13 JAN. 2020 JOPUNTUA Borondate kontua? Arantxa Manterola Kazetaria Berriro ere milaka lagunen pausoek urratu zituzten Bilbo eta Baionako kaleak larunbatean. Berriro ere eskaera berbera. Euskal preso, iheslari eta erbesteratuen egoera jasanezinari behingoz irtenbidea ematea. Egoera eta kasuistika desberdinak izanik ere, bide horretan aurrerapausoak berehala emateko aukera errealak daudelakoan nago, bai Estatu espainolean bai frantsesean, beti ere agintean daudenek egiaz nahi balute. Esaterako, gaur bertan Ibon Fernandez Iradiren zigorra etetea berraztertuko du Dei Auzitegiak. Azaroan, Pariseko Zigorren Aplikaziorako Auzitegiak euskal presoa gaixotasun larriak jota dagoela jabetuta, ontzat eman zuen bere eskaera, baina prokuradoreak helegitea jarri zuen. Ez da lehen aldia eskaera auzitegien ibilbidean korapilatuta dabilela. Nola liteke halako lege-interpretazio desberdinak egitea, sendagileen hamaika txostenek argi azaltzen dutenean bere egoera espetxearekin bateraezina dela? Bizi osorako zigorra jaso zuten Xistor Haranburu, Jakes Esnal eta Ion-Kepa Paroten kasuak bezala. Baldintzapeko askatasuna lortzeko epaileen interpretazioen amaraunean harrapatuta dabiltza espetxean 30 urte bete dituztenean. Nork sinesten du ezin dela hesi hori gainditu Errepublikako presidenteak presoen kontuetan, Konstituzioaren 17. artikulua baliatuta, aparteko erabakiak har ditzakeenean? Legeak bete beharra eta epaileen «independentzia» argudiatzea aitzakiak, gezur hutsak dira. Estatuen estamentuek, izan legegileak, exekutiboak edota justiziakoak, behar adina ahalmen eta botere dituzte hori guztia interpretatzeko eta moldatzeko, beti ere nahi badute edo… hobeto esanda, behartuta badaude. Zeren borondate politiko kontua dela esaten bada ere, nire ustez ez da kontzeptu egokia. Beren egitasmo edo lehentasunekin bat datozen erabakiak dira borondatez hartutakoak. Eta euskal presoen kasuan auziari irtenbide integrala emateko borondaterik ez dutela aski argi dago. Horrenbestez, bide horretan zerbait egingo badute, behartuta sentitzen direlako izango da, hots, gizarteak presio egiten dielako urte hasierako mobilizazioetan eta urte osoan. Legeak bete beharra eta epaileen «independentzia» argudiatzea aitzakiak, gezur hutsak dira