13 JAN. 2020 Eskalada Olinpiar Jokoetarako zerrenda gero eta argiago dago Heldu den udan Japonian jokatuko diren Olinpiar Jokoetarako hogei txarteletatik hamalau banatu dira. Hurrengo hitzordu garrantzitsuak Txapelketa Kontinentalak izango dira. Historian lehen aldiz eskalada kirol olinpikoa izango da. Andoni ARABAOLAZA Ikusleontzat hilabete batzuk baino ez dira falta. Kirolarientzat, berriz, gain-gainean daude. Olinpiar Jokoei buruz ari gara. Irakurleak jakingo duenez, aurtengo ekitaldia heldu den udan jokatuko da Japonian. Eta historian lehen aldiz, eskalada kirol olinpikoa izango da. Batzuek ondo hartu zuten kirol hori Tokion egotea. Beste batzuek, aldiz, erabaki horrek eskalada desitxuratu egiten duela baieztatzen dute. Kolore guztietako iritziak daude, baina orokorrean uste da eskalada Olinpiar Jokoetan ikustea jauzi kualitatibo zein kuantitatiboa dela. Lehia horietan jarduten duten munduko espezialista sasoikoenek hilabeteak (urteak ere bai) daramate sari preziatu horrekin amesten. Eta, jakina, prestaketetan buru-belarri dabiltza. Eskaladari dagokionez, 40 lehiakidek izango dute aukera (are ohorea ere) Tokion lehiatzeko, 20 emakumezkok eta 20 gizonezkok. Horiek guztiek, lehia eder zein esperientzia bikain bat bizitzeko asmoa izateaz gain, xede nagusi bat izango dute: podiumera igotzea. Hots, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratzea. Horretarako, azkenengo hilabeteotan aipatzen ari garen bezala, hiru diziplinetan oso erregular aritu behar dute. Bai, Olinpiar Jokoetan overall formatua indarrean jarriko dute. Horrek esan nahi du abiaduran, zailtasunean eta blokean puntu gehien pilatzen dituztenak igoko direla podiumera. Beraz, ez da modalitate bakoitzean dominarik banatuko: overall-ean soilik. Ez da abiadurako, zailtasuneko edo boulderreko “irabazlerik” egongo. Hiru diziplina horietako erregularrenek soilik jasoko dituzte urrea, zilarra eta brontzea. Lehiakideen artean ere, overall formatuaren inguruan iritzi ezberdinak izan dira. Ikuskizunari dagokionez argi dago asmatu egin dutela. Beraz, Japonian izango diren lehiakideek ondo baino hobeto zaindu (eta entrenatu) beharko dute modalitate bakoitza. Abiadura, zailtasun eta boulderraren artean lehena da lehiakide gehienentzat buruhauste gehien eragiten duena. Abiadurako espezialistek domina lortzeko aukera urriak dituzte; eskuarki, zailtasunean eta boulderrean ez dira ondo moldatzen. Aldiz, beste bi modalitate horietan ondo lehiatzen direnek arazoak dituzte abiaduran denbora on bat egiteko. Alabaina, oro har, bi modalitate horiek ondo menderatzen dituztenez, podiumera igotzeko “erraztasun” handiagoa izango dute. Bestalde, Tokion egoteko txartelak hasi dira banatzen. Arestian aipatu dugu kategoria bakoitzeko 20 izango direla. Bada, dagoeneko 14 banatu dira. Hachiojin jokatutako azken Munduko Txapelketak “ateak” zabaldu zituen. Arautegiak jasotzen duenez, hitzordu horretatik zazpi lehiakide Tokiora zuzenean joango ziren. Hori bai, herrialde bakoitzeko bi ordezkari. Proba nagusi horretan gertatu zena da formatu olinpiko horren finalean launa emakumezko zein gizonezko japoniar lehiatu zirela. Egoera hori ikusita, antolatzaileek sailkapen olinpikoa zabaldu zuten. Nahiz eta ezustekoren bat edo beste egon zen, Munduko Txapelketan ohiko espezialistek eskuratu zuten txartela. Emakumezkoei dagokienez, honako zortzi emakumezko izan ziren erregularrenak: Janja Garnbret (Eslovenia), Akiyo Noguchi (Japonia), Shauna Coxsey (Erresuma Batua), Aleksandra Miroslaw (Polonia), Miho Nonaka (Japonia), Petra Klinger (Suitza), Brooke Raboutou (Ameriketako Estatu Batuak) eta Jessica Pilz (Austria). Miroslaw poloniarra horien