27 JAN. 2020 ZIRIKAZAN Denok gaude zaku honetan Josebe EGIA Abenduan jakin genuen, gure lantokian, hil honetatik aurrera igoera izango dugula soldatan. Txoratuta nabil zer-nolako bidaiak egingo ditudan irudikatzen, hileroko diru gehigarri horrekin gehi erretzeari utzitakoan Espainiako Gobernuari eta Lucky Strikeri ergel hutsa banintz bezala oparitzen diedan dirutzarekin. Irrikan nengoen hil honen azken eguna heltzeko, ostirala denez orduan jasoko dugulako soldata –ezin kointzidentzia zoriontsuagoa urtarril malkartsu eta motelari amaiera emateko–, eta orduan jakingo dudalako ehunekoetan adierazitako igoera zenbatekoa izango den dirutan benetan. Mundu honetan, hori baino gauza garrantzitsuago nahiko gutxi bururatzen zaizkit edozein pertsonaren lehentasunen zerrendan: ezer ez zaio aise gailenduko gure eta guretarren bizimoduak pobreziaren infernu goria izan gabe egin ahal izateko kezkari, gure nahien araberako bizimodu on eta duinak egin ahal izateko baliabideak (soldata, pentsioa…) eskuratzeari. Nire poza putzura, baina! Izan ere, hilaren azken egun irrikatuaren bezperan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituriko grebara goaz, lantokiko guztiok. Horrek esan nahi du hil honetako nominan egun bateko lanuzteari dagokion dirua kenduko digutela, eta, ondorioz, beste hilabetez segituko dugula jakin gabe zein demontre izango den gure soldata zehatza. Hala ere, dena ez da zakurraren putza, oraingoan ez bainau zorioneko grebak izorratuko, behintzat, gizarte-eraldaketarako subiranotasun-ariketa kolektibo batek baizik, pertsonok lan-pentsio-bizitza DUINA izan dezagun baldintzak ezartzeko eskumena dutenei –bai, zeuri ere bai, Urkullu lehendakari jauna– erakusteko kondarrekin ez gaituztela erosiko, hots ez gaituzuela desmobilizatuko ez gazteak ez helduak ez zaharrak, ez gizonak ez emakumeak, ez lan-baldintza penagarrietan edota esklabismo hutsean daudenak ez lantzean behin soldata-igoerak egiten dituzten tokietan lan egiteko zortea dugunok, are lanik ezin topatu dabiltzalako edo egiten duten lana lan gisa aitortzen ez zaielako grebak, zentzu hertsian, egiten ez dituztenak… Dena eta denok garelako gizarte hau, dena delako transbertsala, eta den-dena, jakina, ezin politikoagoa, nahiz eta preseski zuok, politikagintza normatibotik bizi zaretenok, herritarroi kontrakoa sinetsarazteko ahalegin bizian zabiltzaten: greba honetarako hamaika arrazoi egon beharrean, bakarra dagoela, eta ekonomikoa besterik ez dela.