01 FéV. 2020 sokatira 600 eta 500 kilotan gizonezko eta emakumezkoak gaur hasiko dira Dulantzin Andres OSA «SAKONA» Sokatira txapelketak ez du etenik ez atsedenik, Munduko Txapelketen atarian baikaude. Lesakako Beti Gazteko mutilek zein neskak nagusitasun osoa agertu dute orain arteko kategorietan eta asteburuan pisu arinagoak izango dira. Gizonezkoek 600 kilotan jardunaldi bat jokatu zuten Burgun eta Beti Gaztek irabazi zuen. Orain bi ekitaldi falta dira eta sei aurrenak pasatuko dira finalera. Ibarra, Beti Gazte, Berriozar, Antsoain, Txantrea, Gaztedi eta Muruetak parte hartuko dute. Emakumeek hiru jardunaldi izango dituzte; Ibarra, Beti-Gazte, Antsoain, Txantrea, Badaiotz eta Gaztedi. Gaur 17.00etan emango zaio hasiera Dulantziko kiroldegian. Abadiñon Urrezko Aizkora Abadiñon otsailaren 3an, 12.00etan, Urrezko Binakako Aizkolarien Txapelketako jardunaldia jokatuko da: Iker Vicente eta Jesus Mari Mugika, Ugaitz Mugerza eta Julian Alberdi Txikia IV.aren aurka. Lana ohikoa da, bost modalitate izango dira. Bertan emakumezkoen banakako txapelketako jardunaldia ere jokatuko da. Oraingoan Nerea Sorondo eta Maika Aristegi aurrez aurre ariko dira. Azkenik, Urrezko Harri-jasotzaileen txapelketan Urdax Magunazelaia eta Julen Diaz lehiatuko dira. Gaur, 22.00etan, probalarien arteko apustua jokatuko da. Erreista Aiakoa eta Txinlo Lemoizkoaren idi pareak neurtuko dira. 3.000 euro dituzte jokoan eta badirudi xextra puntu bat egon badagoela. Abadiñoko sanblasetan izaten diren idi probei dagokienez, otsailaren 3an, astelehena, hasiko dira. Egun horretan, 18.00etan, Jon La Cruz (Gatika), Patxi Illarreta (Errenteria) eta Julian Subiñas (Itziar) arituko dira. Jarraipena hilaren 7, 8, 9 eta 10ean izango dute.