GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Itsaski iragarpenetatik surf webguneetara

Egun Internet sarean surf albisteen berri ematen duten webgune andana topa ditzakegu, baina hastapenetan surf komunitateari lotutako webguneak itsaski iragarpenak emateko sortu ziren. Surfline webguneak ezin hobeto irudikatzen du webguneek izan duten bilakaera.


Gaur egun surflariek ez dute egunero itsasoa ikustera joan beharrik, ezta egunkarietako isobara mapak irakurri eta datozen egunetan izan daitezkeen itsasoko baldintzak asmatu beharrik ere. Egun, itsaskien iragarpenak edonoren esku daude Interneten. Ez dago aditua izan beharrik datozen egunetan izango diren baldintzen iragarpenak ulertzeko.

Horrez gain, hondartza askotan ezarriak diren webcamek unean uneko irudiak erakusten dituzte eta erreferentzia ezin hobea dira itsasbazterrean bizi ez diren surflarientzat. Baina, kamera horiek kostu bat dute, ez ditu edonork erabilera publikorako ezartzen. Irudi horiek ikusi nahi dituena webgune jakinetara bideratzeko bitarteko egokiak dira webcamak.

Surflariak ez diren pertsonentzat ere interesgarriak izan daitezke itsaski eta eguraldi iragarpenak, baina guztiek bitarteko berberak erabiltzen dituzte. Surflariak aitzindariak izan dira itsaski iragarpenen berri emateko bitartekoak eskaintzen. Surfline webgunearen historiak oso argi adierazten du eremu honetan azken 35 urteetan izan den bilakaera.

Iragarpenik ez

Itsaskien iragarpenak ez dira aspalditik egiten. Gurean, adibidez, arrantzaleek beren erreferentziak zituzten hurrengo egunetan izan zitezkeen baldintzak aurreikusteko, baina ez zituzten bitarteko zehatzak, urteen poderioz eskuratutako esperientzia soila baizik.

Matt Warshaw surflari mitikoak “The encyclopedia of Surfing” liburuan azaltzen zuenez, «1950eko hamarkada arte inork ez zuen ongi ulertzen olatuak zehazki nola sortzen diren eta are gutxiago kostaldera nola iristen diren».

Sasoi hartan Malibuko hondartzan oso famatua zen Lord Gallo surflariak, adibidez, 1957an argitaratu zuen liburuan esaten zuenez olatu handiak maizago izaten ziren Ozeano Barean hidrogeno bonbak jaurtitzen zirenean.

Itsaskien ikerketa zehatza Bigarren Mundu Gerran hasi ziren egiten. Normandiako lehorreratzea egiteko itsaski txiki bat behar zuten ontziek eta ahalik eta iragarpen zehatzenak egiteko bitarteko guztiak jarri zituzten militarrek.

Lehen meteorologia satelitea 1960. urtean jaurti zuen NASAk zerura eta 1970eko hamarkadan dozenaka buia ezarri ziren Ozeano Barean zein Atlantikoan, itsaso zabaleko informazio erreala izateko.

Surfline

Bere hastapenetatik, mundu osoko surflarientzako eredu izan da Surfline webgunea, aitzindaria izan baitzen sarean surflarientzako informazioa zabaltzen. Telefono bidezko itsaski iragarpenak eskaintzen hasi ziren; gero, Internet sortu zenean, iragarpenak sarean zabaltzen zituzten, beranduago surf albisteak, txapelketako emaitzak eta bideoak argitaratzen hasi ziren eta egun eskaintza oso zabala aurki daiteke Surfline webgunean. Ordea, oinarrian, itsaski iragarpenek jarraitzen dute webguneko ardatz nagusia izaten.

Egoitza nagusia Kaliforniako Huntington hondartzan duen Surfline webguneak egunean 175.000 bisitari jasotzen ditu. Egun 50 langile ditu enpresak eta munduko urautsi famatu guztietan webcamak ezarriak ditu, ondorioz egun munduan den kostako HD kameren transmisio hornitzaile handiena da.

Horrez gain, iragarpen zehatzak egiteko bitarteko esanguratsuak ditu, izan ere, Buoyweather.com eta Fishtrack.com erosi zituenetik itsaso zabalean ezarriak diren buien informazio zuzena jasotzen du.

Hiru lagunek sortu zuten Surfline 1985. urtean Kalifornian. Jerry Arnold, Craig Masuoka eta David Wilk nabigazio txostenak telefono deien bidez eskaintzen hasi ziren. Hasieran kostatik hurbil bizi ziren 40 bat surflariren laguntza izan zuten, goizero itsasoaren egoeraren berri ematen baitzieten.

