GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Martxoak 3: memoria eta justizia


Zaramaga auzoko San Frantzisko Asiskoa elizan biltzarra egiten ari ziren milaka langile. Soldatak mugatzeko dekretua salatzeko eta lan baldintzak hobetzeko asmoz, hirugarrengo greba orokorra zuten. %80ko jarraipena zuen grebak. Gas negar-eragileak jaurtikiz atera zituzten langileak elizatik. Bi mila tiro baino gehiago izan ziren, 150 pertsona zauritu eta bost eraildako. Ikaragarria, gaurko begiekin begiratuta ere. Pedro Maria Martinezek 27 urte zituen, Forjas Alavesas-eko langilea zen. Francisco Aznarrek 17 urte, okina zen. Romualdo Barrosok 19 urte zituen, Agrator enpresako langilea zen. Jose Castillok 32 eta Grupo Arreguiko langilea zen. Bienvenido Pereda Moralek 30 urte zituen eta Grupos Diferenciales enpresako langilea zen. Campano jeneralarekin batera, Manuel Fraga Iribarne zen sarraskiaren buru.

44 urteren ondotik, Lluis Llachen “Campanades a morts” abestiak hunkitzen jarraitzen du, sarraskia atzo gertatu balitz bezala sentitzen da. Denboraren erresonantzia-kaxan memoriaren kontra talka egiten duen olatu handi baten modura lehertzen da: «Arrazoien, bizitzen hiltzaileak/ atsedenik ez dezazuela izan zuen egun guztietan/ eta heriotzan gure oroitzapenek jarrai diezazuetela».

Berandu dabil, ordea, begiak estalita omen dituen Temis jainkosa greziarra. Esku batean balantza eta bestean ezpata dituen Justizia anderea. Baiki, herri honek anderearen zain jarraitzen du. Akaso, 44 urteren ondotik Maria Servini epailea dugu Justizia andere hori, ezarritako traben gainetik, Rodolfo Martin Villa orduko Gobernazio ministroa deklaratzera deitu baitu.

Historiak, ordea, bere ubera dakar gaurdaino eta oraindik ere memoria eta justizia eske ari da herri hau. Kapitalaren logika pertsonen gainetik inposatzen baita, kapitala bere helburuak erdiesteko bitarteko guztiak erabiltzeko prest dagoela erakusten baitigu historiak.

Justizia behar dugu frankismoaren zulo beltzetik ateratzeko. Memoria ahanzturaren lanbropean ez galtzeko.