11 FéV. 2020 ANTZERKIA Bazterreko ahotsaren aldeko manifestua Arantzazu FERNANDEZ IGLESIAS Beheko Larraine taldearen “Manifestu bat” azken antzezlana “Atte hil aurretik” muntaiari tiraka sortu zela irakurri dugu Susaren Ganbila antzerki bilduman argitaratutako “Bazterreko ahotsak” liburuan. Miren Tirapuk antzezlan hartan amonaren munduan harilkatutako kontakizuneko Tomas pertsonaia garatu du oraingo bakarrizketa honetan, harik eta izen gabeko “pertsonaia” (sic) bilakatu den arte. Horrela, Beheko Larraine taldeak hasitako hautu estetikoari ematen dio jarraipena behin betiko dramaturgia definitzen, errazkeria teatraletik guztiz urrun, eta, Grotowski, Kantor eta Artauden proposamenetik gertu, jende xumearen istorioen alde egiten duela. Biluztasuna dugu nagusi agertokian: erdian kutxa bat, kriseilu bat burdinazko hagatik zintzilik, soka zati batzuk. Antzezteko modua naturalismoaren ifrentzuan dago, janzkerak protagonismoaren balizko jite absurdoa iradokitzen digu. Pertsonaia oholtzaren belztasunean azalduko zaigu bere hiletaz, bere ehorzketaz hausnartzen ari dela. Denok berdintzen gaituen heriotza du mintzagai, etorkizun komuna dugun hori, tabuen isiltasunetik aterata antzezlanaren muina bihurtzen da. Kontua da pertsonaiak azken orenari buruz hitz egiten duenaren harira bere bizitzako zertzeladak eskaintzen dizkigula. Horrela jakin dugu, esaterako, bederatzi urterekin mirabe bidali zuela amak, bizitza bazterretik bizi dela, baztertua. Miren Tirapuk hiru ahots ezberdinetan ematen dio arnasa itxura eta arrazonamendu berezia dituen pertsonaiari. Hiru gorpuzkera eta boz ezberdin horiek trantsiziorik gabe gorputzen ditu meritu handiz, baina antzerki-jakinduria hori ez da soilik antzezpen mailan agertzen, oholtzan dauden objektu gutxien zein argazkien nahiz soinuaren erabileran ere argi eta garbi antzematen da. Artefaktu ia borobila eta ausarta da “Manifestu bat”, euskal ikusleek babestu beharko genukeena, euskaraz soilik antzezten diguten antzerkia hauskortasunetik ateratzeko.