GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Espartak Espainiako Kopa irabazi du

Fedme-k antolatutako zirkuituan bilbotarra erregularrena izan zen; azken proban ere gailendu zen. Denera, euskaldunek bost domina eskuratu zituzten.


Hirugarren eta azken hitzorduarekin Eskaladako Espainiako Kopako aurtengo eskalada lehien denboraldia amaitu da. Eta euskal ordezkariei dagokienez, aurreratu behar dugu erregulartasunaren zirkuitua emaitza bikainekin bukatu dela. Guztien artean bat azpimarratu behar dugu: Bittor Espartak senior kategorian erdietsitako garaipena. Sasoikoena izan zen joan den asteburuan Madrilen jokatutako hirugarren proban, eta pilatutako puntuei esker, etxera ekarri du urrea.

Ainhize Belar, Haizea Oses, Manex Iñurrategi, Aimar Uson, Martzel Vicario, Marin Urrutia eta Iñaki Arantzamendi ere protagonistak izan ziren. Ez zuten Espartak bezala garaipenik lortu, baina, bederen, lehen hiru sailkatuen artean sartu ziren. Hots, 14 urtez azpikoen kategoriatik hasi eta seniorretara, Euskal Mendizale Federazioaren ordezkariak nabarmendu ziren.

Ohi den legez, nagusien maila arreta handiena jasotzen duen kategoria da. Neskei dagokienez, aurreratu behar dugu Madrilen EMFren ordezkaririk ez zela finalean izan. Mutilek, ordea, beste aurpegi bat erakutsi zuten. Parte hartu zuten hemezortzi lehiakideetatik zortzi finalera igaro ziren. Eta, arestian esan dugun bezala, ohorezko txanda horretan hiru euskal eskalatzailek jardun zuten: Espartak, Arantzamendik eta Urrutiak.

David Gambus eta Sergio Verdosco izan ziren ekipatzaileak. Ez zuten lan erraza izan, besteak beste, inauguratu berri zen Climbat X-Madrid rokodromoak eskaintzen zituen egiturak erori handirik ez zuelako. Horregatik, bide teknikoak eta aleatorioak prestatu zituzten.

Sailkapen txandan, adibidez, Espartak erakutsi zuen behin betiko garaipena lortzeko gogo handiz zegoela. Eta irudi bera eman zuen finaleko bidean. Mugimenduak eta sekuentziak ondo irakurtzea kosta egin zitzaion, baina goiko sekzioan ondo moldatu zen. Jardun horri esker irabazi zuen. Gogoratu behar dugu bilbotarrak azken bi probetan hartu duela parte, eta bietan ala bietan gailendu da. Pilatutako puntu horiek urrea eman diote. Era horretara, Espartak urte amaiera bikaina sinatu du. Eta hori diogu Espainiako Txapelketa zein Kopa irabazi dituelako.

Podium gehiago

Nahiz eta sailkapenetan zortzigarren postuan amaitu zuen, Arantzamendi fin ibili zen finalean. Eskarmentu handia du, eta bidearen giltza batean ondo aritu ondoren, hirugarren postuan sailkatu zen. Ondarroarrak jokatu duen proba bakarra izan da. Urrutia, berriz, hiru hitzorduetan izan da, baina ezin izan du podiumera igo. Madrileko finalean ez zen guztiz egokitu. Azkenean, Elorriokoak zortzigarren postuan amaitu zuen.

Bestalde, 14, 16, 18 eta 20 urtez azpikoen kategoriakoak bezperan lehiatu ziren. Seniorretan bezala, sailkapen txanda ezberdinetan ez ziren Top ugari egon. Eta katera iritsi zirenen artean soilik euskal ordezkari bat ikusi zen: Uson. Finaletan, berriz, faboritoek ez zuten hutsik egin, eta espero ziren emaitzak eman ziren. Kontuan hartu beharreko datu bat: 140 eskalatzailek hartu zuten parte.

14 urtez azpikoetan, Belar eta Iñurrategi onenen artean egon ziren; biek ala biek brontze bana lortu zuten. Oro har, Espainiako Kopan oso erregularrak izan dira. Behin betiko sailkapenean, Belar hirugarren postuan sailkatu da, eta Iñurrategi bigarrenean.

Madrilgo podiumean beste bi euskal ordezkari izan ziren: Oses eta Uson. 16 urtez azpikoen mailan, hirugarrena eta bigarrena izan ziren, hurrenez hurren. Alabaina, sailkapen nagusiko podiumetik kanpo geratu dira.

18 urtez azpikoen kategorian, Vicario bigarren postuan sailkatu zen. Hala eta guztiz ere, postu horri ezin izan dio eutsi, eta, azkenean, behin betiko sailkapenean brontzea erdietsi du. Eta, azkenik, aipatu behar dugu 20 urtez azpikoen mailan ez dela euskal lehiakiderik izan.