28 AVR. 2020 Entrevue NEREA MENDIZABAL PSIKOPEDAGOGOA ETA KOMUNIKAZIO EZ BORTITZEKO HEZITZAILEA «Gauza asko egin ditzakegu beldurrari entzunez, baina ez beldurretatik jokatuz» Psikopedagogo eta Komunikazio Ez Bortitzeko hezitzaile Nerea Mendizabalek eskarmentu handi du familia, haur eta nerabeen arteko harremanetan. Hitzaldiak eta formakuntza saioak egiteaz gain, «Elkarrekin hazi» liburua kaleratu berri du. Ainara LERTXUNDI DONOSTIA Hezitzailea eta psikopedagogoa izateaz gain, Nerea Mendizabal Komunikazio Ez Bortitzean aditua da, Non Violent Communication zentroak ziurtatuta. Aitortzen duenez, eredu horrekin topo egiteak maite dituen pertsonekin eta bere buruarekin duen harremana goitik behera aldatu zion. Egunotan familien aldetik galdera asko jasotzen ari da; esaterako, nola eutsi pazientziari, zer egin mugekin salbuespen egoera honetan edo nola kudeatu emozioak. Osasun krisialdi honek pertsonen arteko harremanetan zer-nolako eragina izango duen galdetuta, «aukera berriak irekitzen» direla dio. «Orain besarkada hori modu fisiko batean ematerik ez dugunean, nola eman besarkada hori baina kontakturik gabe? Hori da dugun erronka». Bere hitzetan, «ez dugu zertan ihes egin. Bestea ez da etsai bat. Pena ematen dit beldurretik jokatzen dugunean, kalean ere bestea etsai gisa ikusiz. Eta ez, gizarte batean jarraitzen dugu eta gauza asko egin ditzakegu beldurrari entzunez baina ez beldurretatik jokatuz». Nola aplika dezakegu komunikazio ez-bortitzaren teoria egungo egoeran? Egoera honek gelditzera gonbidatzen gaitu, nahiz eta gero askok etxean daramagun martxarekin gelditzeko denbora askorik ez izan. Gelditzen garenean, aukeratu dezakegu kanpora edo barrura begira jartzea. Niretzat komunikazio ez-bortitza modelo gisa paregabea da, gure eta besteen barrura begiratu nahi badugu. Batetik, konektatzeko helburua duelako eta gure haitzulotik besteekin konektatu nahi badugu erreminta oso boteretsua da. Laguntzen digu ere gure arreta gizaki bezala ditugun beharretara bideratzen. Zer behar dut momentu honetan? Zeintzuk ditut aseta edo ase gabe eta zer egin dezaket behar horiek ekintza konkretuen bidez bideratzeko, nire bizitza politagoa izan dadin? Begirada momentu presentean jartzen digu komunikazio ez-bortitzak, orainean. Gatazkak ditudanean eta ez ditudanean erabil dezaket. Momentu honetarako altxor bat dela iruditzen zait. Nola eutsi pazientziari eta adierazteko modu egokiari? Lehenengo, zeure buruari baimendu pazientzia ez edukitzen eta ez gordetzen forma onak. Guraso bezala eta, oro har, ditugun rol desberdinetan gure itxaropenak eta exijentziak gorenean jartzen ditugu. Momentu hauetan buru-belarri egon gaitezke lehen bezala nola jarraitu –lanean lehenengo mailan jarraitzen, ama edo aita bezala ea nola egiten dudan ondo... daukagun gainkargarekin, kezkarekin eta ezintasunarekin geure buruari exijitzen diogu pazientzia izatea, haurrak entretenituta edukitzea, beraien arteko liskarrak ekidin behar izatea, seme-alabei eskolako lanak egiten laguntzea eta, gainera, horietan gogotsu aritzea lortu behar dut–. Etxean sartu ditugu eskolak, lantegiak, denbora librerako gimnasioak… eta hau guztia gobernatu nahian ibil gaitezke, deus ere pasako ez balitz bezala, aurretik genuen erritmoari eta mailari eutsi nahian. Egoera honetan, are eta indar handiagoarekin gure espektatibak autoexijentzia latz bat bihur ditzakegu, eta nire lehenbiziko gonbita hori baztertzea izango litzateke. Gure seme-alabentzat ama eta aitarik onenak gara, egiten duguna egiten dugula. Espektatibak moldatzeak lagundu gaitzake. Era berean, neure burua nola tratatu nahi dudan errebisatu dezaket, pazientzia galdu dudan egoera horietan, egin dudan horrekin harro ez nagoenean edo «ama/aita on» horretan irudikatzen ditudan bertute horietatik