07 AVR. 2020 JOPUNTUA «Baiii... oraintxeee!» Maider Eizmendi Kazetaria Arau asko jartzen eta hausten ari gara azkenaldian etxean. Elkarbizitza nolabait erregulatu behar da, ez dugu eta inoiz horrenbeste denbora izan elkarrekin bizitzeko. Horietako bat da: «kontu batzuk ez dira nahi ala ez nahi; dira bai ala bai!»; gure pailazo maiteek lagundu digute arau honen bidea leuntzen, haien esanak gureak baino itsaskorragoak dira eta. Beste batek denborarekin du zerikusia. Zaila da hau arautzea ia mugarik ez duela dirudienean eta erlojuaren orratzak irakurtzen ikasi ez denean, baina orain, orain da eta ez «baiii... oraintxeee!». Jaso genituen irakaspen berberen transmisio behartuan alegia. Baina haurrei ez ezik, gurean agintariei ere egiten diegu eskaera bera eta jakitun naiz ez garela bakarrak. Ekainerako aurreikusiak zeuden oposizioak Bigarren Hezkuntzan. Gure etxeko egutegian gorriz margotua dago aspaldidanik seigarren hilabeteko hogeigarren egun hori. Baina egoerak ezbaian jarri du orain azterketa horiek egiteko aukera izango ote den. Estatu espainolean hainbat tokitan jada hartu dute datorren urtera atzeratzeko erabakia. Nafarroan ere 2021ean egingo direla jakinarazi zuten arduradunek. Lakuako Hezkuntzako sailburuak, Cristina Uriartek, oposizioak aurten egiteko asmoari eutsi zion martxoan eta ez du aldaketarik jakinarazi orain arte behintzat. Bistan da zaila izango dela, baina arre edo so egin arte, azterketak prestatzen ari diren horientzat ez dira samurrak aste eta egun hauek. Online irakaspenak esfortzu, denbora eta esperimentu asko eskatzen du eta, horri zaintza gehituz gero, apenas dago beste ezertarako denborarik. Loari denbora kenduta aritu beharra dago, baina ziur jakin gabe esfortzuak mereziko ote duen, azkenean egingo diren ala ez. Bada honetan ere erabakiak atzeratzen iaio ari dira, osasun krisi honen baitan beste hainbat gauzatan egin den modu berean. Ohitzen hasi gara jada hasieran ezezko biribilak zirenak, geroxeago, «agian» izatera; eta «bai noski» azkenean. «Nahi edo ez nahi, bai ala bai» izango da seguruenik, baina bien bitartean «baiii... oraintxeee» zalantzazkoan jarraituko dute. Lakuako Hezkuntzako sailburuak oposizioak aurten egiteko asmoari eutsi zion martxoan eta ez du aldaketarik jakinarazi orain arte behintzat. Bistan da zaila izango dela