Itsas iragarpenen berri izan nahi zuen bezeroak, 213 edo 818 zenbakira deitu eta 90 segundo irauten zuen mezu bat entzuten zuen 55 zentimoren truke.

Egunean bi txosten kaleratzen zituen enpresak, bata eguzkia atera eta 15 minutura, eta bestea arratsaldeko 14.15ean. Lehen hilabetean 6.000 dei jasotzen zituzten egunero; beraz, eskaintza zabaltzea erabaki zuten eta Kaliforniatik harago, Texas eta Floridan ere iragarpenak eskaintzen hasi ziren.

Sean Collins eta Internet

Surfline enpresak indar handia hartu zuen 80ko hamarkadaren amaieran, itsas iragarpen fidagarriak egiten zituen Sean Collins surflaria batu zitzaienean. Hasiera batean telefono-dei zerbitzu propioa eskaintzen zuen Collinsek, baina 1991. urtean buru-belarri hasi zen lanean Surfline enpresan, eta 90eko hamarkadaren amaierarako urtean milioi bat dei jasotzen zituen enpresak.

Sasoi hartan oraindik fax bidez igortzen zituzten itsas iragarpenak eta datu fidagarriak eskaintzeko laguntzaile sare handi bat osatu behar izan zuten, baina gauzak bat-batean aldatu ziren Internet sarea agertu zenean.

Internet sarea erabiltzen ere aitzindariak izan ziren. 1995eko apirilaren 27an ireki zuten webgunea eta oraindik Internet erabiltzeko ohitura oso hedatua ez zegoen arren, jada mundu osoko bisitariak izaten hasi zen eta urte gutxiren buruan hilean 500.000 bisitari izatera iritsi zen.

Lehen webcama ezartzen ere lehenak izan ziren. Huntingtonen jarri zuen zirkuitu itxiko zainketa kamera bat Collinsek 1996an eta sekulako arrakasta izan zuenez, Kaliforniako leku desberdinetan kamerak ezartzeari ekin zion. Surflari asko kameren kontrakoa zen hasieran eta kamera asko hautsi zituzten.

«Zientzia, artea eta datuen kudeaketari esker olatuen iragarpenak bi aste lehenago jakin ditzakezu», zioen Surflineko iragarkiak. Aldi berean, surfari lotutako albiste, erreportaje, argazki eta bideoak eskaintzen hasi ziren eta munduko surflarien erreferentziazko webgune bilakatu zen.

Hasieran kamerek bost minutuan behin hartzen zuten irudia bakarrik erakusten zuten, baina denborarekin teknika hobetu eta kamera andana ezarri zituzten. Horrela, egun munduan webcam gehien ezarriak dituen iragarpen enpresa da Surfline. Mundu osoko enpresei eskaintzen die zerbitzua, baita militarrei ere; izan ere, urteen poderioz iragarpen oso zehatzak egiteko sistema osatu dute.

Ozeanografoek, matematikariek, ingeniariek eta ozeanoen zientzietako langileek elkarrekin lan egiten dute iragarpen zehatzak eskaintzeko, eta erabiltzen dituzten bitartekoak punta-puntakoak dira, ozeanoetan ezarriak dituzten buiekin eta orbitan dituzten sateliteekin unean uneko informazioa jasotzen baitute.

«Alaplaya»

Gurean Alaplaya.com webgunea izan zen Surflineren antzeko pausoak eman zituen webgunea. 1999. urtean sortu zuen Pablo Azkue zarauztarrak. Goizero Zumaia eta Zarautz artean argazkiak atera eta goizeko 9.30erako webgunean zintzilikatzen zituen. Hortaz, hondartzetako egoera eta itsaski iragarpenak eskaintzen zituen lehen urteetan.

2003. urtean Euskal Herri osoko hondartzen 360 graduko panoramikak egin zituzten, mutur batetik bestera, 103 hondartzen irudiak hartu zituzten, eta webgunea indarra hartzen hasi zen. Txapelketen eta bertako surflarien berri ere ematen hasi ziren eta surflari askok parte hartzen zuen foro bat ere sortu zuten.

Lau laguneko taldetxoa osatu eta lana banatu zuten. «Batek, eguraldi kontuak, besteak argazkiak, besteak webguneko lanak, eta besteak foroetako testuak», azaldu zuen Azkuek atal honetan bertan 2012ko martxoan argitaratu zen elkarrizketa batean. Urte hartan itxi zuten webgunea, haien iritziz surf munduan giroa asko gaiztotu zelako. Honela azaldu zuen Azkuek webgunearen itxieraren zergatia: «Marrazoak agertu dira eta izurdeak bagoaz».