08 FéV. 2020 HAUR LITERATURA Lagunari joaten utzi Xabier ETXANIZ ERLE Iruzkin hau egile honen lehen euskarazko liburua dela esanez hasi behar nuen baina, egia esan, hauxe da egile honen liburu bakarra oraingoz, eta, hala eta guztiz ere, Los Angelesen bizi den britainiar honen lehen lana euskaraz gozatzeko aukera eskaini digu Ttarttalo etxeak. Liburuaren izenburua irakurrita dibulgazio liburu baten aurrean gaudela ematen du. Nola egin hau, nola egin daitekeen beste hori… eta bai, horixe da, hain zuzen, egileak proposatzen diguna, elefante bat harrapatzen ikastea, zer egin behar dugun elefante bat atzemateko. Jakina, inork gutxi espero du haur literaturako bilduma batean dibulgazio lanik eta horrelaxe da kasu honetan; izan ere, liburuak gutxi du zientifikotik eta asko umore eta kritikatik. Vanessa Westgatek proposatzen digun irakurketa dibulgazio-liburu baten egituran oinarritzen da eta idazkera horrelakoa da: «Elefante bat nahi baduzu, lehenik, elefanteak non bizi diren jakin behar duzu» (eta mutiko ile urdin bat ikus dezakegu mapa batean Afrika eta India aztertzen). «Ondoren, elefantearen herrialdera joan behar duzu, eta gidari bat kontratatu elefanteak non dabiltzan erakusteko». Elefantea harrapatzeko urrats guztiak ageri zaizkigu eta guk, mutiko ile urdindunak hobeto esanda, horiei jarraituz lortuko du (hainbat trikimailuri esker) elefantea harrapatzea eta bere lurraldera, bere etxera, eramatea. Egileak testu gutxi darabil komunikatu nahi duena adierazteko, ilustrazioaren bidez osatzen eta hainbatetan bestelako informazio ugari ematen baitigu. Eta irudiaren erabilera horretan dago, neurri handi batean, liburuaren umorea. Egileak elefante harrapatua aireportura eraman behar dela esaten digu, bai eta «uste baino lan zailagoa» dela (auto gainean sarean harrapatutako elefantea ageri zaigu ilustrazioan), eta aireportuan argazki bat eta pasaportea egin beharko zaizkiola… Baina egoera bitxienak elefante hori etxera eramatean gertatzen dira, harik eta jateari uzten dion arte. «Medikuak arretaz aztertuko du, bihotz-taupadak entzungo dizkio, eta azalduko dizu ez dagoela gaixorik, herriminez baizik, eta lehenbailehen Afrikara itzuli behar duela». Eta horixe da liburuaren mezuari bidea ematen dion gertakaria: «Maite baduzu, joaten utzi behar diozu». Maitasunaz, askatasunaz, sentimenduez, bakardadeaz… horietaz guztiez ari da Vanessa Westgate liburu eder honetan, eta hori dena umore puntu batekin. Liburu honen baliorik handiena, nire ustez, ez baita zer esaten duen edo zeri buruz gogoeta eginarazten digun, baizik eta nola lortzen duen hori, nola kontatzen zaigun aurpegian irribarrea ezabatu gabe askatasunari buruzko istorio hau, taldean gu bezalakoekin bizitzeko dugun beharrari buruzko istorio hau. Eta, gure artean askotan gertatzen den moduan, norbaitek uste badu, edo zuk uste baduzu «errazagoa izango dela lehoi bat harrapatzea… edo zebra bat… edo errinozero bat… berehala ohartuko zara oker zaudela» (eta oker zaudela irudikatzeko testuarekin batera Vanessa Westgatek ilustratutako lehoi haserrea, zebraren lasterketa edo errinozeroren erasoa ikus ditzakegu mutiko protagonista ikaratuz). “Nola harrapatu elefante bat” lanak indar handiagoa du egileak hautatu duen estiloari esker; sinplea da, idazkera zuzena darabil, konplikaziorik gabea (iruzkin honetan ikusi ahal izan den bezala); ilustrazioak ere halakoak dira, pastel koloreak erabiliz, keinuei eta gertakariei garrantzia emanez baina trazu sinple eta argiekin (ikus, bestela, liburuaren azala). Eta sinpletasun horrek are gehiago erakartzen du irakurlea liburuak transmititu nahi duen mezura, askatasunean oinarritutako adiskidetasunera, elkarri errespetua izatera… benetako adiskidetasunak, askatasun eta errespetuan oinarrituriko adiskidetasunak, bizirik dirauelako. Azken orrialdean adierazten den bezala… adiskidetze istorioaren bukaera agian ez delako amaiera.