03 FéV. 2020 Eskalada Eskaladaren harrobia lantzeko helburuarekin ekimen bikaina egin dute Joan den urtarrilaren 26an, Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatutako Eskolarteko Boulder Ligaxkaren lehen proba jokatu zen. Aretxabaletako hitzordura 37 eskalatzaile hurbildu ziren. Andoni ARABAOLAZA Antolatzen zein bultzatzen diren ekimenek helburu zehatz batzuk behar dituzte izan. Batzuetan asmatzen da; beste batzuetan, ordea, ez. Hurrengo lerrootan jorratuko dugunak uste dugu erabat asmatu duela. Gipuzkoako Mendizale Federazioak iaz indarrean jarri zuen Eskolarteko Boulder Ligaxkari buruz ari gatzaizkizue. Mendizale federazio bat izanik, jakina, bere baitan jasotzen duen adar bat, eskalada, gazteen artean bultzatu nahi izan du. Harrobia zaindu, indartu eta zabaldu. Eta, jakina, beste balio batzuk partekatu: «Bai, batzen dituen zaletasuna praktikatuz, ikasleek beste ikastetxeetako ikasleak ezagutu eta elkarrekin aritzeko helburuarekin besteekiko beren trebetasunak neurtu ditzakete Ligaxka honekin». Lasai asko baiezta genezake mezu horiek guztiak bigarren edizioaren lehen hitzorduan bete direla. Joan den urtarrilaren 26an, Aretxabaletako Ibarra kiroldegian dagoen boulder aretoan Gipuzkoako hainbat ikastetxetako 37 neska-mutil bildu ziren. Hain zuzen ere, hiru maila ezberdinetan: alebinak, infantilak eta kadeteak. Zirkuitu ederra Zalantzarik gabe, ikasle horiek guztiek goiz ederra igarotzeko aukera izan zuten. Bloke ugari probatzeaz gain, “lehiak” eragiten duen urduritasuna kudeatzen jardun zuten. Antolatzaileek zirkuitu eder bat prest zuten. Denera, aurrez aurre 15 korapilo edo bloke askatzeko lau ordu izan zituzten. Batzuk errazak ziren; beste batzuetan, aldiz, ondo baino hobeto estutu behar izan zuten. Bloke bakoitzean eginiko lana edo lorpenak kontuan hartzeko, ikasle bakoitzak fitxa batean X (blokea egina) edo T (saiakerak) bat apuntatu behar zuen. Oro har, giro bikaina eta une bereziak bizi izan ziren. Gainera, gurasoen animoek ez zuten hutsik egin. Soilik sailkapen misto bat egon zen. Alebinetan, Maddi Agirrek irabazi zuen, eta haren atzetik Ines Allende eta Ander Beitia sailkatu ziren. Infantiletan, bestalde, Intza Elizalde gailendu zen; Leire Diaz de Mendibil bigarrena izan zen eta Asier Antunez hirugarrena. Eta kadeteetan, honako podiuma izan zen: Oihan Diaz de Mendibil lehena, Intza Illarramendi bigarrena eta Julen Zubizarreta hirugarrena. Hauek guztiek diploma bana jaso zuten, eta partaide guztiek Camp Baseren kamiseta bat. Bigarren eta azken hitzordua heldu den 16an izango da (Tolosa). HARROBIA Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatuta, joan den urtarrilaren 26an, Eskolarteko Boulder Ligaxkaren bigarren ekitaldiaren lehen hitzordua jokatu zen. 37 ikaslek hartu zuten parte.