GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Sokak


Eiderrentzat, bihotzez, txokolatezko mila musu!». Bost urte zituen posterra sinatu ziotenean eta geroztik hor dago, ohe parean, logelako koadro ederrena. Orain hormari begira dagoen nerabea da, akaso pailazo batzuen afixa kentzeko adina iritsi zaiola pentsatzen. Finean, gauza asko dira aldatu, orain marrubi-izozkiak ditu nahiago eta, egun, bere sinaduran Xabier da jartzen duen izena. Baina hor jarraitzen du koadroak, hor dago soka batetik pailazo sudurgorri bat eskegita duen marrazki koloretsua.

Gaur, egun euritsua bada ere, haiekin egotera joanen da. Orain, sudur gorria betiko eskegi dezatela nahiko luketenek soka bat jarri nahi diete eztarrian. Finean, gauzak ez dira horrenbeste aldatu eta berak, ez zegokion izenarekin deitzen zutela jakitun zen haurra zenetik, pailazo horiek ondoan sentitu ditu. Gaur, eguna grisez jantzi denean, koloretako aterkiak zabaltzera joanen da plazara. 

 Ez dira garai onak, baina badaki Berri Txarrak jasotzera ohitua den herrian jaioa dela. Oraindik ez daki, ordea, egun gutxi barru ezingo diola negarrari eutsi, gitarra baten sei soken akordeekin batera milaka eztarrik bat egitean. Sokek, itotzeko lez, arimak batzeko balio dutelako eta milaka eztarrik bat eginda, Nafarroako areto nagusia leporaino, batera abestuko dute haurra zenean sentitzen zuen soka askatzen lagundu dioten pailazoen abestia.