01 DéC. 2019 «AIREA EZ DA DEBALDE» LIBURUAREN AURRERAPENA Zine qua non: suite Habana Joseba Sarrionandiaren «Airea ez da debalde» liburuak argia ikusi berri du Pamiela editorialean eta Durangoko Azokan aurkeztuko da. Hauek, liburuaren atal batzuk. Malenkonia sentimenduak zeharkatzen du alderik alde ikusten den guztia, errealitate lander, gogaikarri, etengabea. Pertsonak, etxeak, gauzak, denak ere ontziak balira bezala, nahigabe bare iraunkorrez beterik agertzen dira. Bizirauteko mania saldu behar duen atsoa, senarra erretiratuta eta gaixorik etxean. Bizi den etxe hondatua konpondu ezin duen dantzari gaztea. Down sindromedun umea maitasunez zaintzen duen familia. Aktorea izan nahi duen medikua, pailazoarena egiten duena umeen jaietan, eta atzerrira emigratuko duen anaiari agur esaten diona. Treneko langilea, arratsetan tenplura joaten dena saxofoia jotzera… Habana oso hiztuna eta zaratatsua da: kalezalea eta txantxa errazekoa, berritsua eta birsaltzailea. Ez duzu jakiten egia entzuten duzun ala gezurra, ohiko lengoaia musikala eta egiaren eta gezurraren artekoa izaten baita, kontua kontu. Pelikula honetan, ostera, jendeak ez du apenas hitz egiten, eta ustekabean da errealista. Hemengo bizitza arruntean ere, ez da dena ateraldia eta elkarrizketa, gehiena isiltasuna da. Eta Fernando Pérezen kamerak ateraldienak eta eztabaidenak ez diren momentuei antzematen die, Ingmar Bergmanek edo Andrei Tarkovskik egingo luketen moduan. Mututasunak, orduan, blagak eta umoreak estaltzen dituzten oinazea eta tristura azaltzen ditu. Isiltasunaren lezioak ikasten geratzen dira batzuetan hitzak. Bizitza ez da zertan drama bat izan, Habanan ere ez. Ez da behintzat dramaturgiaren arau espektakularren arabera gertatzen edozein George Poltik laburbildu eta sailkatzeko moduan. Eguneroko bizimodua desdramatizaturik dago eta istorio diseinaturik gabe gertatu ohi da Bergmanen Upsalan, Tarkovskiren Yurievetsen edo Pérezen Habanan. Ez da ezer hasi eta ordu eta erdian amaitzen, futbol partidak eta pelikula batzuk izan ezik. Hargatik, hiriaren gaueranzko eguneroko bidaia honetan dramaturgia tradizionala alboan utzi eta cinéma vérité egin da, errealismo objektiboarekin eta subjektiboarekin, egunerokotasunak ematen duen anbiguotasun eta sinpletasun guztiarekin. Ikusten duguna berezia eta larria da, ez dugulako geure burua gizarte moduan ispiluan ikusteko ohiturarik. Gizarteak pantaila koloretsuei begira egiten du zapping, ametsak bete ezinik, beiratuta begiak. Gizarte osoa da bakoitza, izarrak begien ilunean. Apur bat tristea izan daiteke zeure burua ikustea ispiluan, ametsak bete ezinik, zer egiten duzu hor, nondik zatoz, nora zoaz galdetzeko astiarekin. 2018ko azaroak 12 IKUSEZINEN ERREBELDIA Ez zioten kasurik egiten eta, Garabombo subprefekturara joan zen protestatzera. Zazpi egun eman zituen bulegoaren atean. Autoritateak sartu-irtenean zebiltzan, baina begiratu ere ez zioten egiten. Halako batean, itxaroteaz gogaituta, prefektuarengana aurkeztu zen, baina honek ez zuen ikusten. Itzuli zen indigenengana: —Zer ari dira zutaz esaten? —Subprefekturara joan nintzen. —Eta? —Ez ninduten ikusi. —Nik ikusten zaitut ba! —Zu indigena zara, baina zuriek ez naute ikusten. Eta ari-arian konprenitu du bere gaixotasunaren izaera. Zuriek eta batez ere lurjabeek ez dute ikusten, ez dutelako ikusi nahi. Haientzat ikusezinak dira indigenen kexuak eta minak. Lurjabeek apropos ez dituzte ikusten, beren aberastasunaren oinarria diren arren indigenak; horrexegatik, hain zuzen. Besteak menperatuta, ikustea ere haintzat hartzea litzateke. Eta lurraren jabeak, boterearen jabea eta begiradaren jabea ere badenez gero, berak nahi duena ikusten du, eta errealitatearen beste partea ez zaio interesatzen, eta ez du zertan ikusi. Garabombok ikusezintasun horri buelta emango dio. Bera ikusezina da, baina berak ikusten du, eta gero eta kontzienteagoa da gertatzen ari den guztiaz. Lurjabeek pentsatzen dute indigenak ez direla ezer, ez dutela eskubiderik, baina mespretxu eta ikusi nahi ez hori izango da haien Akilesen orpoa. Indigenek, berriz, gertatzen dena ikusten duten heinean, egoera aldatzeko moduak ere imajinatzen dituzte eta, agian, lurjabeek imajina dezaketen baino askozaz harago helduko dira. Indigenen hutsegitea, zapaldu guztiona bezala, zapaltzaileen ikuspegi zarratua barneratzea litzateke. Lurjabearen itsutasuna onartu eta bere egiten duen indigenak, kontrarioa barruan, ez du sekula irtenbiderik ikusiko, beldurra eta zalantza baizik. Azaroak 29 EGUZKIA, LAGUNA Etxepeko harrizko aulkian eserita Enriquito egunsentian. Mutilzaharra, argia, aurpegi gogorra, mozkorra. Beti bere botilarekin. —Erron apur bat? –galdetu dit, izar dirdira begietan, plastikozko hirugarren baso bat erakutsiz. —Bi baso dituzu ja zerbitzatuta. Baten batekin zaude ala? —Bai, Eguzkiarekin. Ikusten duzu zelan heldu den ordu -orduan? Errona edatera gonbidatu dut eta! 2019ko urtarrilak 2 ERREPUBLIKA Hogei urteko kubatar desterratua zen José Martí Espainian Errepublika proklamatu zenean. Espainiar errepublikazaleentzat idatzi behar izan zuen liburu bat, Kuba hitza entzutean lausotzen baitzitzaien gogoa eta ez zutelako konprenitzen nozio oso sinple bat: «Errepublikak bere errepublika proklamatzeko duen eskubide berberarekin Kubak bere independentzia proklamatzen badu, zelan ukatuko dio Errepublikak Kubari bere askatasun eskubidea? Errepublikak errepublika izateko eskubide berbera erabili badu, zelan ukatuko du ba Errepublikak bere burua?». Otsailak 17 LATIKAK —Herri honetan latika bat baino ez zara –esan dit latika-biltzaileak, eskuan altxatzen duen harri handiaren kolpez garagardo latak zanpatzen dituen artean. —Zarata apur bat, momentuan, baina ez da ezer pasatzen. Zakura bota du. Zakua altxatu du bizkar gainera. —Peso bat emango didazu esplikazioagatik, ez? Eguneroko bizimodua desdramatizaturik dago eta istorio diseinaturik gabe gertatu ohi da Bergmanen Upsalan, Tarkovskiren Yurievetsen edo Pérezen Habanan. Ez da ezer hasi eta ordu eta erdian amaitzen, futbol partidak eta pelikula batzuk izan ezik