GARA Euskal Herriko egunkaria
Hilberria

Hezkuntza, herria josteko haria


Pozetik eta ekinetik bizi izan zen, puntadaz puntada zerbait handia josten ari denaren ilusiotik, baina bere heriotzaren albistea ezin tristeagoa gertatu da. Atzo eguerdian hil zen Joxe Mari Auzmendi, 66 urte bete berritan, gaixotasun baten ondorioz.

Nafarroako Azkaraten jaioa, haurra zela Legazpira joan zen bizitzera familiarekin. Kimika ikasketak egin zituen eta, bere aitaren antzera, Legazpiko Patricio Etxeberrian aritu zen lanean. Baina azkar deskubritu zuen bere pasioa beste norabide batean zegoela, haurretan eta hezkuntzan. Irakasle-ikasketak egin eta Legazpiko Haztegi ikastolan hasi zen. Ondoren, Irakasle Elkartean aritu zen eta bera izan zen LAB sindikatuan irakaskuntza alorreko lehen liberatua.

Bere ibilbide osoan ideia bat izan du iparrorratz: herriari lotutako guztientzako euskal eskola. Gainera, eskolaren sustrai zaharkituak errotik ateratzeko eta eskola berria eraikitzeko lan nekaezina izan da berea. 1995. urtean, ideia horiek parean hartuta, hasi zen Hik Hasi proiektu pedagogikoa sortzen.

Joxe Mari Auzmendik erabat sinisten zuen berean, konbentzituta zegoen herria josteko haririk onena, sendoena eta samurrena neurri berean, hezkuntza zela. Euskaraz hezkuntza aldizkari bat egin zitekeenik inork gutxik sinisten zuen garaian, asmatu zuen bere ingurura aliatuak ekartzen, bere grinak, baikortasunak, pasioak eta ilusioak edonor arrastaka eramateko moduko indarra zutelako. 1995eko maiatzean argitaratu zen lehen “Hik Hasi” aldizkaria. Aurtengo maiatzean beteko ditu proiektuak 25 urte borobil, eta, azken hilabeteetan bere ondoan izan direnek sumatu dutenez, pozik eta lasai joan da Auzmendi, berak ereindakoa dotore loratuta ikusi duelako.

Bisioa eta argitasuna izan ditu bere ibilbide osoan askotariko proiektuak sortu eta bultzatzeko, guztiak norabide berean: hezkuntza, euskara, herrigintza eta giza balioak.

Hik Hasiren baitan, ertz askotara iritsi zen. Haur-jolasetako abestien bilduma interesgarria osatu zuen Katxiporretako lagunekin batera (beren bideak elkarri korapilatuta egon dira urteotan guztiotan), hainbat liburu bultzatu ditu, Gida Pedagogikoa eta Udako Topaketak urteroko bihurtu, “Hazi Hezi” aldizkaria...

Hik Hasitik aparte ere ekarpen oso garrantzitsuak egin ditu; Gunea, Hezkuntza Akordioa, Euskararen Kontseilua... Auzmendi beti zegoen edozein ideia entzuteko prest eta asmatzen zuen horiek ere bere trenera igotzen; hezkuntza, euskara eta herria aldean zeramatzan tren horretara.

Azken urteotan eta azken unera arte, Hik Hasiren Hezkuntza Proposamena, Bizipoza eta Oinherri ontzen eta bultzatzen aritu da bete-betean. 

Pausoa makaldu zion gaixotasunak, baina ez burua. Azken egunotan ondoan izan dituen lagunek kontatu dutenez, azken unera arte jardun da lanean, berean, hezkuntzatik herrigintza astintzen. «Noiz da hurrengo bilera?», izan omen da azkenera arte bere galdera. Auzmendiren begiradak bazuen tasun berezi bat; banatzen gaituena baino gardenago ikusi ohi zuen batzen gaituena. Horixe bere bertutea.

Atzo sare sozialetan Eñaut marrazkilariak Auzmendiren ilustrazio zoragarria zintzilikatu zuen: «Barkatu eragozpenak, zuentzako ari gara jolasten», dio jolasti Auzmendik bertan. Zure jolasa zoragarria izan da.