13 AVR. 2020 Surfa «Shaka» keinua, surflarien agurra Surflariek eskuarekin egiten duten keinu famatuaren jatorria zein den ez dago argi baina, zalantzarik gabe, surflarien ikur bilakatu da. Erabilera eta esanahi anitz ditu «shaka» keinuak. Hona hemen, berorren inguruko zenbait teoria eta istorio. Haritz LARRAÑAGA Shaka keinua hatz txikia eta erpurua tenkatuz surflariek agurtzeko erabiltzen duten ikur famatua da. Egun esanahi asko ditu keinu honek eta, herrialdearen edo komunitatearen arabera, izena eta esanahia ere alda daitezke baina, zalantzarik gabe, surflariek erabiltzen duten keinuak Hawaiiko kulturan ditu sustraiak. Ipar Amerikan eta, batez ere, Kalifornian, 60ko hamarkadan surfa hedatzearekin batera, surflarien arteko keinu bat ere zabaldu zen. Hawaiiko surflariek beren lagun amerikarrak agurtzeko erabiltzen zuten keinua gustuko zuten amerikarrek, eta horrela zabaldu zen agurra surflarien artean. Iparramerikarrek izen berri batekin bataiatu zuten hawaiiarren keinua: hang loose. Hitzez hitz, “zintzilikatu aske” esan nahiko luke, keinuak irudikatzen duen ikurrari erreferentzia eginez. Geroago, Europa, Ozeania, Asia eta Afrikara hedatu zen jada surflarien ikur bilakatu zen keinua, eta surfean bakarrik ez, beste itsas kiroletan ere erabiltzen hasi ziren. Zenbait aktore eta rock izarrek ere beren egin zuten surflarien keinua, baita politikariek ere. Barack Obama, AEBetako presidente ohiak, esaterako, sarri egiten zuen shaka keinua. «Shaka»: Mundu mailako keinua Keinu honen esanahiari dagokionez, ordea, Hawaiiko kulturatik harago, esanahi ugari izan ditzake. Txinan, adibidez, 6 zenbakia irudikatzen du. Errusian, berriz, garagardo bat hartzeko gonbita irudikatzen du, eta Karibeko uharte batzuetan sexu harremana adieraz dezake. Ingeleseko Oxford hiztegi ospetsuaren esanetan, shaka hitzaren jatorri etimologikoa ezezaguna da. Buda izendatzeko erabiltzen zen izen japoniar bat izan daiteke oinarrian, baina ez dago froga zehatzik. Edonola ere, honela definitzen du shaka hitzaren esanahia Oxford hiztegiak: «Baieztapena edo elkartasuna adierazteko erabiltzen den keinua, baita bi pertsonak elkarri kaixo edo agur esateko ere». Ikertzaile polinesiarren arabera, shaka hitza ez omen da hawaiiar jatorrikoa, baina inor gutxik jartzen du zalantzan keinuaren hedapena uharte hawaiiarretatik hasi zela. Aztarna fidagarrienak Hamana Kalili arrantzalea du abiapuntu. 1882an jaio eta 1958an Laie herrixkan hil zen arrantzale hawaiiarrak eskuin eskuko hiru hatz (hatz erakuslea, erdikoa eta nagia) galdu zituen Kahuku azukre errotan lanean ari zenean istripua izanda. Ondorioz, lan egiteko zailtasunak zituela eta, Sunset Beach eta Kaawa arteko ibilbidea egiten zuen trenean, azukrea garraiatzeko trenean, hain zuzen, zaindari gisa lanean hasi zen. Trenera igo nahi zuten haurrak uxatzea zen zaindariaren eginbeharretako bat, herri batetik bestera joateko trenera igotzen saiatzen baitziren haur bihurriak. Polizoiek, beren artean komunikatzeko erabiltzen zuten keinu sisteman, zaindaria begira ez zegoela adierazteko Hamanaren eskuin eskua irudikatzen zuten, iseka eginez. Hau da, shaka keinua egiten zioten elkarri. Beste kontakizun batzuek David Lippy Espinda izeneko pertsonaia baten istorioa aurkezten dute shaka keinuaren iturburu gisa. Antza, bigarren eskuko autoak saltzen zituen pertsonaia honek Oahu uhartean, eta shaka keinuarekin kasu egiteko ohitura omen zuen. Telebistan zenbait agerraldi egin zituen 60ko hamarkadan eta shaka keinuarekin agurtzen zituen ikusleak. Geroago, Hawaii Five-0 edo The Brady Brunch telesailetan ere agertu zen estra moduan lan egiten. Espinda aktorea shaka keinuaren aitzindari gisa aurkeztea, ordea, askotxo litzateke baina, zalantzarik gabe, keinu horren zabalkundean asko lagundu zuen. Keinuaren erabilera sustatu zuen beste pertsonaia ezaguna Frank Fasi izan zen, 60ko hamarkadan Honoluluko auzapeza izan zena. Politikari hau ere ikur bera erabiltzen hasi zen eta hortik aurrera sekulako hedapena izan zuen shaka keinuak. Beste teoria batek dio keinua oso ohikoa zela balea-ehiztarien artean. Keinu horrekin balea baten isatsa irudikatzen zuten eta balea bat harrapatzen zuten bakoitzean elkarri zoriontzeko shaka keinua egiten zuten arrantzaleek. Surflarien artean Esanahi desberdin asko ditu surflarien artean shaka keinuak. Ameriketako Estatu Batuetako surflariek ezarritako izenez ezagunagoa da munduko surf komunitatean; hau da, hang loose. Gainera, izen bereko surf arropa marka ezagun bat ere bada Brasilen, goi mailako surf txapelketak antolatzen dituena. Norbait agurtzeko, eskerrak emateko, oniritzia emateko zein beste hainbat adierazpenetarako erabiltzen dute surflariek shaka keinua. Batzuentzat bakearen ikurra ere bada, eta beste batzuek lasaitasuna adierazteko erabiltzen dute. Esanahi asko ditu, beraz, ikur berberak. Shaka ikurrak “w” letrarekin duen antzekotasunak ere teoria desberdinak sortu ditu. Batzuek, shaka ikurrak wave esan nahi duela diote, alegia, olatua. Beste batzuek, ostera, wet esan nahi duela diote, alegia, bustia edo hezea. Azken teoria honek badu azalpen bat. Izan ere, leku askotan surf egiteko autoan joan behar izaten da. Hawaiin, esaterako, surflariak etengabe gurutzatzen dira autoan doazen beste lagun surflariekin, eta shaka keinua eginez bustita dauden edo ez esan dezakete. Alegia, bustita edo heze baldin badaude, surf egiten izan direlako da, eta ondorioz olatuak daude. Surflari batzuek, berriz, shaka keinua eskua alboetara mugituz egiten dute. Ingelesez mugimendua adierazteko erabiltzen den hitza antzezten dute horrela; hau da, shaken, gerria mugituz dantza egiteko modua ere adierazten duena. Modu horretan, olatuak badaudela irudikatzen dute, alegia, mugimendua badagoela. HAINBAT ESANAHI Txinan adibidez, 6 zenbakia irudikatzen du. Errusian, berriz, garagardo bat hartzeko gonbita esan nahi du, eta Karibeko uharte batzuetan sexu harremana adieraz dezake. JATORRI EZEZAGUNA Surflariek erabiltzen duten keinuak Hawaiiko kulturan ditu sustraiak, nahiz eta egiazko jatorria ezezaguna den