GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Boterea «txarra» da, benetan?


Aitortuko dut: lur eta zur utzi naute Boliviako egoeraz irakurri ditudan diskurtso batzuek. Haserre idazten ari naiz hitz hauek, zintzoki esateko.

Gerla bilatzen ari omen diren bi sektoreetatik ihes egin beharra dagoela irakurri dut, Evo Morales eta Biblia eskuetan militarren eskutik lehendakari izan nahi duen atzerakoi arrazista maila berean baleude bezala. Ez dela estatu kolpea diote, herri altxamendua baizik; eskuinak bereganatu nahi duena, baina, finean, herri ekimena. Demokrazia itzultzen ari dela Boliviara, arazoak arazo, azkenean… Idatzi bezala, zur eta lur!

Nonbait, ezkerreko guru batzuei iruditzen zaie oraingoa dela unerik egokiena indarrez desegin duten Boliviako Gobernuaren kontrako deskalifikazio handienak aldarrikatzeko. Kontua ez da, jakina, kritika errefusatzea, gertatzen ari dena ulertzea baizik. Horrelako eraso bat gauzatzen ari den bitartean nork sinesten du hobekuntzarik etor daitekeenik errestaurazio oligarkiko batetik, Evoren Gobernuaren ibilbideaz iritzirik txarrena izanik ere?

Baina hauek guziak ederrak badira, makurrena falta da. Boterea txarra omen da, aizue, beti delako opresibo, kolonial eta patriarkala. To! Beti, kasu guztietan! Ezin da botere feminista edo dekolonialik eraiki, ondorioz, berez, patriarkal eta koloniala delako boterea.

Gauzak horrela, Boliviako Gobernuak bere buruaz beste egin du, botereak beti eta derrigorrez hori dakarrelako, eta ezkerrak ulertu behar du, ondorioz, boterea txarra dela. Ikuspegi hori aintzat hartuta, errazago ulertzen da Evo Morales aimara eta kriollo faxistak berdintzea. Hara nora eramaten ahal zaituzten teoria batzuek!!!

Gure garaikoa ezker ederra izanen da horrelako ergelkeriak irentsiz gero: boterea konkistatu nahi ez duen ezkerra, eskuinaren amets beroa!!! Egun Mexikon atertuta dagoen Garcia Linerak, Moralesen lehendakariordeak, argi izan du beti: jarrerok zapalkuntza indartzen dute, kontrakoa aldarrikatu arren.