artean ikusteak harridura sor lezake; izan ere, abiaduran bakarrik da espezialista. Raboutou estatubatuarra, berriz, oso gaztea da eta ez du titulurik, baina arrokan espezialista handia da. Beste eskalatzaile olinpikoek, aldiz, makina bat garaipen erdietsi dituzte zailtasunean zein blokean. Gizonezkoen lehen zerrendan honakoak azaltzen dira: Tomoa Narasaki (Japonia), Jakob Schubert (Austria), Rishat Khaibullin (Kazakhstan), Kai Harada, (Japonia), Mickael Mawen (Frantzia), Alex Megos (Alemania), Ludovico Fossali (Italia) eta Sean McColl (Kanada). Khaibullin eta Fossalik ere ezustekoa eman zuten, biak ere abiadurako espezialistak baitira. Sei falta dira Hachiojiko Munduko Txapelketak joan den azaroan Tolosan (Okzitania) jokatutako hitzordu aurreolinpikoari eman zion lekukoa. Proba horrek beste sei lehiakide Tokiorako bidean jarri zituen. Ez zen ia ezustekorik izan, eta Munduko Txapelketaren zerrendatik kanpo geratu ziren batzuk ohorezko taldean sartu ziren. Emakumezkoei dagokienez, arestian aipatu ditugunei beste sei gehitu zitzaizkien: Julia Chanourdie (Frantzia), Mia Krampl (Eslovenia), Laura Rogora (Italia), Iulia Kaplina (Errusia), Kyra Condie (Ameriketako Estatu Batuak) eta Yi Ling Song (Txina). Aipatu behar dugu final horretara Futaba Ito eta Ai Mori japoniarrak sailkatu zirela, eta Itok irabazi zuela. Hala ere, Munduko Txapelketan Japoniak bi ordezkari sartu zituenez, oraingoz ez dute txartelik lortu. Bai, Japoniak kupoa bete du. Gizonezkoetan antzeko egoera ikusi zen. Final horretan zortzi eskalatzailek jardun zuten. Horietako bi japoniarrak ziren: Kokora Fuji eta Meichi Narasaki. Hori gutxi ez, eta Fujik irabazi zuen, eta Narasakik hirugarren postua eskuratu zuen. Postu horiek ikusita, harrigarria da Tokiorako ez sailkatzea, baina, aurreratu dugun bezala, kupo kontuak dira. Alabaina, japoniarrek argi eta garbi utzi dute etxean jokatuko dituzten olinpiadak bikain prestatu dituztela. Izan ere, araudi hori kontuan hartuko ez bagenu, Tokioko hitzorduan gutxienez sei japoniar ikusiko genituzke. Sailkatu ziren sei lehiakideen izenak, berriz, hauek dira: Adam Ondra (Txekiar Errepublika), Bassa Mawen (Frantzia), Jan Hoker (Alemania), Yu Fei Pan (Txina), Alberto Gines (Espainia) eta Nathaniel Coleman (Ameriketako Estatu Batuak). Horiek guztiak dira oraingoz Olinpiar Jokoetan izango diren lehendabiziko hamalau eskalatzaileak. Sei falta dira, eta hurrengo hilabeteotan txartel horien bila jardungo dutenek azken aukera izango dute. Hurrengo bost txartelak Txapelketa Kontinentaletan banatuko dira. Amerikakoa izango da jokatzen lehena: otsailaren 27tik martxoaren lehenera. Europakoa, berriz, apirilaren 16tik 18ra. Data horietan Ozeanian ere arituko dira: apirilaren 18an eta 19an. Azken biak Afrikakoa eta Asiakoa izango dira. Lehendabiziko txapelketa maiatzaren lehenean hasi eta 3an bukatuko da, eta bigarrena maiatzaren 18tik 24ra izango da. Gogoratu behar dugu, azkenik, Olinpiar Jokoak antolatzeagatik Japoniak berez txartel bat duela. Azken txartela Hiruko Batzordeak emango du. Argi ez dagoena da zer irizpide erabiliko duen. Gerta daiteke ere txartel preziatu hori ez ematea, eta orduan hogeiko zerrenda horretatik hurrengo lehiakidea sailkatuko litzateke. ZERRENDA Iazko Munduko Txapelketan eta Aurreolinpikoan hamalau lehiakidek eskuratu zuten txartela. Hurrengo hitzorduak Txapelketa Kontinentalak dira. NAGUSITASUNA Japoniarrek Olinpiar Jokoak bikain prestatu dituztela erakutsi dute. Kupoa dela eta, batzuek ez dute etxean lehiatzeko aukerarik izango. ESKALADA Lehen aldiz Olinpiar Jokoetan lekua izango du. 40 eskalatzailek hartuko dute parte: hogeina emakumezkok eta gizonezkok.