aritu ez naizenean. Neure burua epaitzen, zigortzen, errudun sentiarazten dut? Edo, egindakoa eginda ere, neure burua ulertzen, onartzen eta maitatzen dut? Nola azaldu pazientzia galdu duzula? Beste norbaiti nola azaldu baino lehen, nire barruan zer leku nola egin nahi diodan ikus dezaket. ‘Bai, gizakia naiz eta momentu honetan pazientzia galdu badut eta lekuz kanpo zegoena esan badut, nire ezintasun, estutasun, haserre edo beldurretik erreakzionatu duen pertsona bat izan naiz, niretzat garrantzitsua zen zerbait zaindu nahian nenbilelako eta ez dudalako jakin beste era batera egiten’. Nola interpretatu nahi dut gertatu zaidana? Nire mugekin nire burua ulertzeko gai banaiz, ondoren oso erraza izango da besteekin konpartitzea. Pazientzia eta forma onak galdu ditudanean, nirea ere aintzat hartzea, deskantsua... behar izan nezakeen eta, aldi berean, goxotasuna eta begirunea jarri nahi izango nuen pertsona bat izan naiz. Pazientzia galdu dudan une horretan ez dut jakin bi horiek uztartzen. Bestearekin –seme, alaba, bikotekidea edo bizi garen beste pertsona horrekin– hitz egiten dugunean, enpatiatik has gaitezke, berarentzat zer- nolako esperientzia izan den imajinatuz. Ondoren, gertatutakoaren inguruan nitaz deskubritu dudana partekatu dezaket eta nola zaindu dezakedan. Ez da erruduntasunetik ezagutzen dugun barkamena, baizik eta sentitzen ari naizena partekatzetik. Zer egin mugekin salbuespen egoera honetan? Eta gurasoak hainbeste kezkatzen dituzten pantailekin? Egoera berezi batean gaudenez, malgutasuna garrantzitsua dela esango nuke. Honek errebisio bat egitea eskatzen digu. Pantailen gaia aipatzen duzunez, egia da beti kezkatzen gaituen gai bat dela. Konfinamendua hasi baino lehenago ere gatazka iturri izan ohi zen. Orain, areagotu egin daiteke, zeren ematen du ezin dugula deus ere egin pantailarik gabe; lanerako, eskolarako, harremanak izateko, informatzeko, entretenitzeko… Umeentzat eta gazteentzat nahi duguna denok behar dugu, baita helduok ere. Ikusi nola gabiltzan! Guri ere kostatzen ari zaigun ikasgai bat da, modu kontziente eta zentzuzkoan erabiltzea. Ohartzen naiz pantailak egoera batzuetan gure salbamendua ere badirela. Kritikatu ditzaket eta horien inguruan beldurrak eta kezkak izan, eta, beraz, horiei arreta jartzea komenigarri ikusten dut, noski. Aldi berean, teknologia berrien ekarpena ezin dugu ukatu, gure zein gure seme-alaben beharrak asetzeko estrategia ditugulako. Balantzaren bi aldeak ditugu. Mugak kezkatzen eta arduratzen nauten alderditik jartzen baditut soilik, exijentziaren, kritikaren eta epaiketaren bidea hartzera eramango naute. Mugak ulermenetik ere jar ditzakegu eta hainbat kasutan pantailen osagarri modura beste gauza batzuk eskaini gure seme-alabei. Irmotasuna eta goxotasuna alderatuta mugak jar ditzakegu: «Bai, ondo pasatzen ari zara eta amorrua ematen dizu momentu honetan honi bukaera jartzea, ezta? Pantailarik gabeko uneak ere bizi nahi ditut eta, beraz, gaurkoz hemen utziko dugu. Zer egin dezakezu/gu dibertitzen jarraitzeko?». Eta, horrek gure seme-alabarengan izan dezakeen eragina barneratu dezakegu; hau da, «haserrerako eskubidea» aitor diezaiokegu. Sarritan, haurrari, muga jartzeaz gain, gu ulertzea eskatzen diogu, eta ez. Honekin guztiarekin senti dezakeen haserre, inpotentzia edo frustrazioa kanporatzea osasungarria da. Zer-nolako kezkak planteatzen ari zaizkizu familiak? Batetik, emozioak –gure eta besteen beldurrak, urduritasuna, haserreak...