27 JAN. 2020 JOPUNTUA Ez da txantxetakoa Arantxa Manterola Kazetaria Ondorengo belaunaldiek egiten dutena edo ez dutena, nola egiten duten, zer interes dituzten, epaitzeko joera dugu adinarekin. Gure begiekin, gure bizipen eta esperientziekin alderatzen ditugu, maiz gu baino okerrago ari direla ebatziz. 70eko hamarkadan gaztetxo nintzela, garaiko testuinguruak bultzatuta, nire inguruan luze eztabaidatzen genuen hamaika gairi buruz. Askotan ia ulertzen ez genituen txosten, liburu edo artikuluak irakurriz, hitzaldi eta batzar amaiezinetan asetzen genuen jakiteko gosea. Hala, gure iritzi, ideiak eta pentsamoldeak eraikitzen joan ginen. Azken urteotan gauzak asko aldatu dira. Orain sare sozialen bidez garraiatzen dira nagusiki informazioak eta ideiak. Hori bai, motzean eta, batez ere, oso azkar. Egun orri bateko analisia sekulako «txapa» da. Haatik, ez dut uste belaunaldi gazteagoek eztabaidatzen ez dutenik. Baina zalantzak ditut zenbateraino sakontzen duten. Adibidez, azkenaldian bizpahirutan egokitu zait 30-35 urte inguruko lagunekin Vox-en jarduna komentatzea. Ukaezina da eskuin muturreko alderdiak izugarrizko trebezia duela inpaktu handiko mezu laburrak hedatzeko. Horren lekuko ditugu azken hauteskundeetan, oso bitarteko gutxirekin, herriz herri joan eta sarrerako panelean grabatutako bideotxotan aurreko bozetan Vox bozkatu zuten «ausarten» balentria goraipatuz egin duen kanpaina. Edo egunotan, Twitterren bidez «pin parental» delakoaren proposamena jaurti eta nola lortu duen izan hedabide, analista, alderdi, agintari edo herritar, denen ahotan ibiltzea. Horiek denak irribarrez, umore (edo fribolitate?) puntuarekin komentatzen dira. Eta horrek bai kezkatzen nauela, ze azken urteak baziren ere frankismoa ezagutu dugunoi ez digu batere graziarik egiten. Gurean faxisten ideia horiek inoiz sartuko ez direlakoan gaude, baina ohartu gabe panorama politikoan normaltasunez hartzen ditugu jada. Euskal Herrian heziketa ideologiko indartsuagoa daukagu agian, baina jada Europan eta harago gero eta presenteago dagoen eskuin muturraren uholdeak gu ere harrapatu gintzake. Ez gaude salbu. Ukaezina da eskuin muturreko alderdiak izugarrizko trebezia duela inpaktu handiko mezu laburrak hedatzeko