15 AVR. 2020 BOOKTEGI: LITERATURA, EUSKARAZ ETA LIBRE «Guztion liburuak, guztiontzat» lelopean orain hiru urte ekin zion bideari Booktegi liburutegi digitalak. Literatura, solasaldiak zein elkarrizketak, dena, euskaraz argitaratua dago. Titulu gehienak, gainera, ez dira paperean existitzen, eta haien deskarga doakoa da. Oihane LARRETXEA Euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea da Booktegi-ren helburu nagusia eta kezka horrek eraginda jaio zen proiektua orain justu hiru urte. Hitz gutxitan azaldu beharko balitz, Booktegi liburutegi digital bat da, baina bere apalategi birtualetan liburuak ez ezik, audioliburuak, solasaldiak, elkarrizketak eta beste eduki batzuk daude txukun-txukun antolatuta. Baditu egitasmoari izaera berezi bat ematen dioten beste ezaugarri batzuk: euskarazko edukien itsaso zabal honetan ez da xentimorik behar bertan eskaintzen den ezer kontsumitu ahal izateko eta nork bere sorkuntza literarioa digitalki argitaratu ahal izateko ez du ezer ordaindu behar. Era berean, argitaratzeagatik egileak ez du ezer kobratzen. Kultura, libre eta doakoa. «Gure leloa ‘Guztion liburuak, guztiontzat’, da», dio Aritz Branton egitasmoaren sustatzaile nagusiak. Zentzu zabalenean ulertzeko esamoldea da. «Proiektu anitza eta zabala da, gure egileen artean badaude ezagunak eta oso ezagunak, baina neurri berean dute kabida ezezagunek. Beraz, gure asmoa ez da argitaletxeekin lehia egitea, baizik laguntza ematea eta jendea animatzea bai irakurtzera eta bai idaztera». Diagnosi baten ondotik sortu zen proiektua. «Euskararen erabilerak kezkatzen gintuen eta, marko horretan, bi gabezia ikusi genituen: batetik, liburu elektronikoa oso gutxi erabiltzen zela euskaraz irakurtzeko eta, bestetik, kalitatezko liburu asko hor nonbait gelditzen zirela ahaztuta, apalategietan. Eta batzuk ez zirela argitaratzen horrek ekartzen dituen kostuengatik, besteak beste. Hori dena ulergarria dela iritzita, hortxe ikusi genuen aukera bat». Ibilbideari ekin zionean, Lakuak sortutako eLiburutegiak ere eskaintzen zuen euskarazko liburu elektronikoak dohainik irakurtzeko aukera. Halere, bi gauza ezberdin direla uste du Brantonek. Kultura Sailarenak liburuak soilik eskaintzen ditu; Booktegik, aldiz, formatu aldetik aukera gehiago ditu. Ez hori bakarrik. «eLiburutegian dauden liburuak lehenago paperean ere atera dira; gure kasuan, ordea, badaude paperean inoiz plazaratu ez diren lanak. Esaterako, Harkaitz Canoren ‘Azken aurreko manifestua’. Maisulan bat da eta Booktegi-n bakarrik dago», dio. Liburu zaharren berreskurapena ere egin dute, Anjel Lertxundiren lehen ipuin liburua kasu. «Oker ez banago 1968an sortu zuen eta, noski, agortuta dago. Liburu hori bai Euskal Filologia ikasten dutenentzat, bai irakurzaleentzat berreskuratu genuen Inazio Mujikak egindako hitzaurre ederrarekin», azaldu du. Hau da, hain zuzen, beste bereizgarri bat: lan gehienak digitalean bakarrik daude eta irakurgai dauden 200 izenburuetatik (liburuak soilik aintzat hartuta) gutxi batzuek baino ez dute paperezko bertsioa. «Beraz, bai, izan daiteke aukera bat erabat berriak diren tituluetara ailegatzeko. Honek, era berean, ematen digu parada ezezagunak zaizkigun egileak ezagutzeko». Zentzu honetan, uste du talentu asko dagoela bere lanari irtenbiderik emateko modurik ikusten ez duena eta, aldi berean, irakurleari gerturatzea merezi duena. «Uste dut zerbait idaztea, kalitatezkoa, eta ez partekatu ahal izatea frustrantea eta tristea dela. Kemen horri eta nahi horri irtenbidea eman nahi diogu». Edukien familia handitzen Proiektuak garapena izan du hiru urte hauetan, bereziki bi esparrutan: liburuekin bakarrik hasi bazen ere, horri erantsi zaizkiola apurka bideoak, emanaldiak zein liburuen aurkezpenak eta audioliburuen atala; gaur egun 80 inguru daude. Sektore horrek oso aukera polita eskaintzen duela dio Brantonek, oraindik euskaraz asko baitago egiteko, alegia, audioliburuak garatzea. Pixkanaka familia handitzen doaz eta nabaritu dute gero eta erabiltzaile gehiago gerturatu direla beraiengana. Bisita eta deskarga kopuruan atzeman dute. Epe laburrean badituzte martxan jarri nahi dituzten berritasunak, besteak beste, etxeko «txiki-txikientzat» izango den “Eguzki lore” atala. «Oraindik irakurtzen ez dakitenentzat txoko bat egin nahi genuen, irakurri egin behar zaie ume hauei, eta hori izan daiteke ariketa polita zaletasun hori pizten joateko. Gurasoek, izebek, osabek… irakurtzeko aukera izango dute eta txikiek entzutekoa. Liburu bakoitza aterako dugu ilustrazio berriekin eta audio zein bideoekin. Oso gauza politak egiten ahaleginduko gara», aurreratu du. Dena ondo bidean, udazkenerako prest izango dute. Aurrenekoz ere Booktegik enkarguz egindako liburuak/ipuinak eskainiko ditu. Lau idazleri proposatu die ipuinak idaztea eta ipuingintzaz Iban Zalduak hausnarketa egingo du. Hau guztia ziur aski uztailean plazaratuko dute. «Booktegin soilik egongo dira irakurgai. Hasi gara sortzen, sormenean sartzen… –dio– gero eta gauza erakargarriagoak eskaintzeko asmoarekin». Brantonek lau gomendiorekin amaitu nahi du solasaldia. Katixa Agirreren “Festa gonbidatuak”, aipatutako Harkaitz Canoren “Azken aurreko manifestua”, irakurle gazteentzat Jack Londonen “Oihanaren deia” klasikoa eta “Zuhaitzak landatzen zituen gizona”, Iñigo Aranberrik 25 minutuz narratzen duen audio liburua.