09 DéC. 2019 ZIRIKAZAN Dibortzio-istorio garaikide bat Josebe EGIA Honek ez du izan nahi zinema-kritika bat, “Marriage Story” filmarena; hala balitz, azkar asko bukatuko nuke: pelikula paregabea da, eta merezi du ikustea, edonori egingo baitzaio ezagun. Behiala elkar maite izan zuten bi pertsonaren arteko harremanaren gainbehera du hizpide. Alegia, nola heldu diren egoera horretara eta, batik bat, batak eta besteak nola eman nahi dioten amaiera, seme txiki bat tarteko, nork bere lekua eta ahotsa berreskuratzeko, besteari ahalik eta min txikiena eraginda, ahal dela (beti ezinezkoa da, ordea). Erroturiko bizimodu bat aldatzeak dakartzan estutasuna eta atsekabea, baina baita gogoa eta kemena ere, ikuslearen aurrean, aktore nagusiek ezin hobeto gorpuzturik, film gogor samarrean, tarteka, bizitzako harremanak eurak bezalakoa. Hamarkada batzuk joan dira jada familia baten desegitea ere ardatz izan zuen “Kramer vs. Kramer” filmetik, zeinetan emazteak utzitakoan senarrak bien umearen aita izaten hasteko, ikasteko, bideari heldu zion batez ere. Kramer jauna, bere garaiko familia-moldearen adierazgarri bikaina, aita absente samarra zen, bere lanbidean murgildua, familia etxean zain izatera ohitua; hortaz, ustekabean harrapatu zuen bai emazteak alde egiteak bai, ondorioz, aitatasuna egikaritzen hasi beharrak. 2019ko film honetan, aldiz, bizi dugun garaiaren gero eta adierazgarriago, senarra aita saiatua da, profesional saiatuaz gain, eta maite du aitatasuna egikaritzea, arduratzen da txikiarekin duen harreman horretaz, erabat uko egiten dio hura urrun izan eta benetako aita ezin izateari, bisita-orduz osaturiko aita-seme harremana ezin du, ez du nahi, irudikatu ere egin. Baina, hara sorpresa, bere nahiak eta emazte ohiarenak ez datoz bat inondik inora, eta emakume horrek ahotsa du film honetan, gero eta ozenagoa, hasita dago irmotasunari heltzen, bere bizitza maila pertsonal eta profesionalean hobetu nahi du, amatasunaz harago, inoren elikagai, sostengu eta are musa ere izateari utzi nahi dio. Gaur egungo andrea da bera ere, eta argi dauka ez duela zertan ezeri uko egin, hori nola gauzatu asmatzen ahalegintzen dabil. Hala dakusagu Scarlett Johansson, inork inolako sexykeriarik erantsi gabe, edozein emakume bizi izaten ari litekeen egoera berean, edozein emakumek izan litzakeen buruko min berek jota, gizonari haren maila beretik hizketan, behiala elkar maite izan zuten gizon bati eta emakume bati errespetuz eta maitasunez entzuten dien istorio honetan. Egunero, edonon, hasten edo garatzen edo amaitzen ari den istorio horretan.