06 AVR. 2020 ZIRIKAZAN Abestiei esker Josebe Egia Ahotsagatik izango zen, hain atsegina, sakona; ziurrenik, harengatik dut txikitatik zenbait ahotsekiko grina hau. Luis Eduardo Aute zendu da, eta haren itzaltzeaz batera pizkundea gertatu da nire aspaldiko oroitzapenen kutxan. Ez al da polita; bizigarria, behintzat? Dena eritasuna, konfinamendua, polizien eta auzoko ozpinduen zaintza, ziurgabetasuna… den honetan? Haren abesti bati esker konprenitu nuen, aitaren ahotik, demokrazian neba-arreben arteko etorkizun solidarioa hitzeman zutenek nolako ziri mingarria sartu zieten askatasun- eta berdintasun-egarri ziren herritar guztiei. Nola abestiak ez diren guztiak hasiera batean ematen dutena, ez diren guztiak festa eta denbora-pasa hutsa; nola abesti batek kontzientziak astin ditzakeen, besterekin harremanetan sartzera bultzatu. Sistemari begira aldarrikatzailea eta kritikoa izan zen artista, ez zion bere burua demokrazia horri saldu, eta latza da halako pertsona baten ahotsa, oihartzuna, betiko itzaltzea. Haren abesti bati esker ikasi nuen concupiscencia (haragikeria) berbaren esanahia, amaren ahotik. Gogoan iltzatuta geratu zait une hura, zaila egin zitzaidalako hitza bera ondo ahoskatzea lortzea; gaitza, halaber, esperientziarik eza tarteko, kontzeptua ulertzea. Nire haragian sentitu nuen lehenengo aldian, baina, berehala identifikatu nuen, eta naturaltasunez bizi, amak ezin ederrago eta libreago esplikatu baitzidan zer den beste pertsona batekiko desira, eta gorputzen arteko grina, izan emakume izan gizon izan sexu bera izan sexu desberdina dutenekiko pertsona orok sentitzen duguna. Maitasunari eta sexuari kantatzeari, eta errealitatean gertatzen den bezala ez beti nahitaez bata bestearekin uztarturik, sekula ez zion utzi artistak, eta latza da egun hain banalizatuta dauden kontzeptu bi horiei halako errespetuz eta dotoreziaz abesten zienaren ahotsa betiko itzali izana. Haren abesti bati esker ikasi nuen zer den beste pertsona batekin elkartuta egotea, begietan zehar barruraino sakonki begiratuz nire eskutxoari tinko heldu ziotelarik ikasi ere. Sentipen hori, egunotan, ohi baino biziago dut barnean, eta pozgarria da pentsatzea ahots zehatzak hil arren, garai gogorrak bizi arren, gertukoak urrun egon arren… elkartasun-, askatasun- berdintasun- eta maitasun-grina hazi baino ez dela egiten ari. Beharbada, zergatik ez, neba-arreben arteko etorkizun solidarioa eragozten duten egungo harresi guztiak eraisteko adina.