05 DéC. 2019 Ganbila bilduma, euskarazko antzerkia hauspotzera datorren sail berria Euskal antzerkigintza hauspotzeko helburuz sortu du Susa argitaletxeak Ganbila bilduma. Euskarazko antzerki obren testuak argitaratuko ditu sail berriak, euskal dramaturgia garaikidearen aniztasuna nabarmentzeko batetik, eta antzerkigintzaren transmisioan eragiteko bestetik. «Bazterreko ahotsak», «Simplicissimus» eta «Francoren bilobari gutuna» dira lehen hiru argitalpenak, eta bildumak 2020ko udaberrian izango du segida, beste hiru obrarekin. Amalur ARTOLA DONOSTIA Bi helbururekin sortu du Susa argitaletxeak Ganbila bilduma. Batetik, euskal teatrogintzaren baitako dramaturgia mota ezberdinen lekukotza ematea eta, bigarrenik, ibilbide luzea duten euskal sortzaileen lana jasotzea, transmititzea eta kokatzea. Hala azaldu du bildumaren aurkezpenean Oier Guillan dramaturgo eta antzezleak. Bera izango da Ganbila bildumako editore taldeko –Ehaze-ko zortzi kidek osatuko dute– bozeramailea. «Teatroa da literatura izateari uko egiten dion literatura genero bakarra», iritzi zuen Guillanek bildumaren aurkezpenean, dramaturgoak bere burua idazletzat gutxitan hartu izan duela nabarmenduz, baina antzerki obrak argitaratzearen garrantzia nabarmendu zuen, batez ere transmisioari begira. Antton Lukuren hitzak bere eginez, «belaunaldi berriak aldiro hutsetik hasten direla saihestea, horiek inspiratzea eta probokatzea» dutela helburu ziurtatu zuen. Alde horretatik, argitalpenetan antzerki obrak jasotzeaz batera egilearen inguruko oharrak eta obraz egiten duen gogoeta eta bestelako materiala ere bilduko dutela aurreratu zuen, obraren eta, beraz, euskal antzerkiaren inguruko hausnarketa sakonagoa bideratzeko. Bilduma Ehaze-rekin (Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea) elkarlanean sortu du Susak eta argitalpenak liburu dendetan topatzeaz gainera harpidetza egiteko aukera ere izango da. Hiru ale argitaratuko dituzte udazkenean, eta beste hiru udaberrian: 48 euroren truke, sei antzerki obraren testuak izango ditu esku artean antzerkizaleak. Lehen hiru aleak jada kalean dira. Lehenak Miren Tirapuk idatzi eta berak sortutako Beheko Larraine konpainiak oholtzaratu dituen bi obra biltzen ditu: “Atte hil aurretik” eta oraindik antzokiz antzoki dabilen “Manifestu bat”. Bigarren liburukiak estreinatu berri den obra baten testua jasotzen du, Patxo Telleriaren “Simplicissimus” (Tartean teatroa) kabareta. Hirugarrena belaunaldien arteko transmisioaz gogoetatzen duen lan bat da, Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategiak elkarlanean sortutako “Francoren bilobari gutuna”, Unai Iturriagak eta Igor Elortzak izenpetua (2017ko Donostia antzerki saria). Udaberriko argitalpenak ere aurreratu zituzten: Eneritz Artetxeren “Isiltasuna”, Kepa Errastiren “Mami Lebrun” eta Sarah Kane-ren “4.48 psikosia”. Iluntasunetik kabaretera Euskal antzerki garaikidearen aniztasuna nabarmentzea da sortu berri den bildumaren helburuetako bat, eta horren adibide garbi dira argitaratu diren lehen hiru lanak. Bildumaren aurkezpenean, horien atzean dauden hiru antzerkigile, Miren Tirapu, Patxo Telleria eta Ximun Fuchs izan ziren, euren lanen nondik norakoak aletzen. Bildumako lehen obra “Bazterreko ahotsak” da, eta haren idazlea, Tirapu, izan zen hitza hartzen lehena. 2016an Beheko Larraine konpainia sortzera eraman zuen grinaz mintzatu zen: «Nafarroan euskara hutsean lan egiten dugu, euskaraz sortu eta bizi nahi duen konpainia bat izatea nahi nuelako», esan zuen, eta aldi berean konpainia sortzeak bere lengoaia propioa bilatzeko aukera eman diola nabarmendu zuen. Bere liburua eskuetan edukitzea «oparia» zela ziurtatu zuen, «lehen bi lanak hemen daudelako, orain bere bidea jarraituko dute eta bakoitzak bere irakurketarekin obra berria egingo du, bizirik jarraituko dute». Telleriak, “Simplicissimus”-en egilea, antzerkia «izaki bizia» dela nabarmendu zuen, etengabeko eraldaketan dagoena, eta testuok izaki bizi horren argazkietako bat ematen dutela iritzi zion: «Aurreko lanetan [Tartean-ek bere testuak argitaratu izan ditu] argitaratzetik azken emanaldira arte zenbait gauza aldatu ziren. ‘Ez Dok Hiru’-n, adibidez, liburuko eszena pare bat ez genituen egiten eta liburuan ez zeuden bi egiten genituen. Antzerkia izaki bizia da». Fuchsek, bere aldetik, anaia Manexek eta biek Ipar Euskal Herrian euskara hutsean sortzeko hartu zuten konpromisoa izan zuen hizpide, «uste baitugu gure hizkuntza beharrezkoa dela bizitzeko, saiatzen gara euskaraz esaten beste hizkuntza batean esan ezin duguna». Ganbila bilduma Durangoko Azokan ere aurkeztuko dute, abenduaren 6an 17.00etatik aurrera San Agustin antzokian, eta harpidetzak egiteko bidea ere zabalik da dagoeneko, www.ganbila.eus webgunean.