02 DéC. 2019 HIMALAIA Lehen igoera bat ez, bi baizik Tengi Ragi Tau mendian Tino Villanuevak eta Alan Rousseauk seimilakoaren mendebaldeko aurpegian «Release the Kraken» (AI5, M5+, 1.500 m) zabaldu dute; eta Symon Welfringer eta Silvan Schupbachek, aldiz, «Trinite» (M6, AI5, 1.400 m)n; hauek ipar tontorrera heldu dira. Andoni ARABAOLAZA Duela hilabeteko kronika batean aipatu genuen amaitu berri den denboraldian Tengi Ragi Tau mendiak (6.938 m, Nepal) overbookinga izan zuela. Marc Toralles, Roger Cararach eta Alberto Fernandezen jarduera jorratu genuen, eta adierazi mendiaren ekialdeko tontorrean dagoen hego zutoinaren lehen errepikapena egin zutela. Alpinista horien asmo nagusia igo gabe zegoen mendebaldeko aurpegia zen, baina baieztatu ziguten beste sokada batzuk han zirela eta xedez aldatu zuela. Helburua urriaren 17an erdietsi zuten, baina bezperan Tino Villanueva eta Alan Rousseau estatubatuarrek mendebaldeko hormaren lehen igoera lortu zuten. Urriaren 28an, berriz, Symon Welfringer frantziarrak eta Silvan Schupbach suitzarrak aurpegi horretan beste bide bat zabaldu zuten, baina ipar tontorrean amaitu zuten. Beraz, irakurtzen den bezala, estatubatuarrak izan dira ohorezko saria jaso dutenak. Horretarako hiru espedizio behar izan dituzte egin, eta azken horretan “Release the Kraken” bidearekin (AI5, M5+, 1.600 m) seimilakoaren mendebaldeko aurpegiaren ateak zabaldu dituzte. Nahiz eta sari hori jasotzeko aukera izan duten, Rousseauk aurreratu digu aurten ez zutela asmorik Tengi Ragi Taura joateko: «Kaxmirrera joateko gogoz geunden. Eskalatzeko baimena bagenuen, baina abuztuaren 5ean Indiako Gobernuak ‘aldaketa’ konstituzionalak egin zituen Jammun eta Kaxmirren, eta, erabaki horren ondorioz, baimenik gabe geratu ginen. Beste bidaia bat prestatzeko denbora gutxi genuenez, Tino eta biok Tengi Ragi Taura abiatu ginen. Mendi ezaguna zenez, uste dugu erabaki zuzenena hartu genuela». Seimilakoaren mendebaldeko aurpegian jardun baino lehen, Thame herrian pare bat eguneko atsedena hartu zuten. Han zirela, astebeteko eguraldi leiho on bat iragarri zieten, eta urriaren 12an hormaren oinarrian ziren: «Denda altxatu bezain pronto, haizea oldartu eta paretatik izotz eta arroka puskak erortzen hasi ziren. Egoera horrek urduritu gintuenez, denda lekuz aldatu genuen». Biharamunean, benetako eskaladari ekin zioten; hots igoera teknikoari. Kalitate handiko granitoan M5 mailako hainbat tarte gainditu zituzten: «Eskaladarekin gozatzen ari ginen. Duela bost urteko saioan baino lehorrago zegoen, eta horregatik ibilbidea pixka bat aldatu genuen. Ondoren, ensamblean metro asko egin genituen. Ia egun osoan, izotzean, 60-70 graduko aldatsak eskalatu genituen, eta tarteka mistoko hainbat zati. Aurreko ekinaldian antolatu genuen bibakera (6.300 m) iritsi ginen». Bigarren eskalada egunean, hormak zuen lehen tarte zaila edo giltza gainditzeko prest ziren. 6.600 metrora dago, eta, aurreko saioetan ez bezala, eguraldia lagun zutenez, oso eraginkorrak izan ziren: «Sekzio hori gainditzeko lan eskerga egin genuen, baina ez zigun buruhauste handirik eman. Ilunabarra baino lehen, bibaka antolatzen ari ginen. Mendebaldeko aurpegia begiratzen nuen bakoitzean, arrokazko sekzio horrek beldurra ematen zidan, baina hura gainditu ostean erabat emozionatu nintzen». Rousseauk aurreratu digunez, hirugarren eguna berezia izan zen oso. Beste sekzio zail bati ekin zioten; hain zuzen ere, izotzean bost luze gogor eskalatu zituzten: «Tino eta biok bat etorri ginen: inoizko luze ederrenetarikoak igo genituen. Tarte hori egin eta gero, gailurra egiteko aukerak biderkatu ziren. Alabaina, inguruan eginiko beste espedizio batzuek erakutsi ziguten bezala, seimilakoaren goialdean dauden elurrezko