–nola kudeatu da gurasoengandik iristen zaidan kezketariko bat. Bestetik, gurasoak pazientzia agortu zaiela-eta ez dira gustura sentitzen. Geure buruarekiko ditugun espektatibak, berriro ere. Bat-batean irakasle bihurtu gara eta horrekin ere nahiko gaindituta ikusi ditut familia asko. Lehentasunak ezartzeko unea da; bizitzen ari garen momentu historiko honetan, helburu akademiko horiek non gelditzen diren pentsatu behar dugu. Eskolak eta irakasleek ere nahiko lan dute eta ahal duten hobekien egokitu nahian dabiltza. Honek guztiak ekonomian, osasunean, heriotzan… eragina izango duela barneratzen badugu, gure seme-alaben ikasketa prozesuan ere eragina izango duela aitortu behar dugu. Gai honekin erlaxatzeak lagunduko digu, egoera honetan programatutako helburu akademikoetara nola iritsi pentsatzea denon kontra joan baitaiteke. Gertatzen ari dena ikasgai ederra izan daiteke, hezkuntzak ere barnera dezakeena. Nola artatu nahi ditugu ikasleak, familiak, lankideak bizi-bizirik dagoen honekin guztiarekin? Hiru hilabete hauetan ikasgai askotan ikas dezaketena baino gauza gehiago ikas dezakete; honekin guztiarekin ikastea izan daiteke ikasgairik handiena. Zer-nolako eragina izango du honek guztiak gure arteko harremanetan? Nik uste dut gure arteko harremanak azken urteetan asko aldatu direla. Horrek ez du esan nahi hori txarra denik. Whatsapp eta teknologia berri hauek ez zeudenean modu batean harremantzen ginen eta orain beste batean. Koronabirusak distantzia fisikoa jarri digu. Aukera berriak irekitzen dira harremantzeko modu honetan; orain besarkada hori modu fisiko batean ematerik ez dugunean, nola eman besarkada hori baina kontakturik gabe? Hori da dugun erronka. Bestearekiko interesa eta afektua azaltzeko modua kontaktua, besarkada bada, orain besarkada hori ez badugu, nola besarka dezakegu begiradarekin, hitzekin edo keinu batekin. Beldurretik soilik abiatzen banaiz, ihes egiten dut –aurretik datorren pertsona hori arrisku bezala ikus dezaket-. Neurri batzuekin funtzionatzea eskatzen zaigu edo norberak bere segurtasunerako hartu nahi izan ditzake, primeran. Era berean, geure, besteen eta bizitzaren konfiantzan errotuta egin dezakegu. Ez dugu zertan ihes egin. Bestea ez da etsai bat. Pena ematen dit beldurretik jokatzen dugunean, kalean ere bestea etsai bezala ikusiz. Eta ez, gizarte batean jarraitzen dugu eta gauza asko egin ditzakegu beldurrari entzunez baina ez beldurretatik jokatuz. Beldur horretatik abiatuta, uler daiteke balkoietatik jendea iraintzen duten horien jokabidea? Hasieran komentatu dugunez, gelditzen garenean, begirada kanpoan jar dezakegu, bestea kritikatuz, edo barrura begira dezakegu. Gure haserreak eta ezinegonak kanpora begira jartzera eramaten gaitu eta balkoia aproposa da horretarako. Besteen portaera kritikatzea edo epaitzea gure bizitzan ohiko zerbait da; are gehiago, mundu mailako kirola dela esango nuke. Balkoietan egiten ari den hori, denok gure bizitzan egiten dugun zerbait da; gure seme-alabekin, gure bikotekidearekin, politikariekin… Balkoian zelatan ari den pertsona hori bezala jar gaitezke, balkoian dagoenaren jokabidea epaitzen dugunean. Neu ari naiz balkoiko hori kritikatzen eta epaitzen; balkoikoa egiten ari den gauza bera egiten, paradoxa. Aukera aproposa da kexatzen eta kritikatzen ikusten naizenean, egoera honetatik zer ikasi nahi dudan hausnartzea. Nire barruko balkoira sar naiteke. Ikasi nahi dudan horrek lagunduko nau orain, baina baita etorkizunean ere. Ez naiz ausartzen gizarteak zer-nolako ibilbidea egingo duen aurreikusten, baina pertsonalki asko egin dezakegula iruditzen zait, norbanakoaren eboluzioan gehiago sinisten baitut. BALKOIA«Gure haserreak eta ezinegonak eramaten gaitu kanpora begira jartzera eta balkoia aproposa da horretarako. Besteen portaera kritikatzea edo epaitzea gure bizitzan ohiko zerbait da; are gehiago, mundu mailako kirola dela esango nuke» IKASTURTEA«Gertatzen ari dena ikasgai ederra izan daiteke, hezkuntzak ere barnera dezakeena. Hilabete hauetan ikasgai askotan ikas dezaketena baino gauza gehiago ikas dezakete»