GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Gogoan ditut


Badakit beste gairik ez dagoela denon buru eta ahoetan eta dagoeneko ezer gutxi dagoela berririk esateko. Halere, denon bizitzak azpikoz gora jarri dituen ditxosozko «xomorroaren» inguruan jardungo dut nik ere. Izan ere, gutako asko halabeharrez etxezuloan gauden honetan gogoan ditut norberaren etxeko goxoan egon ezin dutenak.

Hasteko, erietxeetan edo zahar-etxetan gertukoen laztanik gabe hiltzen ari direnak eta osasun zerbitzuetan hori gerta ez dadin ahalegin itzela egiten ari direnak (sendagile, erizain, garbitzaile, anbulantzietako langile, administrari, sukaldariak…). Baita merkatariak, garraiolariak, nekazariak, premiazkoa ez izan arren oraindik beren lantokira joatera behartutako langileak, zabor-biltzaileak eta abar ere eta, nola ez, etxetik ehunka kilometrora dituzten presoak, iheslariak eta guztien senideak.

Baina badabilkit buruan bueltaka beste gizatalde bat ere. Hautetsiena. Bereziki, gure herrietako hautetsiena. «Politikariak denak igualak» maiz entzuten dugu. Eta ez da egia. Gure herrietan ehunka ari dira egunotan maila handia erakusten. Herrietan segurtasun publikoaren ardura zuzena duten dozenaka alkate buru-belarri ari dira egoera lazgarri honek beren herrikideei, batik bat esparru zaurgarrietakoei, eragiten dizkien ondorio tamalgarriei aurre egiteko lanean.

Boris Cyrulnik neuropsikiatra frantziar ospetsua entzun dut berriki. Erresilientzia kontzeptua (pairamenetik birjaiotzea, laburbilduz) jendarteratzeagatik oso ezaguna da. Orain gizakiok erresistentzia fasean gaudela eta gero erresilientziakoa etorriko dela zioen. Erresistentzia garaian talde-espeziaren sena garatzen dugula, gehienetan elkar laguntzeko, bizirauteko. Horregatik segurtasuna ematen digutenak kementzen ditugula, lehen gerrara joaten ziren gazteei loreak botaz, orain mediku eta erizainak balkoietatik txalotuz. Bada, nik alkate eta zinegotziak gehitu nahi ditut, beren familiak, beren burua, bigarren mailan utzi eta, udalen bitartekoekin (urriak izanik ere), herriko familia handia hobekien zaindu eta babesteko dena ematen ari direnak. Biba zuek!