26 MAR. 2020 VILLALIBRE, ADURIZEN ITZAL LUZEAREN ETA GOLAREN MELODIAREN GATIBU «Bufalo» ezizena jarri zioten gernikarrari Lezaman entrenatzen hasi zenean. 2016an egin zuen debuta eta aurten egin ditu lehen golak. Oraindik 22 urte baino ez ditu eta nortasun berezia dauka Asier Villalibrek, taldearen ospakizunetan tronpeta jotzen ausartzen den aurrelariak. Manex ALTUNA Etenda dagoen futbol denboraldi honetako irudi alaienetakoak utzi zizkigun Asier Villalibrek Granadan, Athleticek Kopako finalerako sailkapena lortu ostean. Aldageletako ospakizunetan tronpeta atera eta jokalari guztiekin batera zale zuri-gorriek abesten duten doinuetako bat jo zuen guztien gozamenerako. Gernikarrak 2020aren hasiera honetan talde zuri-gorrian izandako eragina ikasturteko albiste pozgarrienetariko bat izan da Gaizka Garitanoren Athleticentzat. Gainontzekoak bezala, etxetik irten gabe dabil egun hauetan Villalibre. Goizez eta arratsaldez ariketa fisikoak egin, kozinatu edo pelikulak ikusten dituen artean tronpeta jotzeko denbora ere badauka. Ezohiko egoera honen jakitun, txaloak eta eskerrak bidali nahi izan dizkio «jende guztiari» izaten ari den jarrera orokorrarengatik. Alde horretatik, zaintzen gaituzten medikuen jarduera goraipatu du, baina baita ere «kalean lanean daudenak edo dendetan ari direnak guk janaria erosi ahal izateko. Gizarteari laguntzen dabiltzan denak, etxean geratzen direnak ere bai. Hori egin behar da eta». Otsailaren erdialdean lesionatu ondoren, gainditu ditu bizkarreko minak eta entrenamenduak gelditu aurretik taldekideekin batera lan saio bat egin ahal izan zuen Lezaman. Kostata izan bada ere, Villalibrek Garitanoren hamaikakoetan sartzea lortu du gutxinaka. Liga eta Kopako 13 partidatan jokatu du eta 6 aldiz hasieratik zelairatu da. Bazekien gaztea izanik zaila izango zuela jokatzea eta udan irteteko zorian izan zen. Azken unean ez zuen akordiorik lortu eta Athleticen geratzea erabaki zuen. Villalibrek kontatu digun moduan, Garitanok iragarri zion «ez pentsatzeko ez dudala jokatuko, lan eginez gero etorriko zirela aukerak eta ez etsitzeko». Villalibreren ibilbidea ez da ohikoa eta gorabeherak bizi izan ditu. Basconiarekin eta Bilbao Athleticekin gol piloa egin ostean, 2016ko abenduan debutatu zuen Athleticekin Ernesto Valverderen eskutik. Aduriz sasoi betean zegoen eta utzita joan behar izan zuen minutuen bila Bigarren Mailako Numantzia, Valladolid eta Lorca bezalako taldeetara. Gutxi jokatu zuen eta joan den denboraldian Bilbao Athleticera itzuli zen eta 23 gol egin zituen Bigarren B Mailan. 22 urte ditu oraindik eta presio pixka bat igartzen du badakielako zale askok Adurizen ordezko gisa ikusten dutela. Donostiarrak ematen dizkion aholkuak hartzen ditu eta jokalari gazteekin «pazientzia, konfiantza eta lasaitasuna» behar direla nabarmendu du. Golak eta Kopako penaltiak Gernikarrak dioenez, Adurizek utziko duen hutsunea betetzea zaila izango da, ez da bere moduko besterik egongo. Biak aurrelariak diren arren ezberdinak dira. Villalibre ezkertia da eta errematatzaile bikaina –gol gehienak lehen ukituan egiten ditu–, baina bere dohainak definitzerakoan espaziora korrika egitea eta gorputza baliatuz baloiari eustea gogoko duela dio. Izan ere, mutil indartsua da eta txikitan Lezamara entrenatzera joaten hasi zenean «Bufalo» ezizena jarri ziotela kontatu izan du. Horren adibide, Osasunaren kontrako derbian 10. minutuan bizkarreko orno bat apurtu ostean atsedenaldira arte zelaian jarraitu zuela. Jokatzeko lehen aukera Levanteren kontrako partidaren aurretik Aduriz lesionatu zenean iritsi zitzaion. Hortik aurrera taldearen dinamikan sartzen joan da eta 2020an Villalibrek hiru gol egin ditu. Sestao River taldearen kontrako kanporaketan lortutako golekin sekulako «pisua kendu» zuela gainetik azpimarratu du eta Espanyolen aurka egindakoarekin «hitzez deskribatu ezin daitekeen ilusioa eta harrotasuna» sentitu zuen. Kopako penaltietan ere erabakigarria izan zen. Elxen oso urduri zegoela dio eta gaizki bota arren barrura joan zela, zorte ona izan zuelako. Horri esker, Tenerifen lasaitasun osoz egin zuen kanporaketa gainditzeko balio izan zuen jaurtiketa. Orsai, Athleticen aldagelan osatutako musika taldea EITBk bultzatutako “Lau teilatu” kantuaren moldaketa bat eginez jakin genuen Athleticen aldagelan musika talde bat osatu dutela hainbat futbolarik. Dani Garciak jotzen du bateria eta Iñigo Lekuek baxua; gitarra astintzeaz Vesga, De Marcos eta Balenziaga arduratzen dira eta Asier Villalibre da «frontman»-a eta tronpeta jotzailea, beharrezkoa bada. Gernikarrak nortasuna daukan erakusle; izan ere, futbola musika mundura eramanda, taldeko abeslaria golegilea izango litzateke, baita tronpeta ere haize sekzioan. Orsai da taldearen izena eta eskola zaharrekoek jokoz kanpokoari esateko ingelesezko «offside» hitzari egindako moldaketa da. Beren musika gustuei buruz galdetuta, aitaren eragina aipatu du. U2 irlandarrak edo Queen bezalako rock talde handien zalea dela dio beste askoren artean, baina Euskal Herriko taldeen artean izen bat nabarmendu du: Gatibu. Villalibre bezala, Gernikan sortutako taldea da eta haien kantuak asko entzuten dituela aitortu du. Ildo horretan, Alex Sarduik abesterakoan daukan estiloa beretzat erreferentzia dela dio. «Rockzalea naiz batez ere, ‘Lau Teilatu’-n ahots finagoa jartzen saiatu nintzen eta oso txarto atera zen», dio umorez.M.A.