22 DéC. 2019 HERRI KIROLAK Nerea Sorondo, Euskal Herriko txapeldun aizkoran Andres OSA «SAKONA» Donostiako Trinitate plazan jokatu zen atzo Euskal Herriko Emakumezkoen Aizkolari Txapelketa Nagusia, ikusle asko bertan zirela. Irabazlea Nerea Sorondo izan zen, 36 ontzako bost enborrak ebakitzen 10 minutu eta hamar segundo egin ostean. Denak ere antzeratsu aritu ziren, tarte handirik ateratzeke elkarren artean. Egurrak aski eman beharrekoak, hau da, gogor xamarrak. Bigarren Irati Astondoa izan zen (11.05). Hirugarren Maika Aristegi (11.20) eta laugarren Itxaso Onsalo (14.18). Otaño, Finol eta Albizu Mutrikun jokatu zen atzo Urrezko Aizkolarien Kopako azken-aurreko kanporaketa eta Eneko Otaño izan zen azkarrena hamar kanaerdiko ebakitzen (23.24). Jon Rekondok 24 minutu eta 39 segundo behar izan zituen. Finalean, beraz, Otaño izango da. Gabonetako Emakumezkoen Ingude Jasotze Kopan Virginia Finolek 92 jasoaldi eman zizkion 10 kiloko ingudeari. Nerea Egurrolak, bere aldetik, 87 jasoaldi. Azkenik, Gabonetako Harri Jasotze Kopako kanporaketa jokatu zen eta Imanol Abizu Goikoetxe nagusitu zen, 72 jasoaldi emanaz; Jon Gisasola Zelai V.a 68 jasoalditan geratu zen. Hiru irabazleak, bakoitza bere kirolean, hil honen 31ko finalean izango dira Asteasun. Atutxa, Bizkaiko txapeldun Bestalde, Bilboko Areatzan jokatu zen Bizkaiko Aizkolari Txapelketa eta Aitzol Atutxa izan zen garailea. Lau kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko pago enbor ebakitzen 25 minutu eta 45 segundo behar izan zituen. Bigarren Julen Larrea(29.47) izan zen, hirugarren Hodei Ezpeleta (32.49), laugarren David Naredo (33.42), bosgarren Beñat Lekue (34.56) eta seigarren Xabier Garzia (37.09). Bizkaiko Promozioko Trontza Txapelketa ere jokatu zen eta irabazleak Mikel Agirre eta Andoni Zubiaurre izan ziren. 6 minutu eta 17 segundo behar izan zituzten kanaerdiko hamar enbor eta 45 ontzako beste hiru ebakitzeko. Bigarren postuan Bingen Erleaga eta Salva Erleaga geratu ziren (8.55). Segundo bakarrera Joseba Lejarretak eta Joseba Corderok amaitu zuten (8.56). Azkenak, berriz, Jon Zulueta eta Jorge Martinez (11.22) izan ziren.