GARA Euskal Herriko egunkaria
SAKABANAKETAREN BIKTIMAK

GUTUNAK ETA AITORTZA 16 BIKTIMENTZAT

ETXERAT ELKARTEAK «GUTUN MEZULARIAK» IKUSKIZUNA ANTOLATU ZUEN ATZO GERNIKAN. DISPERTSIOAK ERAGINDAKO 16 BIKTIMEN AITORTZA LORTZEKO BIDEAN, MUSIKA ETA HITZA LAGUN, BIKTIMA ETA PRESOEN SENIDEEKIN, ERAGILE POLITIKO, SINDIKAL ETA SOZIALEKIN PARTEKATU ZUTEN BAI IKUSKIZUNA BERA BAI DISPERTSIOAREKIN AMAITZEKO PREMIA.


Ofizialki onartuak izan gabe jarraitzen duten sakabanaketak hildako 16 lagunak gogoratu zituen atzo “Gutun mezulariak” ekitaldiak mukuru betetako Gernikako Lizeo antzokian. Ikuskizuna hasi baino lehenago, Urtzi Errazkin Etxerat elkarteko bozeramaileak «elkarbizitzan aurrera egiteko» dispertsioak eragindako biktimen aitortza «ezinbestekoa» dela nabarmendu zuen. «Gorrotoa eta mendekua lehentasun bezala hartzen dituzten estatuen aurrean», Errazkinek auzolana, instituzioen eta eragile politiko eta sozialen parte hartzea eta mobilizazioak aldarrikatu zituen, eta Etxerat elkarteak euskal gizartean «konfiantza osoa» duela nabarmendu zuen.

Gizartearen babesaren erakusle, Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea Lizeo antzokiko ekitaldian egon zen, Ainhoa Salterain eta Jesus Lakerikagogeaskoa EAJ ordezkariekin eta EH Bilduko Jon Iñarritu, Julen Arzuaga eta Egoitz Garmendiarekin batera. Pili Zabala eta Eneritz Madariagak, berriz, Ahal Dugu-Podemos ordezkatu zuten. Euskal Herriko eragile sozial eta sindikal nagusietako ordezkariak ere bertaratu ziren. Lizeo antzokia guztiz bete zen sakabanaketak eragindako biktimen senideekin, euskal preso politikoen senide eta lagunak ahaztu gabe, eguraldi kaskarrari aurre eginez beste behin ere autoa hartu behar izan zutenak. Guztiek sakabanaketarekin ahalik eta lasterren amaitzeko beharra eta premia azpimarratu zituzten.

Argiak itzalita, musika doinuek lagunduta irakurritako lau gutun izan ziren injustizia kontatu eta jendartean zabaldu eta sentitzeko bitartekoa. Oholtzan, besaulki bat, mahaia bat eta lanpara bat. Besterik ez lau testigantza gogor plazaratzeko.

Lehendabiziko gutuna, motxiladun haur batena, rap doinuen eskutik heldu zen. Sakabanaketak justizia ulertzeko zailtasuna eragiten dio haurrari, amarengandik urrun sentitzearen ulertezintasuna, baita motxilan daraman zama gainetik kentzeko ezintasuna ere. Amaren, aitaren hutsunearekin egin behar izaten diote aurre egunerokotasunari haur motxiladunek; hori gutxi ez balitz, faltan dituztenekin egon ahal izateko milaka kilometrotako bidaiak egitera zigortzen dituzte hilero. 113 dira aita, ama edo bi gurasoak espetxean dituzten haur eta nerabeak, eta tartean badira euren amekin espetxean bizi diren txikiak ere, 24 orduz amarekin egotetik hilean aurrez aurreko soil bat izatera pasatzen direnak 3 urte betetzean.

Bigarren gutuna, alzheimerrak bidaia luzeak egitea galarazi dion amama batena izan zen. Etxerat elkarteak emandako datuen arabera, presoen gurasoen %98k 60 urte baino gehiago dituzte; gehien-gehienek, gainera, 70 urtetik gora ere badituzte. Gurasoak ez ezik, egoera berean daude beste senitarteko asko ere, hala nola, osaba-izebak eta aitona-amonak. Hori horrela, adinak aurrera egin ahala, kasurik onenetan 800 kilometrokoak diren bidaiei uko egin beharrean aurkitzen dira senitarteko asko; ezinbestean, seme-alabak, bilobak, ilobak... bisitatzeari uko egin beharra izaten dute. Egoera latzok islatu zituen Jon Maiak irakurritako mezuak, ahanzturaren aurkako alegatua izan zena: «Alzheimerra txarra izango da, baina are okerragoa da amnesia politikoa».

kondenarekin amaitu

Atzo irakurritako hirugarren gutuna espainiar Estatuak 1989an espetxe politika aldatzeko hartu zuen erabakiaren kontrako mezua izan zen, presoak kaiola urrun eta hotzetan sakabanatzearen aurkakoa. Banaka-banaka gogoratu zituzten errepidean bizitza galdu dutenak.

Hori horrela, 1989an Aranda de Dueron hil ziren Rosa eta Arantza gogora ekarri zituzten, Koldo Amezaga presoaren bi arrebak. Baita Leonen 1990ean hil ziren Pilar eta Alfonso, Maribi Ramila presoaren ama eta laguna. Publikoak ez zuen ahaztu Antxoni Fernandez ere, Angel Figeroa presoarena amona, Alcala-Mecora bidean Aranda de Dueron hila, 75 urte zituela, 1997an. Gogoan izan zuten ere sakabanaketaren azken biktima, Natividad Junko; Gasteizko Txagorritxuko erietxean hil zen, Unai Gonzalez alabaren mutil-laguna ikustera zihoala istripua izan ostean, 2007ko Gabonetan.

Nola ahaztu espetxera bidean edo bertatik bueltan hildako 16 lagunak: «16 malko, 16 lore, ahaztezinak diren 16 biktima».

Laugarren gutuna espetxe politikarekin amaitzeko eskaera izan zen, off-eko ahots batek irakurritakoa. Dispertsioa senideentzat kondena bat dela salatu zuten, 30 urte luze indarrean daramatzan kondena: «Titular iragankor batean azkar esan daiteke, baina denbora motel-motel igarotzen da». Horregatik, espetxe politika aldatzea exijitu zuten, sakabanaketa urtez urtez, hamarkadaz hamarkada sufritzen ez jarraitzeko.

Lau gutun, lau sufrimendu bildu ziren atzo Gernikan, konponbidean aurrera egiteko 16 hildakoen memoria eta aitortza aldarrikatzea helburu. Espetxeratutakoek jasaten duten zigor paraleloa, dagoeneko 30 urtez luzatu den zigor gehigarria, behin betiko amaitzeko premia aldarrikatu zuten. Eta atzo irakurritako lau gutunak azkenak izateko desira agertu zuten.