08 NOV. 2019 HERRI KIROLAK Euskal Herriko 4x4ko sokatira txapelketa hasiko da igandean Artziniegan Abenduaren 21ean amaituko da eta guztira zazpi jardunaldi jokatuko dira. Andres OSA «SAKONA» Euskal Herriko 4x4ko txapelketan 260 eta 240 kiloko kategorietan arituko dira emakumeak, eta, gizonezkoak, 320 eta 300 kilotan. 280 kiloko kategoria mistoa ere jokatuko da. Igandean hasi eta abenduaren 21ean amaituko da txapelketa. Guztira zazpi jardunaldi jokatuko dira. Igande honetan, gizonezkoen 320 kiloko kategorian, zortzi talde izango dira: Bizindar, Txantrea A eta B, Beti-Gazte, Badaiotz A eta B, Gaztedi eta Ibarra. Emakumeen 240 kiloko kategorian Bizindar, Beti-Gazte, Antsoain, Gaztedi eta Ibarra ariko dira. Aipatu kategoriotan bi jardunaldi izango dira: igandetan 11.30ean eta larunbatean 17.00etan. Urrezko Aizkora Elvillarren Bihar, 12.30ean, Urrezko Aizkolarien Kopako kanporaketa eta Gabonetako Harri-jasotze Txapelketako kanporaketa jokatuko dira Arabako Errioxako Elvillar herrian. Ardo dastatzea ere izango da gerturatzen direnentzat. Aizkoran Ugaitz Mugerza eta Jesus Mari Mujika izango dira protagonista, bakoitzak 54 ontzako zortzi “kanaerdiko” ebaki beharko ditu, pago enborrak guztiak ere. Gabonetako Harri-jasotze Txapelketan, berriz, Jagoba Otaegi eta Aritz Etxeberria Ureta neurtuko dira. Hemen ere kanporaketa da eta irabazten duenak txapelketan aurrera jarraituko du. Fikan, Bizkaiko txapelketa Bihar, Bizkaiko Gamiz-Fika herrian Bizkaiko promozio mailako harri-jasotzaileen txapelketa jokatuko da, 12.00etan. Parte hartuko dutenak dira Alex Suarez, Endrike Maeztu, Iñigo Jimenez, David Herrero, Alex Merlo, Petre Bulgarrea, Cristian Merchan, Jon Isasi, Unai Barinaga eta Nicolas Martin. Egin beharreko lana da 88 kiloko kubika eta bola jasotzea. Bakoitzarekin hiruna minutu izango dituzte. Getxon, I. Pentatloi Saria Bihar, Algortako San Nikolas plazan, Getxoko I. Pentatloi Saria jokatuko da 12.00etan. Partaideak Ousmane Drame, Unai Ardeo, Beñat Amade eta Jon Gisasola Zelai V.a izango dira. Egin beharreko lana da 100 kiloko bolari 15 jasoaldi ematea, giza proban 400 metroko bi plaza egitea, aizkoran 45 ontzako lau enbor ebakitzea, txinga-eroaten 50 kiloko txingekin lau plaza egitea, eta, azkenik, korrika 15 itzuli ematea plazari.