GARA Euskal Herriko egunkaria

Desoreka


Bidaia edo modelito berri moduan azaldu litzazkidakeen gutiziak sufragatzeko nahiarekin, astean birritan etxez etxe andereño gisa moldatzen naiz. Lanak pila bat betetzen nau; pazientziaren izenpean aritzen naiz maiz, noizbehinka kezkak eta bat-bateko ezusteko atzerapausoak motxilan, estutxearekin batera, sartu eta etxera daramatzadan arren.

Azterketa eta txangoei aurre hartu die birus ditxosoak; ikastolak beste kokalekuetan harturiko erabakiak baitan hartu eta ateak itxi, klaseak eten, bai eta ikasle guztiak etxean berrogeialdia egitera bidaltzen dituen desio inozoarekin agurtu nau gaurkoan ikasle hauetako batek.

Akzio-erreakzio katearen bat-batekotasunarekin, nahia gaitzetsi diot; desioak inplizituki dakarren esanahi larria azaldu nahiko nioke, baina Madrilera asteburu-pasa joateko jada antolaturiko bidaiak asmo guztiak blaitu dizkit. Nola aurpegiratu diezaioket hamairu urteko nerabe bati fikziozko filmetako propioa dirudien egunerokotasun ezezagun berri batean murgiltzeko grina, lotsagabekeria arduragabearekin berezko interesak babesten ditudan bitartean? Batzuk aldeko eta besteok kontrako argudioak aurkezten ditugun heinean, dantza zoroaren antza hartu duen tentuz jokatzeko norbanakoaren jarrerak benetan garrantzitsua suertatzen deneko ildoa galtzera garamatzala sumatzen hasia naiz.

Interes propioak, memeak, histeria kolektiboa eta gaian adituak gareneko mozorroak giltzapean biltzeko deialdiak esku eta, gehienbat, hozkailu hutsarekin harrapatu gaitu.