aldats amaiezinek buruhausteak ekarri zizkiguten. Labirinto bat zirudien. Hala moduz, gure hirugarren gaua igarotzeko, 6.800 metroko kotan plataforma txiki bat antolatu genuen». Baldintza bikainak Bestalde, gailurrera garaiz iristeko, laugarren egunean goiz jaiki ziren. Bide beretik jaisteko asmoa zuten, baina hori egin aurretik lanak amaitu behar zituzten. Rousseauk onartu digunez, baldintza perfektuetan eskalatu zuten. Eta goizeko 9etan, Tengi Ragi Tauren mendebaldeko aurpegia lehen aldiz igo ondoren, tontorra zapaldu zuten: «Geure bizkar-zakuen gainean eseri ginen. Hori izan zen egin genuen lehen gauza; izan ere, aurreko lau egunetan eseri ahal izateko plataformak antolatu behar izan genituen. Tinok eta biok ez genuen gogo handik mugitzeko. Bero egiten zuen, eta haizerik ez. Baina eguzkitan 10 minutu egon eta gero, berriro mendebaldeko aurpegiaren itzalera itzuli ginen. Lehen rappelak elurretan lurperatutako poltsa batzuetatik egin genituen. Zorionez, 6.700 metrora arroka eta izotza aurkitu genituen rappel seguruagoak egin ahal izateko. Lasaitu ederra hartu genuen!». Beste 400 metro jaitsi eta estatubatuarrek laugarren eta azken gaua igaro zuten pareta horretan. Rousseauk esan du rappel gehiago egiteko aukera zutela, baina bero egiten zuenez eta jaitsieraren segurtasuna bermatu behar zenez, 6.300 metrora geratu ziren. Azken egunean, rappelatzen jarraitu, paretaren oinarrira heldu eta, 14 orduko jardunaren ondoren, Thamera iritsi ziren. Tengi Ragi Tauren mendebaldeko aurpegiaren lehen igoera sinatu zenez, hurrengo protagonistek, Welfringerrek eta Schupbachek, estatubatuarrek igotako bidearen ezkerraldean dagoen ageriko korridore bat aukeratu zuten seimilakoaren horma horren lehen errepikapena egiteko. “Trinite” bidea (M6, AI5, 1.400 m) sortzeko, hiru egun behar izan zituzten. Eta beste bat jaitsierarako. Hori bai, Villanuevak eta Rousseauk ez bezala, sokada horrek ipar tontorrean (6.820 m) amaitu zituen bere lanak. Alpinista frantsesa eta suitzarra larri ibili ziren xede hori biribildu ahal izateko. Espedizioa urriaren 30ean bukatzen zitzaien, eta gailurra 28an lortu zuten. Alpinistok aurreratu dutenez, zailtasun handienak 6.500 metroko kotan hasi eta 300 metro gorago amaitu ziren. Urriaren 26an lehen urratsak egin zituzten, baina aurreratu behar dugu aldez aurretik ekinaldi bat egin zutela. Elurrak eta haizeak atzera egitera behartu zituzten. Lehen tartean elurrezko eta izotzezko sekzioak (60°) gainditu behar izan zituzten: «Lehen bibaka 6.100 metrora egin genuen. Egun hori ez zen batere atsegina izan; izan ere, haizeak ondo astindu gintuen eta spinfrindt erasoak ugariak izan ziren. Zorionez, biharamunean eguraldia egonkortu zen. Hala ere, egun gogorra izan zen. Teknikoki luze zailak aurrean genituen, eta horrek erritmoa mantsotzera behartu gintuen. Gainera, bigarren bibaka (6.450 m) antolatzeko leku on bat aurkitzea kosta egin zitzaigun». Hirugarren eta azken eskalada egunean izotzezko eta mistoko tarte teknikoak igo zituzten. Tontorra zapaldu bezain laster, jaisten hasi eta bibakera gauez heldu ziren. Jardueraren laugarren egunean, falta zitzaizkien 1.000 metroak jaitsi zituzten: «Kanpalekura heldu, tresneria guztia jaso eta ziztu bizian aireportura. Zorionez, garaiz iritsi ginen». LEHENAK Tengi Ragi Tauren aurpegi hori igo duten lehenak Tino Villanueva eta Alan Rousseau estatubatuarrak izan dira. Denera, hiru bidaia behar izan dituzte. BIGARRENAK Symon Welfringer frantziarrak eta Silvan Schupbach suitzarrak, berriz, agerikoa den korridore bat aukeratu zuten bigarren eskalada hori egiteko. TENGI RAGI TAU Hamabi eguneko tartean, Nepalen dagoen seimilakoaren mendebaldeko aurpegiak bi igoera jaso ditu. Horietako bat ipar tontorrean amaitu zen.