13 AVR. 2020 ZIRIKAZAN Gu, komunitateok Josebe EGIA Aberri Egunean idazten ari naizelarik, musika heltzen zait kaletik, ez dakit zenbat denboran lehen aldiz; euskal abestiak dira denak, irrintziz eta garrasiz lagunduak. Bihotza izugarri pozten ari zait, ikusirik jada luze egiten ari zaigun itxialdi hau ez dela gure komunitatea ahultzen ari, kontrakoa baizik: haren gogoa, irmotasuna, nortasuna, konpromisoa… inoiz baino sendoago daude, inoiz baino ziurrago eta tinkoago erakusten ari gara –ezin dugulako ohi bezala irudimenak sorturiko beste mila era ederretan– ez dugula asmorik pandemia honen ondorioek amets dugun Euskal Herria zaputz dezaten, Euskal Herri euskalduna, feminista, sozialista, ekologista eta internazionalista. Mundu mailako kinka honen ondoriorik garbiena, eztabaidaezinena, komunitateen beharraren onarpen eta aitorpen unibertsala izan beharko litzateke; ondorioz, komunitateak sendotzeko, hedatzeko eta zaintzeko, munduko agintariek, herrialdeetakoek, norabidea aldatu beharko lukete, diru-kapitala barik giza kapitalaren balioa eta indarra jomugan jarri, orain arteko kapitalismo basatia betiko baztertu, zeinaren eguneroko ondorio lazgarriak, zein eta zeinentzat, inoiz baino ageriago dauden osasun-krisialdi honetan. Izan ere, denok ez gara berdin bizitzen ari, denok ez gaudelako baldintza beretan, «denak etxean geratu» agindu orokorrak ez dituelako jendearen aurreko bizimoduaren berezitasunak kontuan hartzen, ez eta, benetan, «denak» ere, ekonomiaren salbazioaren izenean. Komunitateok, bestelako bizi-filosofia batek aspalditik saretu eta kideen artean autoindartuok, munduan gailenduriko gizarte-egitura zanpatzaileen aurkako borrokan egunero zailduok, urrezko aukera dugu pandemia fisikoki isolatzaileak baina aldi berean sozialki hurbiltzaileak eragin duen une historiko honetan, bai orain bai gero. Orain etxean gaude (gehienok, ez denok); gero krisialdi ekonomikoa biziko dugu, latza, aurrekoa baino are latzagoa. Baina desberdintasuna handia izango da: duela hamarkada pasatxo herritar gehienok (presoak aparte) ez genekien zer den bakarturik bizitzea, besterekin aurrez aurreko harremanik eduki ezin izatea, ez genuen inoiz pausaldirik egin benetan zerk inporta duen hausnartzeko, eta balioesteko. Orain, aldiz, lehen baino jende askoz ere gehiagok du argi, beste ezeren gainetik, komunitaterik gabe, pertsonon arteko elkartasun, zaintza, maitasun, errespeturik gabe… ez nirea, ez zurea, gu guztion bizitza pikutara doala.