GARA Euskal Herriko egunkaria
REAL

Zubeldia, 100era iristetik gertu

Bihar Ipuruan jokatuz gero, azkoitiarra zenbaki borobil horretara iritsiko da: «Kristoren ohorea. Oso pozik eta harro sentitzen naiz».


Igor Zubeldia bikain ari da bere aukera aprobetxatzen. Asier Illarramendiren denbora luzeko lesioak gauzak azkartu ditu jokalari azkoitiarrarentzat. Hau da, ostegunean, Mirandesen kontrako Kopako partidan 99 partida bete zituen Realarekin, eta bihar Ipuruan, Eibarren kontrako derbian, 100era iritsiko da.

Gipuzkoarra protagonista izan zen atzo Zubietako prentsa aretoan, Kopan 2-1 irabazi eta egun bat geroago. 100 partidara iristeko pauso batera dagoela galdetuta, pozik agertu zen: «Kristoren ohorea. Oso pozik eta harro sentitzen naiz zenbaki honetara iristeaz. Ez nuke sekula pentsatuko hain gazte zenbaki honetara ailegatzea. Ea hasiera bat besterik ez den eta beste hainbeste lortzen ditugun».

Zenbaki borobil horretara iristearekin batera, garaipena lortu nahi du Zubeldiak Ipuruan. «Eibar Lehen Mailan dagoenetik han ez dugu garaipenik lortu. Badakigu oso zelai zaila dela Ipurua, baina gu kontziente gara hor hiru puntu lortzeko zer egin behar den eta horretara joango gara», adierazi zuen goizeko entrenamenduaren ostean.

Aurreko egunean Realak garaipena lortu zuen Mirandesen kontra Kopan (2-1). «Eskerrak irabazi genuen behintzat. Galdu izan bagenu, ez dakit zer gertatuko zen», azpimarratu zuen agertu diren kritiken aurrean.

«Egia da ez genuela gure egunik onena eduki. Nahiko deseroso hasi genuen partida, ez genuen orain arte egin dugun joko hori erakutsi, baina hala eta guztiz ere, aurrean aurkari on bat izan genuen. Oso partida ona egin zuten beraiek, baina irabaztea lortu genuen eta itzuliko partidara alde txiki batekin goaz», gaineratu zuen.

Gauzak horrela, «optimista izan behar dugu. Badakigu oso zaila izango dela, beraiek etxean oso indartsuak direlako, baina guk erakutsi dugu etxetik kanpo irabazteko gai garela. Orain dela gutxi Bernabeun egin genuen. Baina denok kontziente gara zer dugun buelta horretan eta ahal dugun onena eman beharko dugu», aipatu zuen.

1.048 sarrera Anduvarako

Martxoaren 4an (21.00etan) Anduvan jokatuko den Kopako itzuliko partidarako sarrerak eskatzeko aukera irekia dagoela aipatu zuen Realak. Sarrerak soilik formularioaren bitartez eskatu ahal izango dira eta Realak 1.048 sarrera jasoko ditu.

Ligako 27. jardunaldiko partiden datak eta ordutegiak atera dira jada

Ligak 27. jardunaldiko partiden datak eta ordutegiak iragarri zituen atzo. Alaves izango da jardunaldia irekiko duen euskal taldea: ostiralean, martxoak 6, jokatuko dute, 21.00etan Mendizorrotzan, Valentziaren aurka. Hurrengo partida Bartzelona-Reala partida izango da, Camp Nou zelaian, larunbatean arratsaldeko 18.30ean.

Igandean, eguerdiko 12.00etan, Osasuna-Espanyol norgehiagoka jokatuko da, eta Athleticek beste behin jokatuko du 14.00etan, oraingoan Valladoliden kontra etxetik kanpo, eta irekian eskainiko du Gol-ek.GARA