ETXERATZEKO ALDARRIA EGIN ETA OHE HUTSAK TAUPADA ETA KANTUEKIN BETE
EUSKAL PRESO, IHESLARI ETA DEPORTATUAK ETXERATZEKO ALDARRIA EUSKAL HERRIKO HAINBAT PLAZATARA HELDU ZEN GABON GAUEAN HERTZAINAK TALDEAK DUELA 30 URTE SORTUTAKO «564» ABESTIAREN ESKUTIK. HERRITARREN ONDOAN, MUSIKARI EZAGUNEK JARRI ZIETEN DOINUA TAUPADEI, BEHINGOAGATIK «OHE HUTSEKIN» BUKATZEA EXIJITUZ.
Duela 30 urte, orduan zeuden euskal preso politikoen kopuruak eman zion izena Hertzainak taldeak sortutako “564” kantari. Abesti hark ehunka etxe eta herritan bizi zen samina ezin hobeto islatu zuen hitz eta doinu bidez. Hiru hamarkada igaro dira eta, bestelako garaiak bizi ditugun arren, oraindik orain letrak aipatzen dituen «ohe hutsak» errealitate gordina dira Euskal Herrian. Oheok bete zain dauden «bihotz taupadak» ere ez dira falta eta horren adierazle izan ziren Gabon gauaren atarian Hertzainak taldearen kanta protagonista hartuta “246 ohe huts” ekimenaren baitan egindako elkartasunezko agerraldi publikoak.
Elkartasun dinamika martxan jarri eta segituan bat egin zuten musikari ugarik ekimenarekin. Horri esker, Gabon gauean «euskal preso, iheslari eta deportatuak etxeratzearen» aldeko mezua herri ugaritako plazetara heldu zen. Hori izan zen mezua Otxandion ere. Bertan, Josu Zabala Hertzainak taldeko kidea izan zen zuzenean jotzen, kanta «behingoz historiara» pasatzeko desioarekin. Gernikan, Eñaut Elorrieta abeslaria eta Gatibu taldeko Aimar Arejita aritu ziren kantari ehunka herritarren ondoan.
Musikarien parte hartzea
Elkartasun doinu bilakatuta, Urkabustaizen, Tolosan edota Azpeitian ere kantatu zen “564”. Helburu berdinarekin, Maider Zabalegi abeslari ezaguna ehunka herritarrekin aritu zen kantuan Oiartzunen iluntzean. Baionako Patxa plazan, Jurgi Ekiza, Patxi Amulet eta Xabi Etcheberry aritu ziren.
Larresoroko pilota plazan, berriz, Aguxtin Alkhatek egin zuen errepresaliatuak etxeratzeko mezuarekin bat.
Xabi Bastida eta Aitor Gorosabel Su Ta Gar taldeko kideek Eibarren zabaldu zuten mezua Hertzainak taldearen abestiaren bidez, jendetza bildu zuen agerraldian. Herritar ugari izan ziren Zornotzan ere, Mikel Urdangarin abeslariaren parte hartzea izan zuen ekitaldian. La Jodedera taldeko Mandi Trigueros Tolosan ibili zen kantari, Jon Gurrutxaga eta Ehun Kilo taldeko Jon Zabala Elgoibarko plazan, Rafa Rueda Mungiakoan...
Musikari ezagunek eta herritar arruntek, beraz, egin zuten bat deialdiarekin, eta “564” kanta plazaz plaza ibili zen. Baina deiadarra sare sozialetara ere iritsi zen. Haurtzaro ikastolako langileek, adibidez, Twitter bidez zabaldu zuten datorren urtean motxiladun haurrik ez izateko desioa.
Gasteizko Legebiltzarreko EH Bilduko parlamentariek ere ekimenarekin bat egin zuten. Sare sozialetan zabaldu zuten guztiak kantari azaltzen diren bideoa, «etxean nahi ditugulako».
Herritar askok egin zuten ekimenarekin bat sare sozialetan, eta, Hertzainak taldearen kantaren letra baliatuz, urtarrilaren 11n Bilbon eta Baionan deituta dauden mobilizazio handietan parte hartzeko deia zabaldu zuten. Askotariko formatuak erabili zituzten, Olentzero eta Mari Domingiren etorrerarekin bat eginez, plazetan abesteko bilduz... Bilboko Errekaldeko auzoan, Tolosan, Donostiako Egia, Loiola eta Añorgan, Portugaleten, Hondarribian, Zizurkilen, Irunen, Zarautzen, Lemoan, Burlatan, Lizartzan, Leioan, Arbonan, Astigarragan... egin zioten leku, besteak beste, “246 ohe huts” ekimenari.
Hitzordu gehiago
Gabon gaua dagoeneko igaro bada ere, “246 ohe huts” ekimenak aurrera jarraituko du eta badira dagoeneko hitzordu gehiago aurreikusita. Estitxu Pinatxok Berako herritarrekin du hitzordua larunbatean, 17.00etan, Altzateko plazan. Donibane Garazin, abenduaren 27an jarri dute kantatzeko hitzordua.
Zazkel taldeko Etxahun Arregi eta Zea Mayseko Aiora Renteria eta Piti, abenduaren 30ean, 19.30ean, Bilboko Plaza Berrian izango dira ekimenarekin bat egiteko. Liher taldeak, berriz, hilaren 31n joko du abestia Pasai Donibaneko plazan, eta Keu Agirretxeak gauza bera egingo du Ondarroako alde zaharrean. Asier Bidegain trikitilaria, aldiz, Ordiziako Herriko plazan izango da 19.30ean. Ordu erdi geroago, 20.00etan, Latzen taldeko abeslari izandako Aitor Uriartek gidatuko du ekimena Oñatiko San Anton plazan. Gauza bera eginen du A Tuti Plain taldeak Soraluzen.