23 AVR. 2020 JOPUNTUA Konfinamendua arintzeko aplikazioa Iratxe Esnaola Hezkuntzan doktorea Konfinamendua arinduko duten neurrien artean, smartphoneetarako aplikazio bat aurreikusten da herrialde askotan. Espainiar eta frantziar estatuetan ere bai. Eta non dago berritasuna? Orain arte osasun sistemak ahozko elkarrizketen bidez lortzen zuen infektatua zegoen pertsonarekin kontaktuan egon ahal izan zirenen zerrenda. Orain teknologia erabili nahi da horretarako: konfinamendua arintzeko garairako, pertsonen arteko kontaktua edo gertutasuna kontrolatuko duten aplikazioak etorri ahal dira. Honek guztiak, noski, pribatutasuna zaintzearen beharra eztabaidaren erdigunean kokatu du. Eta bide ezberdinak lantzen ari dira. Batetik, Google eta Apple batu dira. ACLU erakundeak, 1920an AEBetako herritar guztien eskubide eta askatasunak defendatzeko sortu zenak, pribatutasuna zaintzeko hartu dituzten neurriak oraindik aski ez direla dio. Bitartean, Europan, zientzialari eta teknologo talde bat estandar bat sortu nahian dabil, PePP-PT deitu dutena (Pan-European Privacy-Preserving Proximity Tracing). Ikusi beharko da zein den azken emaitza. Espainiar eta frantziar estatuek, beste batzuen artean, estandar hori aplikatuko dutela adierazi dute jada. Funtsean, honela funtziona dezake: gure mugikorrak kode bat banatuko du, inguruan detektatzen dituen mugikorretara; eta lotura horiek guztiak gorde egingo dira; positibo berri bat dagoen unean, pertsona horren mugikorrak kodea norekin banatu duen aztertuko da, kutsatuak izan ahal direlakoan. Horregatik, eraginkorra izateko, aplikazioa jendartearen gehiengoak erabili behar du. Eta badakigu aplikazio horrek berak bakarrik ez duela pandemia geldituko, pribatutasunari uko egiteak soilik bizitzarik salbatuko ez duen bezala. Telefonoak jarraitzeak ez du ezertarako balioko, gertu egon diren horiei testak egiten ez bazaizkie. Honek guztiak jendartearen konfiantza eskatzen du: erabakiak hartzeko gaitasuna dugun herritar digital gisa, pribatutasuna zaintzea, erabilera hautazkoa eta tenporala izatea eta datuak modu deszentralizatuan gordetzea exijitu behar dugu. Badakigu aplikazio horrek berak bakarrik ez duela pandemia geldituko, pribatutasunari uko egiteak soilik bizitzarik salbatuko ez duen bezala