30 DéC. 2019 ZIRIKAZAN Bizirik aurrera Josebe EGIA Egun hauetan, izugarri gustatzen zait prentsan-eta datozen artikulu tradizionalak irakurtzea. Badakizue, amaitzear den urteari errepasoa egiten dioten horiek, oso ikuspegi desberdinetatik, eta batzuetan nahiko zoroetatik ere bai. Dibertigarria egiten zait ikustea nork zer jotzen duen urteko mugarritzat, adibidez, asko esaten du horrek pertsona (edota hedabide) baten begiradaz, haren arimaz. Proba egin dut lagunekin, galdetuz zer nabarmenduko luketen 2019an, dela pertsonala, dela kolektiboa, eta denetariko erantzunak jaso ditut, bai pertsonalak bai kolektiboak: amari agur esan beharra, lanean norbere ahalduntzerako prozesua abiatu izana, ingurukoen eskuzabaltasuna, emakumeon borrokan egindako urrats handi eta sendoak, bizirik segitzeko grina, jendeak gutxien espero duzunean erakusten duen gaitasuna, gazteen jokabidea mugimendu feministan, eta klima aldaketaren kontra, soldatan igoera polita jaso izana, literatura lehiaketa batean lehen saria irabazi eta idazten segitzeko segurtasuna, poesia sormenean blokeo-lehorte latz eta luzea… eta gehiegi atzeratzen ari zen sexu-askapen totala, lagunetako batek omen, bejondeiola! Pertsonok, normalean, gauza onak gogoratzen ditugu. Une bat hautatu behar izatekotan, une ederra izango da, dena delakoagatik zirrara eragin ziguna; agian berez polita izan ez bazen ere, beharbada gogorra edo ezustekoa edo estresagarria, ondorioz jasotako zerbait positiboa gordeko dugu oroitzapenen tiraderan, eta hura kontatuko dugu aukera dagoenean. Polita iruditzen zait gizakion joera hori, eta polita beste urte baten amaierak eskaintzen duen abagunea apurtxo bat atzera begiratzeko eta, beharra badago, aurrera egiteko abiada hartzeko. Gustatzen zait egiaztatzea, urtero, jendeak ez duela etsitzen; barrura eta kanpora begiratu, eta zer aldatu nahi duen, zeri eutsi nahi dion, zer zaindu nahi duen, zer baztertu… hausnartzen segitzen duela. Amaierek ezinbestean hasierak dakartzatelako, eta hasierek nahitaez nerbioak, ederra iruditzen zait urteen amaieran errepaso mental txikiak egitea, datorrenari irmotasunez egitea ongi etorria, oraindik pentsatu barik agian gero azkar adoregabetuko garela… ala ez. Jakin-minez irakurriko ditut bihar aurtengoak eman dituenen top 10 zoroak, 2020rako dauden aurreikuspen-mota askotarikoak, eta nik neuk klasiko hutsari hertsiki atxikita hasiko dut urtea: erretzeari utzi. Kontatuko dizuet, jasangaitzagatik inork akabatzen ez banau lehenago, behintzat.