30 MAR. 2020 ZIRIKAZAN Kurbaren erpin ostekoa Josebe EGIA Gai bakarraren aro honetan, sekulakoa dugu desinformazioa, paradoxikoki. Hainbeste berri, erreportaje, elkarrizketa eta artikulu artean, nik neuk oraintxe bertan kontu bakarra daukat garbi samar: kurbaren erpina (amets eta guzti egiten dut esamoldearekin) heltzear dago, eta, albiste ona badirudi ere –eta izango da jendeak hiltzeari utziko badio, langileak etengabeko arriskupetik aterako badira, estatu polizial aztoragarri hau amaituko bada–, badator gainbehera sozioekonomikoa, eta ez nolanahikoa, gainera. Ziurtasun horrek, aldi berean, nahiz eta albistegi, erreportaje, elkarrizketa, artikuluetan eta enparauetan ez den ari aztertzen, edota nabarmentzen, behar den moduan, beste hau dakar: gainbehera are gainbeheragoa izango da aurretik ere zailtasun ekonomiko gehiagorekin bizi zirenentzat, lan-arloan ezegonkortasuna azalari itsatsirik zutenentzat, lan egiteko aukera eskasak, eta txar baino txarragoak, zituztenentzat, baina datorren honetan, gainera, are gehiago beheratuko ditu gizarte-eskalan gorago egondako askoren maila-jaitsierak. Izan ere, esan eta esan ari diren arren Covid-19ak ez duela ulertzen herrialdez, gizarte-klasez edota generoz, ez da egia; hobe esanda, baliteke hark ez bereiztea, baina bai haren ondorioak kudeatu behar dituztenek, orain arte ederki erakutsi duten bezala, errefuxiatuekin eta, oro har, etorkinekin, kasurako: «Lehenengo gu, eta gero, izatekotan, zuek». Hain justu, Europako iparraldeko zenbait herrialdek erakutsitako jarrera bera hegoaldekooi, birusaz batera mundu-mailako ipar-hego (aberats-txiro) harreman desorekatu eta gaiztoa Europa zahar eta noblera ekarrita: jarrera berekoia, ankerra, izorrai erakoa. Ondorioz, zeharo haserre dabil, nola bestela!, Espainiako gobernuburua, besteak beste; erabat mindua aberatsen elkartasunik eza dela eta; ezin kezkatuago orain arte nahiko ondo bizi izandako bere lurraldeko herritarrek pilaka pairatuko dutenarekin. Ohartu da, halako batean, pandemiak osasuna ez ezik, beste funtsezko zerbait ere kolpatu duela: sistema bera, noble-eskuzabal-gizatiarretik ezer ez duen eraikuntza europarra bera. Hortxe erronka, erpin ostean aldapan behera hasten garenerako: aterako al dute ikasbiderik agintari suminduek, gero beren herrialdeetako herritar guztiok norbere berezitasunak aintzat hartuta zaindu ahal izateko, munduan horrenbeste herrialdek eta lagunek aspalditik jasaten duten oinaze eta amorrutik?