01 AVR. 2020 Defentsarik onena Iker BIZKARGUENAGA Kazetaria Hautsak harrotu ditu, nola gainera, koronabirusaren krisiaren gainean, eta zehazki jarduera ekonomikoaren etetea dela-eta, EITBk izan duen jokabideak. Patronalaren eta Lakuako Gobernuaren bozgorailu izatea leporatu zaio azken egunetan, eta kritika zorrotzak egin zaizkio... berriro ere. Izan ere, gai honetan lehengo lepotik burua; aspaldikoa da auzia. Betikoa, egian esan. Etxea sortu zenetik berarekin baitarama eztabaida, haren izaerari berari heltzen diona. Azken finean, irrati-telebista publikoak, beharrezkoa duen kontrol parlamentarioaz gain, irizpide politikoz hautatutako zuzendaritza izan du hasieratik, eta horrek ekarri dizkio aje guzti-guztiak. Irizpide politikoz hautatutako zuzendaritzak irizpide politikoz jokatzen duelako, eta irizpide horrek dena blaitzen duelako, jarduera osoa. Horrek, gainera, ikus-entzuleak zuzenean interpelatzen ditu eta harekiko jarrera politiko bat hartzera behartzen ditu, sarritan gogoz kontra. Gure belaunaldia egun batetatik bestera pasa zen Dotakonekin gozatzetik Jose Maria Callejak iraindua izatera. “Demokrata” eta “biolentoen” garaia zen eta EITB modu argian lerratu zen. Eta, noski, ikus-entzule asko harengandik aldendu ziren, minduta. Inori ez zaio gustatzen albistegia jarri eta aurkezlea norberari buruz sekulakoak esaten ikustea. Hori gertatu zen, eta gero zauriak ixteko, mesfidantzak leuntzeko, komeriak. Adibide bat da. Patxi Lopezek EITBn jarritako zuzendaritzak eguraldiaren mapa aldatzeaz gain apartheid politikoa ezarri zion herri honen sektore zabal bati, dagoeneko bere burua gaizki tratatua ikusten zuenari, hain zuzen. Eta, tira, Alberto Surio alderdikeriaz aritu bazen, zer esan gaur EAJko buru den Andoni Ortuzarri buruz? Bingen Zupiria, Iñaki Zarraoa, Josu Ortuondo... zergatik hautatu zituzten? Zer dute komunean? Inork ez die baliorik ukatuko, baina, aizue, ez ginen atzo jaio. Irrati-telebista publikoa tresna bat da, Gobernuaren tresna. Alderdi zehatz batena, kasu honetan. Ia leku gehienetan gertatzen da, bai, baina ez da aitzakia eta ez da kontsolamendua. Oinarrian dagoen arazoa da, zornea bezala noizean behin ateratzen dena. Eta tamalgarria da, besteak beste, Euskal Irrati Telebistan sekulako profesionalak daudelako, kameren eta mikrofonoen aurrean eta atzean lan itzela egiten dutenak, eta ez dute merezi honek guztiak eurak auzitan jartzea. Baina jartzen ditu. Horregatik, beraien lana eta EITB bera defendatzeko modu eraginkorrena kontrol publikodun baina alderdikeriarik gabeko eta kudeaketa profesionala izango duen hedabidea aldarrikatzea da. Bidea hor dago, inork ibili nahi badu. EITB defendatzeko modu eraginkorrena kontrol publikodun baina alderdikeriarik gabeko eta kudeaketa profesionala izango duen hedabidea aldarrikatzea da. Bidea hor dago, inork ibili nahi badu