24 AVR. 2020 REAL Denboraldi «gogorra» baina «irakasgaiz betea» Quiñonesentzat Amaia U. LASAGABASTER Hilabete gazi-gozoak bizi izan ditu Mariasun Quiñonesek. Kopa irabaziz –finaleko jokalari onena izendatuta– eta Munduko Txapelketan estreinatuz eman zion hasiera udari, baina oporretatik bueltan eskumuturreko lesioa eta ibilbide gorabeheratsua etorri zitzaizkion, gaur egun guztiok bizitzen ari garen egoera zailera heldu arte. Baina esperientzia guztiek «ikasteko» balio dutela azpimarratu zuen Realeko atezainak, etxetik eskainitako prentsaurrekoan. Kopako eta Superkopako finalak eredutzat hartuz, «egoera guztietatik ikasi behar» dela adierazi zuen. «Azken urte honetan bi final jokatu ditugu, biak geratu zaizkigu grabatuta arrazoi desberdinengatik eta bietatik alde positiboa ateratzeko gai izan behar gara: bi final jokatu ahal izan dugula jakin, biak prestatu ditugula, bietara heltzeko lan gogorra egin dugula, esperientzia hainbat pertsonarekin konpartitu dugula… Uneak, mingarriak zein pozgarriak, aprobetxatu behar dira. Eta aurrera jarraitu, mina poztasuna bilakatu ahal izateko». Antzeko filosofiarekin aztertu zuen denboraldia, bere kasuan lesio batekin hasi arren. «Zaila egin zitzaidan, aurretik ez nuelako inoiz lesio larririk izan eta gainera, atezainentzat leku espezifikoenean izan zelako, mina inoiz joango ez dela pentsatzen duzulako...». Baina «lesio bati sakrifizio, ahalegin eta jarraitutasunarekin aurre egiten zaiola ikasi dut». Baita gauza batzuk ezin direla kontrolatu ere, alegia lesio bat; baina kontrolatu dezakegula, ordea, «zer jarrerarekin hartzen ditugun pasatzen zaizkigun gauzak». Diskurtsoa antzekoa da Adriana Nanclaresen eta Elene Leteren lehiari buruz aritzean. «Maila handiko gazteak direla erakutsi dute. Gazteak dira eta konfiantza behar dute, baina hori urteek ematen dizute. Beraiengandik asko ikasten dut egunero, ilusioa, hazteko gogoa… Atea partekatzea? Eta pertsonalki eta profesionalki hazteko, gainerakoak eta inguruko pertsonak beren mailarik onenean aritzea behar dugu».