasagastiri. «Francoren desobiratzearen ondotik, nola egin zen ikusita eta ondorengo deialdiak ikusita, egoera irregular batean gaudela ikusi dugu. Gu senide batzuk gara, baina askoz gehiago dira. Iruditzen zaigu hau luzapen amaigabe batean sartzeko ideiarekin egiten dutela, arazo edo oztopo teknikoak argudiatuta».

«Legea behar dugu»

Erorien Haranean dauden gorpuzki guztien egoera konpontzeko «erabaki politiko bat» eskatu zuen Atorrasagastik. Euren senideak desobiratzeko eskubidea aitortuko zaiela baieztatu zieten, baina ez dira oso baikor.

Erakunde guztien «ardura» eskatu dute afera argitze aldera. «EAEn frankismoaren biktimentzako legerik gabe jarraitzen dugu. Egia eta aitortza eskatzen baditugu gizarte bezala, horrelako gertaerak argitzeko modua emango duen lege bat behar dugu», nabarmendu zuen.