GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Lesbos


Lesboseko Moriako errefuxiatuen gunean sartu naiz. Usain txarra dago. Ez dago estoldarik, komunetako urak fosa septikoetara doaz, gainezka egiten dute etengabe, 2.500 lagunentzako tokian 20.000 bizi direlako. Filmatzeko materiala daramat eskuetan; izu naiz lapurtuko ez ote didaten. Nire burmuinak, bere Mendebaldeko progresismo guztiaz ere, ez du txiro/lapur dikotomia hausterik izan, antza. 42 naziotako biztanleekin topo egin dezakezu hemen. Irak, Pakistan, Siria, Libia. Joko geopolitikoaren zehar-kalteak dira, ez dakit ba ote dakiten ere. Ihes egin dute, besterik ez. Jende gehiena bere bat-bateko etxea den karparen ondoan dago, egonean. Atezuan. Azal zurikoa naizenez, so egiten didate, hara zerbait ematera edo zerbait kentzera ote noan kalkulatu nahian edo. Horra albistegietan dozenaka bider ikusi ditudan errefuxiatuak, niri so. Ispilu deformatua balitz bezala, beren begietan neure bizitza ikusten dut: eta ni banintz? Nire herrira etorri izan balira bonbak botatzera? Ni izan banintz han sartu dutena, bere seme-alabekin, bizitza kolektibo kirasdun horretara kondenaturik? Txabola baten ondoan neskatila siriar bat, Barbie panpina eskuan. Muturra zikina du, begi beltzak. Han nahi nuke geratu bere ondoan, betiko, ezer ez sentitu, ezer ez pentsatu. Baina aurrera noa. Kamera piztu dut. Rec. Dena zegoen bezala geratuko da. Ni itzuliko naiz, haiek ez.