GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Andoni


Elkar ezagutzen ez genuela egin zenidan lehen oparia. Horrezkero familiakoa zen zure alaba Ioneren bitartez bidali zenigun liburua. “Feminismo, transición y sanfermines del 78”. Ederra izan zen zuri esker Bego Zabalari egindako elkarrizketa hura. Zein ederra izan zen zu eta Inma ezagutu zintuztedan eguna. Nafarroaren historiaren gordeleku den Orreaga ondoko herri eder batean hasi ginen hizketan. Gasteizko 1976ko martxoaren 3az mintzatzen hasi zinen. Une horretatik bertatik, Andoni, bilakatu zinen nire familia.

Agur esatea ere ezinezkoa zaigun garaian, adiorik ez esatea izan liteke onena. Gera zaitez, beraz, eta segi zure bidea erakusten, egun hauetan inoiz baino beharrezkoagoak diren lezioak ematen. Segi gurekin eta emaguzu zuk izandako indarra, Madero. Egurra bezain gogorra, kementsua eta egurrak pizten duen sua bezain goxoa, beharrezkoa.

Idazle bati entzun diot «egoera honetatik aterako gaituen diskurtso bakarra ontasunarena dela». Eta horixe bera zen zurea. Zu, zure osotasunean, eskuzabaltasunaren eta ontasunaren diskurtsoaren militante zintzoa izan zara. Utz zenezakeen oparirik onena. Aterako gara hemendik, Andoni, baina gurekin behar zaitugu. Segi gurekin, arren. Erakutsi justizia maitatzen eta guk ere maitatuko ditugu zureak zuk maite izan dituzun moduan. Jarraituko diogu zuk egindako bideari, ontasunaren matxinadari.