GARA Euskal Herriko egunkaria
SURF & BODYBOARD

Euskadiko bodyboard eta surf zirkuitua Mundakan amaitu da olatu bikainekin

Ariane Ochoa eta Yago Dominguez izan dira irabazleak surf modalitatean, eta, Unai Zubizarreta, bodyboard modalitatean. Olatu bikainak izan dira asteburuan.


Ariane Ochoa, Yago Dominguez eta Unai Zubizarretak jantzi zuten txapela Mundakan. Lehenengo biak nesken zein mutilen surf modalitatean gailendu ziren, eta, Zubizarretak, ostera, bodyboardeko txapela irabazi zuen. Nesken bodyboard kategorian lehiakideak falta izan ziren.

Marea hilak izan arren, olatu bikainak eskaini zituen Mundakak asteburuan. Larunbatean bi metroko olatu ederrak izan ziren, erreka haizeak orraztuak, eta lehiakideek gozatu ahal izan zuten. Igandean, ostera, eguna argitzen hasi aitzin itsasoratu beharra izan zuten lehiakideek, marea ahalik eta baxuenean aritu ahal izateko. Olatuak txikiagoak izan ziren atzokoan, baina, hala eta guztiz ere, tubo batzuk egiteko aukera izan zuten lehiakideek.

Proba gutxiago, diru gehiago

Surf modalitatean azaroan egin behar zen Orruako txapelketa bertan behera geratu ostean, Euskal Herriko Surf Federazioko kideek Mundakako lehiaketako sariek balio bikoitza izatea erabaki zuten. Gauza bera gertatu zen bodyboard modalitatean, Ereagako txapelketa ere bertan behera geratu baitzen. Gauzak horrela, irabazleek 1.000 euroko diru saria izan zuten, bigarren geratu zirenek 700 euro irabazi zituzten, eta, hirugarren postuan geratu zirenek, 400 euro.

Mundakako txapelketako parte hartzea mugatua zen. Aurrez egindako lehiaketetan bildutako puntuei esker lehiatu daiteke Euskal Herriko ezker olatu ederrenean egiten den txapelketan, baina, aurten zirkuituko txapelketa guztiak egitea lortu ez denez, parte hartzea zabaltzea erabaki zuten antolatzaileek.

Ondorioz, ohikoa baino txanda gehiago egin behar izan ziren. Horregatik, beste urteetan bezala txapelketa osoa egun bakar batean egin beharrean, bi egun behar izan zituzten txanda guztiak egiteko. Mundaka urautsi bitxia da, baldintza zehatz batzuk behar izaten baititu behar bezala funtzionatzeko, beraz, zaila izaten da txapelketa egunean gutxieneko baldintzak izatea. Asteburuan, aldiz, baldintza oso onak izan ziren. Lehiaketaz harago, surflariek “S.O.S Gaztelugatxe, parkingik ez!” zioen pankarta batekin elkarretaratzea egin zuten.

Horrenbestez, 2019ko Euskal Surf Zirkuitua amaitu da dagoeneko. Soilik gaztetxoenen zirkuitua falta da denboraldia bukatzeko. Abenduaren 21ean eta 22an lehiatuko dira 18 urtez azpiko eta 14 urtez azpiko kategorietako surflariak Plentzian. Horietako batzuk Mundakan ere lehiatzeko aukera izan zuten, nagusienen kategorian lehiatu baitira aurtengo denboraldian.